- Zailtasunak zailtasun, Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimenak bere finala ospatu ahal izan zuen joandako larunbatean. Lizarra Ikastolako aretoan jokatu zen saioa, giro beroan; aforoa mugatzeko neurrien ondorioz, 100 lagun bildu ziren ekitaldian. Berako Lamixene, Malerreka-Baztango Bertsonautak eta Leitzako Atekaberts komeni taldeak aritu ziren bertsotan eta, azkenean, Bertsonautak taldekoak izendatu zituzten txapeldun.

Urtarrilaren 31an abiatu zen 2020ko Bardoak. Tartean, hamar hilabete joan dira, eta ia zazpi hilabeteko etena, covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz. Azkenean, osasun prebentziorako neurri guztiak beteta, eta aforoa 100 lagunetara mugatuta, jokatu ahal izan zen taldekako txapelketako finala. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Lizarra Ikastolarekin eta Nafarroa Oinezekin elkarlanean antolatu zuen saioa, eta laguntzaile izan zituen ere Lizarrako Bertso Eskola eta Lizarrako Udala. Hiru talde izan ziren kantuan: Berako Lamixene, Malerreka-Baztango Bertsonautak eta Leitzako Atekaberts komeni. Azkenean, bi ordu pasako saioaren ostean, Bertsonautak izan ziren garaile.

Hasierako agurrek jarri zioten abiapuntua saioari. Musikak lagunduta, aurkezpenerako baliatu zuten taldeek agurra. Horren ostean, ofizioen txandari heldu zioten. Zortziko handian, Aitor Elexpuru eta Iker Gorosterrazu aritu ziren kantari, igandean Lizarran Nafarroa Oineza ospatu beharko litzatekela eta, arduratuta lehena, eta erabat ahaztua bigarrena. Zortziko txikian, bi birusen larrutan aritu ziren Alazne Untxalo eta Aitzol Eizmendi; gripe arruntaren birusa bata, eta koronabirusarena bestea. Seiko mo-tzean, Julen Zelaieta eta Miel Mari Elosegi "Luze" ibili ziren bertsotan, kontaktuak miatzen dituen Radar Covid aplikazioaren harira.

Hiruna punturi erantzun zioten gero Iker Gorosterrazuk, Xabat Illarregik eta Patxi Castillok. Ondoren, hurrenez hurren, poltsa beroari, festetako txanoari eta Korrikako petoari bertso bana kantatu zioten Julen Zelaietak, Alazne Untxalok eta Miel Mari Elosegi "Luze"-k. Horren ostean, koplen ariketan, kantuan aritu ziren Egoitz Gorosterrazu, Ekhiñe Zapiain eta Ane Intxausti. Aplikazio anonimo baten bitartez, hiruko sexuala egiteko gelditu ziren hirurak, eta agertu direnean ohartu ziren txikitako klasekideak direla.

'Bat, bi, hiru' jolasean, binaka aritu ziren hiru taldetako kideak, gai-jar-tzaileak emandako zerrendari, habanera doinuan puntuka, ahalik eta hitz gehien eransten. Zuhaitz motak bildu behar izan zituzten Lamixenekoek, etxeko tresnak Bertsonautek, eta koloreak Atekaberts Komenikoak. Ondoren, bakarka aritu ziren Alazne Untxalo, Xabat Illarregi eta Patxi Castillo, gaia emanda.

Hiruko ofizioan, haur jaioberri beraren beldurra, ilusioa eta harridura izan ziren, hurrenez hurren, Miel Mari Elosegi "Luze", Ekhiñe Zapiain eta Egoitz Gorosterrazu. Ostean, eta saio puntuagarriari amaiera emateko, puntuka aritu ziren hiru taldeak. Lamixene taldekoek, osasun neurrien ondorioz kontzertua eserita ikusi behar zuten heavy zaleak gorpuztu zituzten. Bertsonautak delitu baten errekonozimendu erronda baterako deitutako bolondresak izan ziren. Atekaberts komeni taldekoak, azkenik, igogailuan itxita gelditu diren bizilagunen paperetik aritu ziren.

Ariketa puntuagarri guztiak bukatuta jakinarazi zuten talde irabazlearen izena. Orduan izendatu zuten Bertsonautak taldea 2020ko Bardoetako txapeldun. Lizarrako Bertso Eskolako eta Nafarroako Bertsozale Elkarteko hainbat ordezkarik banatu zituzten sariak eta, horien ostean, bertsolari guztien azkeneko agurrekin bukatu zen saioa.