GASTEIZ. Iaz, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegiek 2.623.361 liburu utzi zituen, horietako 57.189 liburu digitalak, eLiburutegiari esker. Sarea Euskal Autonomia Erkidegoko 300 liburutegi baino gehiagok osatzen dute, eta utzitako liburuen zifrak nabarmen egin du gora.

Aurreko urtean baino 11.727 liburu digital gehiago utzi ziren maileguan (% 25 gehiago) eta 17.000 liburu gehiago paperean (% 0,65). Era berean, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak 41.127 erabiltzaile gehiago izan zituen 2018an, eta 997.382 erabiltzaile zituela amaitu zuen urtea (EAEko bi biztanletatik bat, ia-ia); horietatik 29.134 eLiburutegiaren erabiltzaileak ere badira (2018an 7.000 irabazi zituen eLiburutegiak).

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea batez ere Euskadiko udal-liburutegiek osatzen dute, nahiz eta zerbitzu horretan integratuta badauden udal-titularitatekoak ez direnak ere (Eusko Jaurlaritza, Artxibo Historikoa, HABE, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa, Zarauzko Photomuseuma?). Une honetan 205 udalerritan kokatutako 300 liburutegi baino gehiagok osatzen dute. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea osatzen duten liburutegiek 2018an beste 120.574 titulu izan zituzten, eta, ondorioz, katalogoan 1.195.780 titulu dituzte. Halaber, Sare horretako liburutegiek urte amaieran 6.648.491 ale zituzten, aurreko urtean baino 275.156 gehiago. Kontuan hartuta liburutegi horiek sarean funtzionatzen dutela eta erabiltzaileek katalogo bateratu bateko titulu guztiak eskuratu ditzaketela, 2018an 96.559 liburu bidali ziren liburutegi batetik bestera, aurreko urtean baino 10.000 gehiago.

Gehien mailegatutakoak

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea osatzen duten liburutegietan 2018an maileguan gehien hartu ziren liburuak honakoak izan ziren:

Euskaraz:

  1. Jenis Joplin ? Uxue Alberdi (1.091 aldiz mailegatu zen 2018an).
  2. Bihotz handiegia ? Eider Rodriguez (939).
  3. Nola heldu naiz ni honaino ? Kattalin Miner (580).

Gaztelaniaz:

  1. Los ritos del agua ? Eva García Sáenz de Urturi (2.703).
  2. Todo esto te daré ? Dolores Redondo (2.646).
  3. El silencio de la ciudad blanca ? Eva García Sáenz de Urturi (2.594).

Haurrentzako liburuak euskaraz:

  1. Norberaren atean sartutako zazpi golen misterioa (692).
  2. Hauxe besterik ez nuen behar ? Jeff Kinney (579).
  3. Egun zakurrak ? Jeff Kinney (570)

Haurrentzako liburuak gaztelaniaz:

  1. Nabuto ? Masashi Kishimoto (1.621).
  2. Dragonball ? Akira Toriyama (1.546).
  3. Juega y aprende con Mickey (1.191).

Bestalde, ikus-entzunezko edukiei dagokienez, honakoak izan ziren iaz gehien mailegatutako hiru filmak: El Bar, Alex de la Iglesiarena (526); El Autor, Manuel Martínena (407); eta El Guardián Invisible, Fernando Gonzálezena (401). Maileguan gehien hartutako euskarazko filma Handia izan zen, Aitor Arregi eta Jon Garañorena (145 aldiz). Haurrentzako euskarazko ikus-entzunezkoen kasuan, honakoak izan ziren gehien mailegatutakoak: Txirri, Mirri eta Txiribitonen Triki, Traka, Tron (1.680); Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Amalur (630); eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Sentitu, Pentsatu, Ekin (599). Gehien mailegatutako haurrentzako gaztelaniazko ikus-entzunezkoa, berriz, Érase una vez el cuerpo humano 02 izan zen (543).

Azkenik, honakoak izan ziren gehien mailegatutako diskoak: Berri Txarrak taldearen Infrasoinuak (73); Mikel Laboa 1934-2008 (59); Gatiburen Aske maitte, aske bizi (43); Vetusta Morlaren Mismo sitio distinto lugar (41); eta Queen taldearen The platinum collection (40). Maileguan gehien hartutako haurrentzako diskoak izan ziren Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Tipi-tapa Korrika (170); Goazenen Berriz uda (141); eta Goazenen Ongi etorri Basakabira (117). Gehien mailegatutako haurrentzako gaztelaniazko diskoa Alvin y las ardillas izan zen (14).

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea

Sarean parte-hartzeak abantaila ugari eskaintzen dizkie erabiltzaileei:

  • Erabiltzaile-txartel bakarra eta doakoa izatea liburutegietan banatuta dauden funts guztietarako (liburutegi batean izenburu bat eskuratu ezin bada, beste batera eskatzen da).
  • Katalogo kolektibo bakarra izatea, liburutegi guztietako funts edo bilduma guztietako informazioa biltzen duena.
  • eLiburutegia erabiltzeko aukera: Estatuko liburutegi digitalik handiena da, eta 17.000 liburu baino gehiago, 15.000 filma eta Daisy formatuan 600 audioliburu ditu.

Horrez gainera, Sarean parte hartzeak abantaila ugari ditu parte hartzen duten udalerrientzat. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hiru dirulaguntza lerrotara aurkezteko aukera ematen die liburutegi horiei (funtsak erosteko, teknologia berrietarako eta irakurketa sustatzeko jarduerak bultzatzeko), eta, horrez gainera, Jaurlaritzak sustatzen dituen prestakuntza-programetan liburutegi horietako langileek parte har dezakete eta, bestalde, laguntza teknikoa eta mantentze-lanak Eusko Jaurlaritzaren kargura izaten dira.

eLiburutegiko maileguak

eLiburutegiak 29.134 erabiltzaile izan zituen 2018an, eta guztira 57.180 mailegu egin zituen, aurreko urtean baino 11.724 gehiago (% 25,6). Iazko urtean gehien eskatutako hiru argitalpenak izan ziren Jon Arretxeren 19 Kamera; Jasone Osororen Ezekiel; eta, hirugarrenez, Fernando Arambururen Patria. eLiburutegiak eskainitako filmei dagokienez, honakoak izan ziren gehien eskatu zirenak: Asier Altunak zuzendutako Amama; Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Loreak; eta, hirugarrenez, Max Lang eta Jakob Schuhyren animazioko El Grúfalo filma.

2019ko lehenengo seihilekoan eLiburutegiak beste 3.162 erabiltzaile irabazi ditu, eta jada 32.899 ditu. 2019 honetan gehien eskatu diren argitalpenak izan dira John Anduezaren Larunbatean Bukowskin; Maria Dueñasen Las hijas del Capitán; eta Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa. Aurten orain arte eskaerarik handiena izan duten 20 maileguetatik hamar euskarazko argitalpenak dira eta beste hamar gaztelaniazkoak.