essica Chastain eta Andrew Garfield aktore estatubatuarrak protagonistatzat dituen Los ojos de Tammy Faye pelikularen aurrestreinaldia Torontoko zinema jaialdian egin ostean, Zinemaldiko Sail Ofizialera iritsi da aste honetan. Kritika bikainak lortu ditu Tammy Faye Bakker telebista-predikatzailearen ospeaz eta galmenaz hitz egiten duen filmak, eta egin duen lan zoragarriaren ondorioz, Jessica Chastain emakumezko aktore onenaren Oscar saria irabazteko faboritoetako bat da.

70eko eta 80ko hamarkadetan, Tammy Fayek eta bere senarrak, Jim Bakkerrek, ia ezerezetik abiarazi zuten munduko erlijio-katerik handiena, The PTL Club, eta ospe izugarria izan zuten bidaltzen zituzten maitasun, onarpen eta oparotasunezko mezuei esker. Adin guztietako publikoarekin konektatzeko sekulako abilezia zuten eta horrek AEBtako bikote maitatuenetako bat izatea eragin zuen.

Tammy Faye oso ospetsua zen bere betile suntsiezinengatik eta kanta-tzeko modu originalagatik. Ildo horretatik, harrigarria da Jessica Chastainek Tammy Fayeri bizia emateko egiten duen erabateko aldaketa fisikoa. Grabaketa prozesuan zehar, egunean lau ordu igarotzen zituen protesiak, ile-apainketa eta makillajea egiten.

Chastainek atzo Zinemaldian ospatu zen prentsaurrekoan adierazi zuenaren arabera, teknikari dagokionez orain arte egin duen pertsonaiarik zailena izan da, mugaraino eraman baitu. "Zazpi urte izan nituen rol hau prestatzeko eta ahalik eta gehien ikasi behar izan nuen pertsonaiari buruz. Minnesotako azentua zaila da eta asko landu behar izan nuen. Hitz egiten zuenean oso ahots berezia zuen Fayek eta urteak pasa nituen hura barnera-tzen", azaldu zuen.

Azentua lantzeaz gain, Faye bezela abesteko ere lan asko egin behar izan du protagonistak. "Unibertsitatean kantatzen nuen, baina berehala lotsa-tzen nintzen. Nahiago dut pertsonaia isilagoak egitea, baina egia da pelikula honetan kantuko irakasleak asko irakatsi didala", nabarmendu zuen.

Mota guztietako pertsonei harrera egiteko orduan zuen eskuzabaltasunak ere lagundu zion Tammy Fayeri ospea irabazten. Ebanjelioa zabaltzen bazuten ere, erlijioak onartzen ez dituen hainbat aspektu goraipatzen zituen Fayek, homosexualitatea adibidez. Horregatik, LGTBI kolektiboko jendeari laguntza eskaini zion bikoteak hiesaren krisiak 80ko hamarkada bete-betean kolpatu zuenean.

Arrosa kolorekoa zen bizitza bikotearentzat, baina guztia ezin hobe zegoela uste zuten unean, arreta handiz sortutako inperio hura bertan behera erori zen. Jessica Hahnek, bikotea joaten zen elizako idazkari batek, Jimek bera bortxatu izanaz akusatu zuenean iritsi ziren arazoak. Horren ostean, finantza-irregulartasunak ere iritsi ziren, Tammy Fayeren senarraren kudeaketa txarrak eraginda.

Michael Showalter zuzendariaren arabera, ederki moldatu da Chastainekin lan egiten. "Oso erraza da Jessica zuzentzea; interes asko jartzen du eta guztia ematen du bere lana ondo egiteko. Nik Jessicak berezia zela jakitea nahi nuen, eta bere senari jarraitzea ere bai. Beraz, hegan egiten utzi nion", azaldu zuen prentsaurrekoan.

Chastainek aitortu zuen asko ikasi duela benetako Tammy Fayerengandik. "Proiektuan sartu nintzenean komikoek berataz ematen zuten irudia bakarrik ezagutzen nuen: beti negarrez zegoen, itsusia deitzen zioten eta aldizkarietan oso gaizki trata-tzen zuten. Gero errudun sentitu nin-tzen nik ere nahigabe horrela epaitu nuelako benetan ezagutu gabe. Bere bideoak ikusi ditut eta komunitate erlijiosoak erbesteratu egin bazuen ere, Tammy Faye pertsona koherentea zen. Jainkoaren grazia sentitzen zuen eta nik bere benetako bizitza islatu nahi nuen", nabarmendu zuen.

"Zazpi urte izan nituen rol hau prestatzeko eta ahalik eta gehien ikasi behar izan nuen"

"Errudun sentitu nintzen Tammy Faye gaizki epaitu nuelako benetan ezagutu gabe"

Aktorea