donostia - Erabakita dago. Aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan Donostiako finalean lehian arituko diren zortzi bertsolariak hauek izango dira: Beñat Gaztelumendi Arandia (506 puntu), Agin Laburu Rezola (501 puntu), Alaia Martin Etxebeste (493,5 puntu), Ane Labaka Mayoz (472,50 puntu), Beñat Lizaso Alberdi(469,50 puntu), Jon Maia Soria (494,50 puntu), Nerea Elustondo Plazaola (467 puntu) eta Oihana Iguaran Barandiaran (471 puntu).

Hartaz, 2019ko txapelketa parekidea izango da. Lau emakume eta lau gizon igoko dira oholtzara bi aste barru.

Atzo Usabal kiroldegian izan zen azken finalaurrekoan Jon Maia suertatu zen irabazle, 494,5 puntu lortu ondoren.

Hiru finalaurrekotan zuzenean sailkatu diren bertsolariak Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi eta Joan Maia izan dira eta beste bostak puntuazioz lortu dute finalerako sailkapena.

18 bertsolari izan dira guztira lehian Arrasate, Oiartzun eta Tolosan izandako finalaurrekoetan. Saio baikotzeko irabazleak zuzenean lor-tzen zuen finalerako txartela.

Finaleko zortzikotea kantuan ikusteko aukera abenduak 14an 17.00etan izango dute Donostiako Arenan izango den saiorako sarrerak lor-tzen dituztenek. Dagoeneko, txartelak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Atzoko saioan, Jon Maiaz gain Beñat Lizaso, Hariz Mujika, Iban Urdangarin, Jokin Uranga eta Ohiana Iguaran aritu ziren kantuan eta aurkezle lanak Saroi Jauregik egin zituen.

Atzokoan Tolosan duela lau urte finalera iritsi ziren bi bertsolari aritu ziren: Joan Maia eta Oihana Iguaran, eta biak egongo dira berriro Donostiako finalean.

Saioaren bezperan Maiak azaldu zuenez aurten lasaitasun handiz ari da kantuan. Jarrera horren ondorioz atzo Tolosan zuzeneko sailkapena lortu zuen Maiak, kartzelako gaian 108,50 puntu lortu eta finalaurrekoaren bukaeran 494,5 puntu batu zituen.

Atzo Iguaranek eta Lizasok ere sailkapena lortu zuten eta finaletik kanpo gelditu ziren Mujika, Uranga eta Urdangarin.