Iritsi da bigarren faseari heltzeko momentua. Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo finalaurrekoa gaur jokatuko da Elizondoko Baztan pilotalekuan, 17:00etatik aurrera. Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, eta pilotalekuko leihatila irekiko da oraindik sarrerarik gelditzen bada, 15:00etatik aurrera, eta pilotalekuko ateak saioa hasi baino ordubete lehenago irekiko dira.

Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Iñaki Apalategi Astigarraga, Joanes Illarregi Marzol, Onintza Enbeita Maguregi eta Unai Agirre Goia izango dira oholtzara igoko diren sei bertsolariak. Gai-emaile lanetan, Amaia Castorene Luro arituko da.

Fase honetan, honako lana egin beharko dute bertsolariek: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte; binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean; eta ganbarako lana, banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Finalaurrekoen lehenengo itzuli honetan epaile lanetan Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta arituko dira.

Larunbateko saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 19an Amurrion jokatuko den bigarren itzuliko finalaurrekora. Elizondoko ostean, beste hiru finalaurreko jokatuko dira lehen itzulian: Donibane Garazin, Irunen eta Durangon. Horietatik aterako dira finalaurrekoen bigarren itzulira sailkatuko diren 18 bertsolariak. Amurrion, Baionan eta Bilbon izango dira bigarren itzuliko hiru finalaurrekoak.

Bai saio honetarako bai hurrengoetarako sarrerarik eskuratu ez duenak internet bidez jarraitu ahal izango ditu finalaurreko guztiak, zuzenean bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan; baita telebistaz ETB4 katean ere.

1go finalaurrekoa

  • Elizondoko Baztan pilotalekuan, 17:00etan. Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Iñaki Apalategi Astigarraga, Joanes Illarregi Marzol, Onintza Enbeita Maguregi eta Unai Agirre Goia. Gai-jartzailea: Amaia Castorene Luro.
  • Sarrerak. www.bertsosarrerak.eus. Leihatilan, 15:00etatik aurrera.
  • Zuzeneko emisioa. Saioa internetez jarraitu ahal izango da bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan. Telebistaz, ETB4 katean.