Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako lehenengo itzulia bere ekuatorrera iritsi zen atzo, Donibane Garazin ospatu zen saioarekin. Bazegoen irrika berezia saio honekin, tartean aurreko edizioetako finalista eta 2003ko txapeldun nagusi izandako Amets Arzallusen lehenengo parte-har-tzea zelako txapelketa honetan. Aunitzek irabazletzat ematen bazuten ere, Oihana Iguaranek puntu erdiko aldearekin garaipena eskuratu zuen, Jai Alai pilotalekua bete zuten 1.350 ikusleren aurrean.

Maila altua izan bazen ere, saioak ez zuen guztiz goia jo atzokoan: bertsolariak gora-beheratsu ibili ziren tarteka eta saioa sartzea kosta egin zitzaiela sumatu zen. Epaimahaiak eman zituen puntuetan ere nabaritu zen hori, Elizondoko finalaurrekoarekin alderatuta apalagoak izan baitziren orokorrean. Iguaran (688,5 puntu) eta Arzallusen (688 puntu) atzetik gelditu ziren Nerea Elustondo, 628 punturekin; Asier Azpiroz, 616,5 punturekin; Haritz Mujika, 615 punturekin; eta Aitor Etxeberriazarraga, 612 punturekin.

Zortziko handian eta txikian lehenengo, puntutan eta seiko motzean aritu ondoren, saioaren amaieran eman zuen akaso bere onena seikoteak, ganabarako ariketan: “Azkenean probatu duzu, eta jabetu zara ez zela espero zenuena”, bota zuen gidari lanetan aritu zen Zihara Enbeitak. Gaia zabala izanda, bertsolariek ertz desberdinetatik abiatzeko parada izan zuten, eta ale ederrak utzi zituzten.

Garaipena bakarrik ez, eta Iguaranek finalaurrekoetako bigarren itzulirako pase zuzena eskuratu zuen atzokoan. Hala, datorren azaroaren 19an Amurrion jokatuko den finalaurrekoan arituko da, joan zen asteburuan Elizondon garaipena eskuratu zuen Alaia Martinekin eta puntuazioz sailkatuko diren beste lau bertsolariekin batera. Bigarrenez aurkituko dira Martin eta Iguaran oholtza berean txapelketa honetan, izan ere, final-laurdentako saioan ere elkarrekin aritu ziren. Arzallusek, Elustondok, Azpirozek, Mujikak eta Etxeberriazarragak finalaurrekoetako gainontzeko finalaurrekoak bukatu arte itxaron beharko dute, eskuratutako puntuekin txapelketaren hurrengo fasera igaroko diren jakiteko.

Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta izan ziren atzo bertsolarien lana baloratu zuten epaimahaiko kideak.

Hurrengo saioa, Irunen

Finalaurrekoetako hurrengo saioa azaroaren 5ean izango da Irungo Ficoban, 17:00etan. Kantuan ariko diren bertsolariak Ane Labaka Mayoz, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia, Miren Artetxe Sarasola, Nerea Ibarzabal Salegi eta Sustrai Colina Acordarrementeria izango dira. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. l