‘Domingo Garat’ pastorala gaur estrenatuko dute pagolarrek

Abuztuaren 4ean Pagolan eskainiko dute beste emanaldi bat eta 31n, Saran

09.02.2020 | 21:48
Pagolarrek aurtengo pastorala prestatzeko mustrakak egin dituzte larunbatero, sei hilabetez. Argazkiak: N.G.

Euskal Herriko lurralde txikienean maskaradak nagusitzen dira neguan eta udan pastorala, erdi arotik datorren euskal antzerki nazionala hain zuzen. Duela 37 urte bezala, aurtengoa Pagolarren esku egonen da. Domingo Garat lege gizonaren bizia du oinarri Frantxoa Caset pagolarrak idatzi duen pastorala. Junes Casenave eta Jean Louis Davant bi adituen aholkuak izan ditu horretarako. "Domingo Garat eta bere anaia Josep abokatuak ziren Frantziako iraultzaren garaian, euskal gaietan adituak. Euskal Herriko ordezkariak izan ziren Parisen. Josep izan zen ezagunena baina Domingo nahiago izan dut aipatu Euskal Herrira itzuli baitzen eta Uztari-tzeko alkatea eta idazlea izan zelako, besteak beste" azpi marratzen du Casetek. Garai horretan Euskal Herritik lau mila lagun Landetara deportatu zituela Frantziak gogoratuko dute, mila bertan hil ziren. Ipar Euskal Herrian oldartzeak izan ziren baina ez zuten aldaketarik ekarri eta ordu arte euskal lurraldeek zeuzkaten berezitasunak ezabatu zituzten betirako. Bidasoa ibaia iparraldeko euskaldunak biarnesekin elkartu zituzten bortxaz Pirineo Beherak departamenduan eta lurralde horren hiriburua Pauen kokatu zuten, Biarnoan.

Pastoralak 22 jelkaldi ditu, hamahiru abesti, hiru guduka, eta bi dantza emanaldi; eta orotara hiru ordu eta laurden irauten du. Gaur eta abuztuaren 4ean Pagolan bertan eskainiko dute eta abuztuaren 31an Sarako pilota plaza berrian. Hiru emanaldiak 15.30tan hasiko dira.

Giro berria. Pagolan ez dute sekulan maskaradarik egin eta azken pastorala, Pette Basabürü, duela ia lau hamarkada eskaini zuten. Aurtengo pastorala prestatzeko mustrakak egin dituzte larunbat gauero, sei hilabetez.

"Herriaren elgarretaratzea gauza baliosa da. Hasieratik baietz erran dute denek eta ehun bat lagun daude taulen gainean beste hainbeste lanean dabiltzalarik atzean jan-tziak josten edo azpiegitura prestatzen" dio Casetek, hunkituta erdi negarrez. Pastoralzale amorratua da trajeriak ttiki ttikitik segitzen baititu. "Behin ere ez dut huts egin" bota du orain irriarekin ezpainetan.

Melodiak berak asmatu ditu eta Sophie Larrandaburuk landu eta moldatu ditu hiru edo lau bozetan kantatu ahal izateko. Jean Fabien Lexardoi barkoxtarra da errejenta edo taula zuzendaria, Jakes eta Pette Jaragoihen Altzürüküko aita semeak izan direlarik dantza irakasleak.

Herri berezia. Pagola herri berezia da udalerriaren erdia Zuberoan baitago eta bestea Baxenabarren. "Segur dena da Euskal Herrian dagoela, hori segur! Errekaren eskuin aldea Nafarroa Behera da eta ezker aldea Zuberoa. Nahasketa aberasgarria daukagu hemen baina kultur mailan Zuberokoa nagusi da, aise!" dio Casetek.

Kultur ekarpena izateaz gain pastoralek sozial mailean ere eragiten dute Zuberoan zahartzen eta biztanleak galtzen segitzen dute eta. Azken bost urteetan 250 biztanle pasa galdu ditu lurraldeak eta gaur egun, hamahiru mila lagun baizik ez dira bizi Basabürüa eta Pettarra eskualdeetan. Dena den, bizitasun handia erakusten dute zuberotarrek. Ezpartingintza eta nekazari-tzaz gain aeronautika sailean sartu dira buru belarri hainbat enpresari. Mota guztietako ekimen asko egiten dute urte osoan herrian bizi eta lan egiteko, eta horren oihar-tzuna zabaltzen du egunero mundo osora Xiberoko Botza eskualdeko euskarazko irratiak. Igandean arreta berezia eskainiko die egun osoan Pagolan izango diren ospakizunei.