Mikel Laboa “iheskor” azaldu izan da beti zalearen edo miresmenak sortzen duen subjektibitatetik, behintzat; hala da eta horrela uste dute, hain zuzen, Unai Iturriagak eta Harkaitz Canok. Bi idazleek, Joseba Larretxe ilustratzailearekin batera, kantari donostiarraren biografia baino, “ez-biografia” ondu dute komiki formatuan: “Komikia izan da gure jomuga”. Halere, Elkar argitaletxeko editore Antxiñe Mendizabalen ustez, Ni ez naiz Mikel Laboa ez da ez-biografia, ezta komiki edo nobela grafiko bat ere, “poema grafikoa” baizik; Canok, Iturriagak eta Larretxek poesian bezala, metaforak, hiperboleak eta, bereziki, oximoronak ugari erabili dituztelako. “Izenburutik hasita, esango didazue nola otu zaizuen Mikel Laboaren biografia bati Ni ez naiz Mikel Laboa deitzea?”, galdetu zuen atzo editoreak lana aurkezteko, Donostiako Carlos Santamaria liburutegian eskainitako prentsaurrekoan.

“Hor dago liburuaren koska eta poesia”, Mendizabalek berak eran-tzun zuen galdera, izenburutik bertatik eta “eskema guztiak” hausten dituen azaletik nabari delako obraren tonu orokorra; Laboak berak sortzen zuen “sorpresa” eta “txundidura” errepikatu nahi izan dute egileek. Azalean edo izenburuan bakarrik ez, baita lehen ataletik hasita ere, Laboa berak hainbeste maite zituen western filmen antzera narratutako pasartean ere ikus liteke Iturriaga, Cano eta Larretxeren proposamen “jostari”, “umore-tsu”, “aske” eta “ausarta”. Hortik aurrera, pasarte onirikoak, errealistak, egunerokoak, memoriatik edaten dutenak edota Laboarentzat katartikoak izan zitezkeenak tartekatzen dira.

‘Ni ez naiz Mikel Laboa’ komikiaren hainbat bineta.

‘Ni ez naiz Mikel Laboa’ komikiaren hainbat bineta. MARRAZKIAK: J. LARRETXE

Hori bai, oximoronaren erabilera –grafikoa, metaforikoa eta narratiboa– ez da bakarrik autu estilistikoa izan. Aitzitik, Mikel Laboa zena bezalako figura konplexuarengana hurbiltzeko lasterbidea izan da autoreentzat. Ez-biografia hau, EHUk eta Gipuzkoako Aldundiak sustatutako Mikel Laboa Katedraren azken emaria da –Elkarrek argitaratu du–. Cano, Elorriaga eta Mendizabal aurkezpenean izan ziren, Katedraren ordezkari Jone Miren Hernandez eta Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendari Garbiñe Mendizabalekin batera.

Lekeitio

Hasieratik bertatik ia proiektu “ezinezkoa” izan zela aitortu zuen Canok. Iturriagarengandik jaso zuen gidoia elkarrekin idazteko proposamena. Laboa eta haren kantak “anomalia bat dira”. Abesti bera, Txoriak txori, esaterako, hileta-elizkizun batean abes liteke, baita estadio batean ere; sehaska-kanta bailitzan, haur jaioberri baten belarrira ere xuxurla liteke.

“Besarka ezina eta iheskorra” den sortzaile horren biografiaren “lorratz bat” komikira ekartzeko, hiru autoreak “oso leku sinboliko batean” bildu ziren, Gardatan, Laboaren Lekeitioen iturburuan. Ez da anekdota hutsa, inork poema grafiko hau zeharkatzen baldin badu, Gerra Zibilean Lekeitioko bonbardaketak Laboari utzitako marka baita. Zer kontatu nahi zuten eta eurentzat kantaria nor zen finkatzeko bildu ziren Bizkaian, baina “mapa bat trazatzen hasita, azkenean brujula hautsi” egin zuten: “Laboa iheskorra dela konturatu ginen, harrapaezina”. “Bakoitzak badauka bere Laboa eta Laboa ez da edonor, oso garrantzitsua den norbait delako. Eta nolabaiteko mito izaera ere badu”, esan zuen Iturriagak, presio horrexek lana zaildu egin ziola gaineratuz: “Nor naiz ni, horretan eskua sartzeko? Nola hurbildu hainbeste jenderena ere baden figura horretara?”.

Mikel Laboa iheskorraren oximorona

Mikel Laboa iheskorraren oximorona

Ildo horri jarraituz, idazle lasartearrak Josune Albisuren Non dago Mikel Laboa? saiakerari erreferen-tzia egin dio; azaltzeko Albisu, haiek bezala, Laboaren atzetik ibili zela, harrapaezinik: “Nola harrapatu Mikel Laboa, hainbeste Mikel Laboa daudenean. Zein harrapatuko genuke komiki batekin?”. Ruper Ordorikak izendatutako Sekulabelardiko kantaria, bere obra bezala, “irekia” zen oso, eta izaera horrek belaunaldi ezberdinei, Canori, Iturriagari eta Larretxeri bezala, haren figura eta lana “berrinterpretatzeko” aukera eskaintzen die: “Horregatik inspiratu du hainbeste jende”.

Zumetaren kolore-paleta

“Hiru buruk pentsatu baina bi eskuk marraztu dute” Ni ez naiz Mikel Laboa. Canok eta Iturriagak Larratxeren lan itzela nabarmendu zuten, obra guztia hari grafiko ederrarekin josi duelako: “Hirugarren gidoilaria dela esango genuke”.

Ez-biografia honetan, Laboaren inguruan ibili zirenak ageri dira, noski, horien artean haren emazte Marisol Bastida, Izaro eta Agurtzane seme-alabak, baita donostiarrarekin gerra kulturalean ibilitako Ez dok amairuko kideak eta Gaur taldeko Jorge Oteiza eta Jose Luis Zumeta ere. Ezin ahaztu Zumetak margotu zituela Laboaren albumetako azalak, eta horri tiraka, Larretxek kolorearekin ere omenaldia egin nahi izan die. Komikiaren atal bakoitzak identitate kromatiko bat du, batzuetan zuri-beltza bakarrik erabiltzen du ilustratzaileak, beste batzuetan bitonoa eta ia gehienetan “kolore paleta xumeak”. Halere, Laboaren pasarte “katartikoak” adierazteko , Zumetaren expresionismoari jarraiki, kolore-eztandekin lehertu ditu binetak Larretxek. “Uste dut Josebak goia jo duela lan honekin”, esanez amaitu zuen Iturriagak.