Memoria apetatsua omen da, subjektiboa, sentipenen argi-itzalez jositako labirinto baten modukoa. Haren joan-etorriko bidaia ongi atera dadin, ezinbestekoa da zintzotasun ariketa zorrotz bat egitea, bideko sasi eta adarrak baztertu eta esperientziatik zeozer bueltan ekarri ahal izateko. Horixe da hain zuzen Mikel Sotok (Iruñea, 1978) egin duena bere lehenengo poesia lanean. Suak pizten direnean, 90eko hamarkadara salto egin eta orduko euskal gatazkan murgiltzen den bilduma da. Poemaz poema, entzungo ditugu kale borrokaren oihartzunak, kartzelaratzeak, manifestazioak eta polizia sirenak, albistegietako titular hotzak eta iheslarien hutsuneak. Baina guzti horren gainetik, borroka horretan parte hartu zutenen sentipenak nagusituko dira. Bere beldur eta ausardietatik, sinesmen, pultsio eta idealetatik, belaunaldi oso baten barne-erretratua egiten du Sotok. Ez bakarrik borroka honetan parte hartu zutenena, edozein borrokaren samina sentitu duen ororena baizik.

Liburua irakurrita atzematen den gauzetako bat, idatzitakoak idazteko beharra zenuela da. Zerk eragindako beharra?

-Maila batean, liburu hau Mikel Gorosabel Norton (E.H. Sukarra) eta Asier Serranok eskatu zidaten kanta baterako letra batetik abiatzen da. Kantaren gaia, disko osoarena, beldurra zen. Horrelakorik egin gabe nengoen, baina beldurra pasa, pasa izan dut. Abestia idatzi ostean, idazten jarraitu nuen eta horrela sortu zen liburua.

Eta horrexegatik aukeratu zenuen poesia generoa?

-Gogoratzen dut kartzelan daukadan lagun batek nobela bat egingo nuela pentsatzen zuela esan zidala. Liburu hau idaztea izan den ariketa honen ondoren, argi ikusi dut poesia izan behar zuela. Nobela bat idazteko gai bat behar duzu, eta nik ez neukan gaia. Poesiak, bestalde, badauka gravitas moduko bat balio dizuna gai batzuetan oso sakon sar-tzeko, beste batzuetan anekdotetan gelditzeko… Ez dut imajinatzen nire ariketa beste era batean, egia esan. Gauzak ahalik eta zintzotasunik handienarekin kontatzea izan da nire helburua, eta horrek gauza gogorrak kontatzera eraman nau. Poesian posibleago sentitzen nuen hori. Liburuaren ariketa, garai horretan gertatutakoen inmersio lan bat da.

“Esanen dut hau poesia ez dela” izeneko liburuaren lehenengo atalean, lanaren zergatia azaltzen duzu. Gehien errepikatzen diren ideien artean, dikotomia bat sumatu dut: beldurra vs. balentria. Barne borroka hori eduki duzu zure barruan?

-Bi gauza nabarmenduko nituzke. Lehenengo atala, maila batean, poesia sozialari egiten zaion ohiko salaketa bati erantzuteko saiakera bada. Izan ere, poesia sozialaz esaten da fondoari formari baino garrantzia gehiago ematen zaiola. Zentzu horretan, konturatu naiz nik gero kontatu behar nituen gauza horietarako, azalpen horiek eman behar nituela. Gero, aipatzen duzun beldurraren kontuaren inguruan, asko idatzi da euskal literaturan gatazkari buruz baina oso gutxi hitz egin da ausardiaz eta koldarkeriaz; edo batez ere, koldarkeriaz. Beti eman dizkiogu buelta asko gatazkaren arrazoiei, baina inor gutxik hitz egin du ausardiaz edo ausardia faltaz. Eta egia da liburu honetan oso presente dagoela ideia hori, beharbada beldurraren ideiatik abiatu zelako. Idazten hasi nintzenean, oso presente egon ziren nik pasatako beldurrak, nola gainditu nituen, zeintzuk geratu zitzaizkidan edo zein ausardia maila konkistatu nuen.

Erran daiteke liburuaren atalak kasik modu kronologiko batean antolatuak daudela, bidaia moduko bat dela?

-Bai, esango nuke lehenengo eta azken partea orainaldian idatzita daudela, eta erdikoak flashback kronologiko modukoak direla. Flashback hori 90eko hamarkadan abiatzen da, 2002an kartzelaratua naizen unetik igaro eta 2004ean kaleratzen naizen arte iristen da.

Zure buruarentzat, zer nolakoa izan da bidaia hori egitea edo berregitea? Memoriaren kutxa irekitzerakoan sentimendu andana aterako ziren...

-Batzuetan gogorra izan da eta beste batzuetan oso transformatzailea. Nire bikotea eta idazlea ere baden Irati Jimenezek prozesu guztia bizi izan du eta batzuetan, eskafandran sartu eta garai horietara itzultzea bezalakoa zela esan zidan. Prozesu honetan, benetako ahalegin bat egin dut garai horietara itzultzeko eta sentimenduetan arakatzeko: beldurrra, ausardia… Ariketa zintzoa izatea nahi nuen eta, ideologiaren gainetik, sentimenduetan murgiltzea. Tarte batzuetan oso polita ere izan da. Ikustea 18 urtetako Mikel nerabea, bere ilusioak eta idealak oso sinpatikoa izan da.

Irakurlearen baitan, bidaia horren ondoren hainbat sentimendu gelditzen dira. Horietako batzuk, nolabaiteko malenkonia edo tristura, zerbait galdu izanaren sentsazioa… Badu zerbait horretatik?

-Seguraski izango du, halako ariketa batean pentsatzen dut ezinezkoa dela halakorik ez egotea. Baina ahalegin handia egin nahi nuen iragandako garaiak ez idealizatzen. Belaunaldi bakoitzak, azken batean, bere garaiak bizitzen ditu eta ez dira besteenak baino hobeak ala okerragoak. Norberarenak dira. Baina oso zaila da atzera begiratzea eta ez egotea malenkonia puntu hori. Baina ahalegina egin dut ez idealizatzen, bai belaunaldi hori konpartitu dutenekiko errespetuagatik, baita lan honek belaunaldi gazteei ere zerbait esatea nahi nuelako. Sorpresa izan da ikustea baietz, irakurle gazteei ere gustatu zaiela eta zerbait esan diela.

Bada beste mezu bat errepikatzen dena: “Egin behar genuena egin genuen”.

-Hala da. Ideologia bat geneukan eta ideia horiek zerbait egitea eskatzen zuten. Kordalkeria gainditzea, nire-tzat, egin beharrekoak zirela pentsa-tzen nituen gauza horietako batzuk egitea izan zen. Gauza batzuren ondorioak gerora ikusi dira.

Bukaeran hiltzatuta gelditzen den beste ideietako bat, kasik lezio bezala ulertzen dena: “Nire arimaren poza eta ederra zainduko ditut, zoriona aztura bihurtu arte”.

-Denborarekin konturatu naizen gauzetako bat, zoriontsu izateak kontzentrazio maila handi-handi bat eska-tzen duela da. Horren aldarrikapen bat ere bada. Despistatzen bazara, zure zoriontasuna galtzen duzu eta harekin zure arimaren parte bat. Orain, horrela esanda, pixkat klasikoa iruditzen zait pentsamendu hau... Gazte garaian, egia da denbora infinitua iruditzen zaizula, eta gero konturatzen zara gauza batzuk amaitzen direla. Bizitzaren aurrean erne egoten saia-tzearen ideia dago hor. Uste dut nik zoriontasunaren konkista bat lortu dudala denborarekin, eta konkista hori nire bizitzarekin guztiarekin defendatzeko dei bat da, ohar bat, etorkizuneko Mikel Sotorentzat.

Argi dago lan honek aitortza pertsonaletik aunitz duela, baina baita belaunaldi baten erretratutik ere, ezta?

-Bai, eta hori zen asmoa. Liburua ida-tzi nuenean eta beste inori erakutsi aurretik, garai hori nirekin bizitako hainbat lagunei utzi nien. Lagun horiek esan izan balute ez zutela bere burua islatuta ikusten ez nuke argitaratu izanen, baina guztiek esan zuten baietz. Historia hau nirea da baina ez dut kontatzen nirea delako, ez zait iruditzen nire bizitza ezer berezirik izan denik beste batzuenen aldean. Asmoa zen nirea kontatzea pixkat gehiago izateko. Lagunek baietz esan zuten, haien burua islatuta ikusten zutela, eta horrek animatu ninduen aurrera egitera. Gero, egia esan, irakurri duen beste jendearen artean ere erantzuna oso oso positiboa izan da.

Errelatoaren norgehiagokak bizi gaituen garaiotan, zein puntutaraino da garrantzitsua euskal gatazkaren inguruko literatura propio bat edukitzea?

-Uste dut inportantea dela. Errelato hori, ezinbestez, errelato desberdinez osatua egon behar dela uste dut. Niretzat garrantzitsua da errelato batek bestea ez ukatzea. Zentzu horretan iruditzen zait espainiar estatuak, dauzkan diru eta baliabide guztiekin, bultzatzen dituela hainbat produktu kultural batzuetan esperien-tzia erreal batetik gutxi daukatenak. Niretzat, hori bai da traumatikoa. Hemen dagoen eta, nolabait esateko, nirearen kontrakoa den esperientzia eduki duen norbaitek produktu kultural bat egiten badu, beti izango da onuragarria. Betiere, berak bizitako horretan sustraitzen bada. Baina kanpotik eta brotxa lodiarekin egindako errelato horiek desitxuraketa handia eragiten dute. Memoria, memoria da. Eta memoria desitxuratzen bada, gezur batean bilakatzen da. Kontuz ibilbi beharko ginateke horrekin. Hurrengo hauteskundetan bozkatzeko aukera izango duen gazte batek 10 urte besterik ez zeuzkan ETAk hiltzeari utzi zionean, pentsa... Niretzat, inportantea da gauzak egia izatea.

Zintzotasunaren garrantzia...

-Bai, idazten jarri nintzenean ez nekien poemak onak izango ziren. Idatzi nituen lehenengo hamar poemen artean daude liburuaren onenetariko batzuk, ez bakarrik nik uste dutelako, besteek esan didatelako ere. Fase aldaketa honek, egia zintzotasun berri batekin kontatu ahal izatea ahalbidetu du, nahiz eta oraindik ere estatu espainolean dauden iritzi delituengatik oraindik errepresio handia dagoen. Uste dut liburuak daukan zintzotasun handi hori igarri egiten dela, eta niretzat hori oso oso inportantea da. Pozten naiz, neurri batean bada ere, lortu izanaz.

Egilea. Mikel Soto Nolasco (Iruñea, 1978).

Argitaletxea.Elkar

Sinopsia. Urtetan editore lanetan aritu ondoren bere lehen poesia liburua idatzi du Mikel Sotok. Poemario ausart, zintzo eta emankorra, bere bizialdiko hainbat mugarri jorratzen dituena: kontzientzia politikoa piztea, gazte mugimenduan engaiatzea, poliziaren kontrako borroka, gezurretan oinarrituriko atxiloketa, tortura eta epaiketa… Aitortza pertsonala bezain jenerazionala, politikoa bezain literarioa.

“Liburu hau ariketa moduko bat izan da, ahalegin handia egin dut iragandako garaiak ez idealizatzen”

“Denborarekin ohartu naiz zoriontasunak kontzentrazio maila handia eskatzen duela”

“Liburu honek daukan zintzotasuna handia igartzen dela uste dut, niretzat garrantzitsua da”