iruñea - Bilintx, Pello Errota, Lasarte, Xalbador, Lazkao Txiki... Hauek eta beste hainbat bertsolari, hogeita bat denetara, elkarrizketan jarri ditu Koldo Izagirre idazleak bere azken lanean, Bertsoaren harria. Bertsolariak baino, hauen harrizko irudiak, burdina edo brontzea ere izan litezkeen harriak, izan dira biziberritu dituenak. Lankuk argitaratutako lan honetan, egileak narrazioa, bertsoa eta argazkia uztartu ditu, zati guztiak fikzioaren hariarekin josiz.

“Narrazioa izan da, kasu honetan, idazlearen ausardia”, aitortu zuen atzo Izagirrek berak, Iruñeko Karrikiri dendan eskainitako aurkezpenean. Azaldu zuen moduan, liburu honetan ahots nagusia ez da egilearena, bertsolariena baizik: “Zenbat bertsolari, hainbat narratzaile”. Berak egindako bertsolarien eskulturen argazkiekin batera, bertsoak ere berreskuratu ditu Izagirrek 316 orrialde dituen liburu mardulean. “Oso gauza logikoa izan zen nik argazkitan ateratako harrizko bertsolari horiek hizketan jartzea”.

Horretarako, alta, Iñaki Murua bertsolari eta Bertsozale Elkarteko lehendakari ohiaren laguntza ere izan du. Muruak atzo argitu moduan, bertsoen jatorrizko kutsua mantentzea izan da bere helburua, hauen “grazia eta bapatekotasuna” errespetatuz. “Bertsoa ezinbestekoa nuen, begi bistakoa da” argitzen du egileak liburuaren hitzaurrean. “Batzuetan bertsoak sorrarazi dit narrazioa, eta beste batzuetan kontatutakoa izan da bertsoa eskatu didana. Hau ez duzu antologia bat beraz, bertsoaren eta bertsolaritzaren zati anitzez egindako saioa baizik, hitzak bertsolaritzan duen adieran”.

Liburuaren hirugarren osagarria argazkia izan da. “Artelan hauetaz ikusten ditugun argazkiak, oro har, informatiboak dira”, azaltzen du egileak liburuan. “Mustu zireneko ekitaldietakoak, turistikoak ere bai. Tratu originalago bat eman nahi izan diet harri guztiei, bertsolariak miresten dituenaren berotasunarekin eta harriak landu zituzten artisten begirunez”. Argazki guztiak, 2018 eta 2019 artean egin zituen Izagirrek. “Bertsolariek merezi izan dituzten eskulturak figuratiboak izan dira guztiz gehienak, eta bertsolariaren itxura fisikoa dute abiapuntu”.

Transmisiorako baliagarri Marta Agirrezabala Lanku Bertso Zerbitzuko kidea arduratu da liburuaren koordinazioaz. Aurkezpenean onartu zuen bezala, hasieran ez zuten argi ikusi Izagirreren lanak kabida izango ote zuen, baina Izagirrerekin egon ondoren aurrera egitea erabaki zuten. Izan ere, bere modura arte liburu bat bezala ere ulertu daitekeenak “ekarpena egiten dio bertsolaritzaren transmisioari”. “Ikuspuntu berria duen liburu bakana da”, azaldu zuen Agirrezabalak, “eta edizio berezia du”.

Halaber, Bertsoaren harria baliagarria suertatu daiteke Bertso Eskoletan ere. “Euskal Herriko ondarea deskubritzeko modu ederra” ere eskaintzen du, “bertsolaritzaren ikuspegitik”.

Bertsoaren harria Lankuren webgunean bertan erosi daiteke (www.lanku.eus), baita ohiko liburu-dendetan ere, 22 eurotan.