Usaindu daiteke finala dagoeneko. Bertsolari Txapelketa Nagusia bere azken txanpan sartu da: gaur jokatuko da azken-aurreko finalaurrekoa Baionako Lauga kirolgunean, 17:00etatik aurrera. Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Unai Agirre arituko dira bertsotan, Ainhoa Larretxea Agirrek proposatuko dizkien gaiei erantzuten.

Baionan jokatuko da, gaur, BTN-ko azken-aurreko finalaurrekoa

Saio honetan eskuratuko duten puntuazioa erabakigarria izanen da Iruñeko final handira iristeko. Lehenengo itzulian lortutako puntuei gaurkoak batuko zaizkie, eta horrek definituko du sailkapen orokorreko zein postutan dauden. Sailkapen horretako lehenengo zazpi bertsolariak izanen dira, hala, Maialen Lujanbiorekin batera finalean abestuko dutenak.

Joan zen asteburuan jokatu zen finalaurrekoen bigarren itzuliko lehenengo saioa, Amurrion, eta dagoeneko sailkapenaren langa ezarrita dago. Alaia Martin kokatzen da sailkapenaren buruan 1405,5 punturekin, eta haren ondotik kokatzen da Aitor Bizkarra, 1329rekin. Gaurkoan, bertsolariek zifra horietara hurbiltzen saiatu beharko dira finaleko aulkietako bat bereganatu nahi badute. Hala, Gaztelumendi abiatzen da gaurkoen artean erosoen, lehen itzulian 716,5 puntu eskuratu baitzituen. Colinak hurbiletik segitzen dio, 710 punturekin, beraz aukera nabarmenak ditu hark ere aurrera egiteko. Soto tartean dago, 686 punturekin; eta duen hoberena erakutsi beharko du Iruñera iristeko aukerak baliatu nahi baditu. Zailagoa da Ibarzabalen eta Agirreren egoera, hurrenez hurren 673 eta 652,5 punturekin abiatzen baitira lehenengo itzulitik. Eskuratzen dituzten puntuak eskuratzen dituztela, bertsolari guztiek datorren asteburuan Bilbon ospatuko den azken finalaurrekoa burutu arte itxaron beharko dute finalera iritsi diren jakiteko.

Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Sarrera guztiak agortu ezean, Baionan bertan 15:00etan irekiko da leihatila; kiroldegiko ateak, berriz, 15:45ean. l

Finalaurrekoa

Baionako Lauga kirolgunean, 17:00etan. Beñat Gaztelumendi Arandia, Eñaut Martikorena Lizaso, Julio Soto Ezkurdia, Nerea Ibarzabal Salegi, Sustrai Colina Acordarrementeria eta Unai Agirre Goia.

Gai-jartzailea: Ainhoa Larretxea Agirre.

  • Sarrerak. www.bertsosarrerak.eus. Leihatilan, 15:00etatik aurrera.
  • Zuzeneko emisioa. Internetez bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan. Telebistaz ETB4-en. ETB1ean, 23:00etan errepikapena.