Memoria ariketa bat bezala hasi zena liburuan bilakatu du Aritz Galarragak. Gogoan dut-en, desagertzear dagoen mundu bat iradokitzen eta berreskuratzen du egileak, denbora gelditu nahi izango balu bezala, garai horren erretratu subjektibo bat egin eta ahantzi nahi ez diren gauzen paretan zintzilikatu nahi izango balu bezala. 40 urteen krisialdia? Ez, hori baino gehiago, abiadura geldoagoan mugitzen zen garai baten inguruko dolua, belaunaldi zehatz batentzat ispilu ere izan daitekeena.

Liburua “mirari txiki bat” bezala definitu izan duzu. Zer dela eta?

-Prozesu teknikoa pixka bat luzatu da, hain zuzen pandemiaren arazoa dela eta. 2020an plazaratu behar ziren liburu asko eta asko bezala, 2021era atzeratu egin da hau ere. Ilusio berezia nuen 2020ko udazkenean ateratzeko, orduan bete bainituen 40 urte eta orduan gertatu zi-tzaitelako gertaera dramatiko bat. Baina tira, ezin izan zen hala izan eta oraindik ere 40 urte ditut, beraz alde horretatik ongi.

Noiz ekin zenion hasiera batean memoria ariketa soil bat izan behar zen honi?

-Duela uda pare bat izango zen, 2019an. Materiala pilatzea zen hasierako asmoa, ez nuen liburu formatuan plazaratzeko ideiarik buruan. Material biografikoa berreskuratzen hasi nintzen bestelako lanetan erabiltzeko, idazten ditudan zutabeetan adibidez, edo bestelako liburu batean baliatzeko akaso. Baina une batean, zerbait pasatzen ari zela ikusi nuen.

Zein unetan bilakatu zen liburu ariketa intimo bat zen hori?

-Hain zuzen ere ikusi nuenean bilaketa horrek, lanketa literario baten bitartez, izan zezakeela liburu forma. Ikusteak oroitzapenek elkar hitz egiten ziotela, nolabait, elkar tira egiten ziotela eta sortzen zela nolabaiteko narrazio bat horietako batzuen artean… Barne istorioak bazeudela ikusi nuen. Hori bai, ez nuen liburua ariketa soil bat bezala aurkeztu nahi, liburu bezala berezko balioa izan zezala nahi nuen. Literatura izenarekin ezagutzen dugun korronte horretan kokatu.

Literaturaren papera, kasu honetan, josketa hori egitearena izan da?

-Bai, hori da. Barne korrelazio horiek funtzionatzen ote zuten ikusteko ere balio izan du. Oroitzapenak memoriak bota dituen modura atera dira, filtrorik gabe, oroimenaren logika naturala errespetatuz. Momentu batzuetan, hala ere, literaturatasun hori bilatzeko indar berezia egin behar izan dut, nahiz eta oroitzapenak ahalik eta gutxien ikutzen saiatu naizen, liburuak memoriaren joera apetatsu, kapritxoso hori mantendu zezan.

Aukeraketa lan bat egonen da guzti honen atzean, ezinbertzean...

-Bai. Eta hori da lanketa literarioaren parte oso inportante bat. Adibidez, oroitzapen batzuk oso minak, edo oso gertukoak, edo oso zureak izan daitezke, hunkintzen zaituzten horietakoak; baina ez daukaen literaturan bilakatzeko behar dituzte elementurik, barne ekilibrio edo logikarik. Horregatik, oroitzapenetako batzuk baztertu behar izan ditut.

Memoria subjektiboa dela erraten da. Buruan duzun horretatik paperera eramaterakoan oroitzapen horiek aldatu egin direla nabaritu izan duzu?

-Bai. Eta horren inguruan ere ida-tzi dut liburuan, nola gauza batzuk aldatu, hobetu edo okertzen diren buruan dituzunetik paperera pasa-tzerainoko tarte horretan. Normalean, buruan dituzunean gauzak politagoak edo idealagoak dirudite. Idaztea bera gure burua ulertzeko modu bat izan daitekeela uste dut. Askotan, hobe pentsatzeko, idatzi behar izaten dut. Hau da, idazten dudan bitartean hobeto pentsatzen dut sofa batean eseri eta sabaira begira geratzen banaiz baino. Idaztea pentsatzeko modu bat da, berez. Ezinbestean, paperean pasatzerakoan, oroitzapen batek baino gehiagok harritzen zaitu… Baina, esan bezala, ez ditut oroitzapenak edertu, ahalik eta zintzoena izaten saiatu naiz memoriak bota duen material horrekin.

Tentazio hori saihestea ez da erraza izanen…

-Ez, ez. Baina aukeraketa lanak laguntzen du horretan. Literaturaren aldeko apustua egin nuen bezala, zintzotasunaren aldeko apustua egin nuen, neurri batean.

Erreferentzia bezala Joe Brainarden ‘I remember’ edo Joseba Sarrionandiaren ‘Akordatzen’ liburuak hartu dituzu. Zein zentzutan?

-Batez ere, egituran. Brainarden liburua aurrekari bat da. Bera artista zen, ez zuen sekula idatzi eta halako batean, inork espero ez zuenean, memoria liburu bat atera zuen. Oso liburu berezia da. Normalean memoria liburuak expansiboak izaten dira, oso luzeak, baina kasu honetan ez da horrela. Tipo honek liburuxka bat atera zuen, egitura oso sinple batekin: oroitzapen bakoitza “I remember...” hitzekin hasten da. Kolpeka egituratu zuen liburua: oroitzapen bakoitza, kolpe bat. Memoria liburu erabat diferentea izan zen, Paul Auster bera liluratu zuena. Gurean Sarrionandiak egin zuen halako zerbait, ez modu berean baina bai antzekoan.

Gogoan dut, I remember bezalaxe, ez dago kronologikoki antolatuta.

-Ez, eta egitura honek ahalbidetzen dizu hain zuzen oroimenaren funtzionamendu estrainio hori erreproduzitzea: orain oroitzapen bat, orain beste bat ez duena aurrekoarekin zerikusirik. Ez dago kronologikoki antolatuta, ezta tematikoki ere. Egitura errepikakorra da, bestalde. Beti hasten da “Gogoan dut...” horrekin. Ia-ia poema luze bat bezala ikusten dut liburua, otoitz bat, mantra moduko bat. Kuriosoa da, irakurlea aspertuko zuen errepikapen bat izango zela uste nuen, eta kontrakoa. Esan didatenez, engantxatzen du.

Adin ertainaren inguruko hausnarketa bat ere badela aipatu izan duzu. Zenbat du dolutik, zenbat krisitik?

-Krisi pertsonalik ez dago, ez zaizkit gaizki erori 40 urteak. Baina estatistikak begiratuta, izan daiteke mugarri bat, erdian dagoelako. Bizitzea tokatu zaigun bizitzaren erdigunean kokatzen da. Ibilbide baten erdian zaudenean tentazio hori izaten da: alde batetik, hemendik aurrera zer etorriko zaidan pentsatzeko eta, bestetik, orain arte zer egin dudanaz hausnartzeko baliatu dezakezu. Egin dudan hori nolakoa izan den, nolakoa izan naizen, zer gustatu zaidan eta zer ez… Lehen 40 urte horien errepaso edo dolu bat izan daiteke.

Bidean gelditu eta atzera begiratzea bezala.

-Bai, horixe. Eta gero eta gutxiago egiten dugun zerbait dela uste dut, garaiarekin lotuta dagoena. Gero eta azkarrago doa dena eta gero eta gutxiago gelditzen gara atzera begiratzeko. Eta bizitza ez da soilik gaurko eguna disfrutatzea, baizik eta nondik gatozen ere hausnartzea, gaurko egunaz kontzienteago disfrutatzeko soilik bada ere.

Galbidean dagoen mundu batetaz ere hitz egiten duzu, ezta? Zein mundutaz ari gara?

-Bai. Irakurketa hori a posteriori egin dut, hala ere. Liburua egin bitartean ez nintzen hain kontziente. Baina berriz irakurtzerakoan, horretaz ohartu nintzen: hemen agertzen diren gauza asko eta asko desagertzeko bidean daude edo dagoeneko desagertu dira. Horrek esan nahi du gauza horiekin lotutako mundua ere desagertzen ari dela. Belaunaldi arteko kontu bat ere bada. Haustura bat badagoela ikusten dut ni eta nire seme-alaben artean, adibidez. Erreferentziak ez dira berdinak. Irakaslea naiz, eta lehenengo urteetan gelan erabiltzen nituen txisteak edo bromak, adibidez, ez dira jada ulertzen.

Kode aldaketa bat dago artean.

-Hori da. Azken batean, orain sortzen ari den mundu berri honek beste kode batzuk ditu, guk jada ulertzen ez ditugunak. Atera berri den Chill Mafia taldearekin gertatu dena hori da, azken finean. Gauza berri batekin etorri dira eta gu harrapatu gaituzte nola erreakzionatu ez genekiela ere. Mundu talka horren adibide bat da.

Teknologia berriekin jaio ez baina erdibidean hartu gaituen belaunaldi horretaz ari gara, beraz.

-Bai, hori da. Eta gu, gutxi asko, nahiko gazte harrapatu gaitu teknologien iraultza horrek, baina orain gazteagoak direnak zuzenean teknologia horietaz inguratuta jaio dira. Jaiotza digitalak dira, kasik. Sare sozialen erabilera guztiz desberdina da. Eta ez naiz epaitzen ari, kontrakoa, egin beharko genukeena ulertzen saiatzea da, errazena sumindu eta haserretzea den arren.

Zein unetan bilakatzen dira norberaren oroitzapenak belaunaldi oso baten erretratu?

-Zure memoriak bota duen hori bakarrik zurea ez dela ohartzen zarenean. Gauza batzuk unibertsalak dira eta denok bizi izan ditugu, adibidez haurra izatetik heldu izaterako une hori. Neurri batean, haustura bat da eta traumatikoa izan daiteke, eta hori unibertsala da. Bestalde, liburuan badira erreferentzia zehatz batzuk, musika edo liburu erreferentziak, janarien markak edo izenak, izozkienak edo patineteenak, eta horiek guztiek garai batez hitz egiten digute. Lehen esan dugun bezala, desagertzen ari den mundu batez.

“Oroitzapenak memoriak bota dituen moduan idatzi ditut, filtrorik gabe, bere logika apetatsua errespetatuz”

“Liburuan agertzen diren gauzetako asko desagertzear daude edo desagertu dira, gauza horiekin lotutako mundua bezala ”