Larunbatean abiatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketaren edizio berria. Izabako zinema izan zen aukeratutako oholtza eta bertan bildu ziren txapelketari hasiera eman zioten sei bertsolariak eta bertaratu ziren 100 lagun inguruak. Bazegoen gogoa eta nabarmena izan zen giroan ere. Leiharen ondoren, Eneko Fernandez lesakarra nagusitu zen 347 punturekin, eta azaroaren 1ean Altsasun jokatuko den finalaurrekorako txartela eskuratu zuen.

Fernandezekin batera aritu ziren Julen Zelaieta, Idoia Granizo, Patxi Castillo, Aitor Irastortza eta Endika Legarra, Alaitz Rekondok gidatutako saioan. Puntukako ariketan ezin, gainontzekoetan aldearekin nagusitu zen lesakarra. Azkenean, Legarrak egin zuen bigarren, 315,5 punturekin, eta haren atzetik sailkatu ziren Zelaieta (305), Castillo (300,5), Granizo (292) eta Irastortza (272,5).

Heldu den larunbatean, urriaren 9an, izanen du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Tafallako Kultur Etxean, 17:30ean. Han ariko dira Eneko Lazkoz Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Alazne Untxalo Erregerena, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Erika Lagoma Pombar eta Urko Gartzia Aleman, Ander Aranbururen aginduetara. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke sarrerak.

24 bertsolari, txapel bakarra

Denetara 24 bertsolarik parte hartuko dute Izaban abiatu den txapelketaren 45. edizio honetan.Horietatik zortzi iritsiko dira Anaitasunako finalera, eta bakar batek jantziko du txapela. Harekin batera, dena den, hurrengo Bertsolari Txapelketa Nagusirako beste lau ordezkari nafarrak hautatzeko ere balioko du txapelketak.

Sei bertsolariz osatutako lau saio jokatuko dira lehenengo fase honetan. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera; eta puntu gehien batzen dituzten beste hamalaurekin osatuko dira finalaurrekoak. Antolatzaileek argitu dutenez, saio guztietan pandemiak eragindako egoerari aurre egiteko segurtasun neurriak mantenduko dira: aretoetan aforo mugapenak errespetatuko dira, publikoak maskara jantzita izan beharko du, eta bestelako distantzia eta neurriak mantenduko dira.

Txapelketako sarrera guztiak www.bertsosarrerak.eus atarian erosi ahal izango dira, salbu eta Zangozarakoak (hauek https://es.patronbase.com/_Sanguesaeu atarian izanen dira eskuragarri).

Puntuazioak

Patxi Castillo Graciarena 300,5

Aitor Irastortza Arrizurieta 272,5

Urriaren 9an, Tafallan. 17:30ean, Kultur Etxean. Bertsolariak: Alazne Untxalo, Ekhiñe Zapiain, Eneko Lazkoz, Erika Lagoma, Saioa Alkaiza eta Urko Gartzia.

Urriaren 10ean, Zangozan. 17:30ean, Karmengo Auditorioan. Bertsolariak: Joanes Illarregi, Mikel Lasarte, Oier Lakuntza, Sarai Robles, Xabat Illarregi eta Xabier Silveira.