Síguenos en redes sociales:

AnimaEuskera, euskaltzale nabarmenak berreskuratzen dituen ekimena

Heda taldearen proiektua euskararen alde borrokatu zutenen ekarpenak balioan jartzeko asmoarekin sortu da

AnimaEuskera, euskaltzale nabarmenak berreskuratzen dituen ekimena

- Kultura zabaltzeko proiektu bat, hots, irudi bidezko ekimen bat euskara eta euskal kultura Nafarroan bizirik mantendu duten gizon-emakumeak omentzeko. Halaxe definitu du AnimaEuskera proiektua bere sortzaile den Heda Comunicación taldeak. Animazio bideo laburren bitartez, dagoeneko bost dira berreskuratu eta ezagutzera eman diren pertsonaiak, Kike Diez de Ulzurrun historialari eta dibulgatzailearen gidaritzapean: Perpetua Saragueta, Mariano Izeta, Julia Fernández Zabaleta, Ceferina Fontellas eta Juan de Amendux. Ekimenaren plataforman ikusi daitezken bideoek euskararen biziraupenerako ezinbestekoak izan diren pertsonaia hauen bizitzako printza nagusiak ematen dituzte, ahanzturan eror ez daitezen, egileek nabarmendu bezala.

Heda taldeko Arantxa Eseberrik atzo Iruñeko Civican aretoan ospatutako aurkezpen ekitaldian aditzera eman bezala, AnimaEuskera "proiektu kultural bat da, garai desberdinetan eta testuinguru zailetan Nafarroan euskararen alde borrokatu duten pertsonak balioan jartzea helburu duena". Proiektuak, halaber, lehenengo bost pertsonaia hauen senitarteen babes eta laguntza izan du, horietako batzuk aurkezpenean ere bildu zirenak. "Gaur egun euskara bizirik irautea eta etorkizuna edukitzea ahalbidetu duten pertsonak dira proiektuaren protagonistak. Belaunaldi berriek euren bizitzak ezagutzea merezi dute, euren legatua balioan jartzeko eta egungo egoera ulertzeko".

Prestatutako bideoak "ia artisau lanak" direla azpimarratu du Hedako kideak. Diez de Ulzurrunen ikerketa eta gidoi lana janzten eta irudikatzen Carlos García El Perro ilustra-tzailea eta Irati Fernández Gabarain bideo-errealizadorea aritu dira. Halaber, Asier Aiapek, Reyes Ilintxetak eta Andrea Sanzek jarri diote off-eko ahotsa bideo-sorkuntza lanei. Emakumeen papera bereziki nabarmendu nahi izan dutela azpimarratu du Eseberrik, halaber: "Euskararen alde egin zuten gizonen testuingurua zaila izan bazen, are zailagoa izan zen emakume hauentzat".

Proiektu "berritzailea" dela ere nabarmendu du Hedako kideak, "publiko berriengana iristeko, teknologia berriak baliatuz, kultura bestela eta modu erakargarrian hedatzeko, eta jendeari parte hartzeko aukera emanez". AnimaEuskera Nafarroako Kutxa eta La Caixa Fundazioen babesari esker egin da Innova Cultural programaren bidez, eta Euskarabidearen laguntza izan du. "Beste erakunde batzuk ere aritu dira lankidetzan eskuzabaltasunez, bai eta omendutakoen senideak ere, arras informazio baliosa, argazkiak, agiriak eta beste emanik".

Bost protagonista, oraingoz Juan de Amendux XVI. mendeko iruindarra izan zen. Familia aberats batean sortu zen, Estafeta kalean, Diez de Ulzurrunek gogoratu bezala. "Tuteran, Zaragozan eta Flandesen ibilbi ondoren, Iruñera itzuli eta Txapitela kalean denda txiki bat ireki zuen. Gaizki joan zitzaion eta zorrek eramana espetxeratu zuten. Espetxean zegoela edo handik atera berritan idatzi zuen elegia bat, euskal literaturan lan baliotsu eta garrantzitsuena benetan".

Julia Fernández Zabaleta XIX. mendearen bukaeran sortu zen, "Iruñean, katedralaren ondoan". Gurasoak ez ziren euskaldunak, beraz ez zuen hizkuntza etxetik jaso. Euskararen katedra ikasi zuen Iruñean eta han euskaldundu zen. "Hitzaldiak ematen hasi zen euskararen erabileraren alde, eta baita emakumeen eskubideen alde. Iruñeko lehenengo ikastola edo euskal eskolaren sorreran parte hartu zuen, gerra aurreko urteetan. Pedagogia kontuetan ere oso emakume aitzindaria izan zen, Maria Montessoriren ikastaro batean parte hartu zuen". Gerra hastean, herbesteratu behar izan zuen eta azkenean Iruñera itzultzea lortu bazuen ere, handik gutxira hil zen, 1961ean.

Perpetua Saragueta Saragueta (Mezkiritz, Erroibar, 1905-1986) euskal idazlea izan zen, "eskola handirik gabea baina bizitzaren eskolan ederki ikasia". Gidoilariak azpimarratu bezala, euskaraz idatzi zuen lehenengo emakumeetako bat izan zen. "Euskaraz artikuluak idazten hasi eta orduko garaiko prentsan argitaratzen zuen: tartean El pensamiento Navarro, La voz de Navarra, Zeruko Argia edo Baionako Eskualduna izeneko aldizkarian". Adinak aurrera egin ahala bere oroimenak idazten hasi zen. Idazlan horiek guztiak, gerora, Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak argitaratu izan ditu.

Ceferina Fontellas, Iruñean jaio baina Beunza herri txikian hazi zen. 12 urte zituela nafar hiriburura itzuli zen etxe zerbitzuan lan egitera, 1939an. "Herri txiki eta euskaldun batetik, hiri erdaldun eta handi batera etorri zen, euskararen kontrako giroa nabarmena zenean". Lan horretan ari zela, osasun arazo bat tartean, ospitalean luzaroan egotea egokitu zitzaion. "Ospitalean zegoela, erregimenak isilarazitako idazle ospetsuetako bat mediku bezala zebilen oraindik: Irigarai jauna. Hark liburutxo bat oparitu zion, euskarazko liburu txiki bat. Irigaraik neskato horri lekukoa eman zion, nolabait, jakin gabe gero bere bizitza lotuta egonen zela liburu-denda bati, hain zuzen Abarzuza liburu-dendari. Bere irudia oraindik ere badugu Santo Domingo kaleko Abarzuza liburu-dendan, salmahaian, Martzela bere alabaren ondoan".

Mariano Izetak osatzen du oraingoz ekimenak plazaratu dituen bideoetako pertsonaien boskotea. "Oso pertsona maitagarria, elizondarra, baztandarra. Bere lana eskuzabaltasun handiz egin zuen". Dibulgatzaileak gogoratu bezala, gerra baino lehen dagoeneko hasi zen euskararen alde lanean Baztanen, bertan antolatu baitzen lehenengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa. "Gerra ondoren, iltzatuta gelditu zitzaion irudi mingarrietako bat izan zen altxatu zirenek Elizondoko euskal eskolako ateak ireki, bertako liburuak plazara atera eta erre zituztenekoa". Nahiz eta garai zailak izan, Izetak aurrera egiteko "gogoa, indarra eta kemena" izan zuen. "Baztango kronikari aparta izan zen, bai prentsa idatzian bai irratian, euskalgintzako hamaika ekimenetan parte hartu zuen, beti eskuzabaltasunez. Euskaltzain urgazlea izan zen eta euskaltzain ohorezkoa ondoren".

Erran bezala, oraingoz bost pertsonaia dira aukeratutakoak baina, Eseberrik nabarmendu bezala, etorkizunera begira zabaltzeko joanen den proiektu bat da. "Hurrengo urteetan pertsonaia gehiago sartzen joango gara, eta ez bakarrik pertsonaiak, baita euskararen ibilbidean erabakigarriak izan diren gertakariak ere". l