Nafarroan euskaraz argitara-tzen duten etxeak prest daude sormenaren lurraldera ailegatu eta aurten bildutako uzta ale ederrak erakusteko. Urtero bezala, ez dira faltako album grafikoak, saiakerak eta eleberriak, irakurle gazte zein helduentzako lanak, guretik abiatuko diren sei etxeen eskutik: Pamiela, Igela, Txalaparta, Denonartean, Katakrak eta Nabarralde. Bakoitzak bere ildoari eutsiz, Nafarroako editoreek merezitako lekua daukatela erakutsiko dute Durangoko Azokaren 57. edizioan ere.

PAMIELA

Urtetik urtera, gero eta nobedade gehiago ekoizten ditu argitaletxe nafarrak. Helduei zuzendutako lanen artean, Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea nabarmentzen da. Etxeko ohiko egile baten azken lana ere ez da faltako: Joseba Sarrionandia. Munduari bira eman zion ontzia lanean, idazleak “denon bizimoduaren baldintza historiko eta sozioekonomikoei buruzko kontakizuna osatu du”.

Ez da fikzio lan bakarra izango. Pamielaren apalategietan Izaskun Etxeberriaren Esaten ez den guztia ere aurkituko du azokara bertaratzen denak. Idazlearen lehenengo lan honetan, bidegurutze batean aurkitzen diren pertsonaia ugariren bueltako kontaketa laburrak biltzen dira.

Saiakera lanen artean, nabarmentzekoak dira Jon Sarasuaren Harizko zubiak. Haiti, Pernambuko, Mexiko eta Tangerreko jasokinak saiakera bilduma eta Juainas Paul Arzaken Sorginkeriarena gurean lanak.

Irakurle gazteek ere izanen dute zer aukeratu Pamielaren erakusleihoan. Alde batetik, Ata Pank eta Ate Punkyren azken abenturak aurkituko dituzte bertan, Bernardo Atxaga eta Mikel Valverde tandemaren Bisita liburua; eta bestetik, Etxepare Sariketaren XVI. edizioan nagusitutako Kiratsa, Eider Adeletx eta Iban Illarramendirena.

TXALAPARTA

Nafar argitaletxeak ilustrazioaren eta kalitatezko edizioen alde egin duen apustua argia da aurten, eta bi lan dira nabarmentzekoak alor honetan. Horietako bat da Garazi Albizua eta Olga Carmonaren Iruleak helduentzako eleberri grafikoa; Aina Bestarden Eguzki sistemako paisaia ezagunak; eta Euskal Herriko historia ilustratua-ren laugarren liburukia, Joseba Asironek idatzi eta Martín Alzueta Martintxo-k ilustratutakoa.

Saiakeraren alorrean ere aleak gehitu dizkio argitaletxeak bere bildumari, aurten. Azpimarragarriak dira, zentzu honetan, Poltsiko bildumako Ibai Atutxaren Barbaroak eta zibilizatuak. Euskal gatazken eskuliburu materialista; eta Lur Albizu Etxetxipiaren Eraitz Saez de Egilaz Ramosen Gureak ere badira. Desira, boterea, epika saiakera laburrak. Saiakera eta biografiaren uren artean murgiltzen den lan bat bada Leire Ibargurenen Petare, bestalde. Berrogei urte baino gehiago Caracaseko auzorik pobreenean bizi izandako Miren Egigurenen bizitzako pasarteak berreskuratzen dira lan honetan.

Fikzioari dagokionez, Txalapartak Atsoa lana editatu du aurten, Víctor Català idazlearen narratiban bidaia bat proposatzen duen bilduma, mende erdi batean idatzitako hamar ipuinen bitartez.

DENONARTEAN

Txikienek zer aukeratu izanen dute Denonarteanen salmenta gunean. Album ilustratuen artean, Goiatz Labandibarrek idatzi eta Iñaki Zapirainek ilustratutako Hizkien alde. Manifestua; Mimatuzen eta Xabier Etxanizen Hirugarren ordua; eta Antton Kazabonek idatzi eta Jokin Mitxelenak ilustratutako Txalopinak aurkituko dira; baita Castillo Suarez eta Morkotz ilustratzailearen Mel eta ehun goibel; eta Andy Cutbill eta Russel Aytoren Arrautza bat errun zuen behia. Nabarmen-tzekoa, halaber, Juan Kruz Igerabide eta Elena Odriozola egileen azken elkarlana: Herensuge.

Gazte literaturaren alorrean, Juan Gómez-Juradoren Amanda Black, oinordetza arriskutsua; Apostolos Doxiadisen Osaba petros eta Goldbachen aierua; eta Iñigo Ibarraren Ostadar 7310 liburuak aurkituko ditu bertaratuko denak.

IGELA ETA KATAKRAK

Itzulpenek bere lekua irabazita daukate euskal argitalpenen atalean. Alde horretatik, bai Igelak bai Katakrakek ere lan aski interesgarriak erakutsiko dituzte Durangoko Azokan. Igelari dagokionez, bereziki azpimarragarriak dira Irene Pujadasen Puskak lana, Amaia Apalauzak itzulitakoa; eta Fernando Reyk euskaratutako Pier Paolo Pasoliniren Kale gorriko umeak eleberria ere.

Katakrak argitaletxe iruindarraren uzta ere ez da makala izan aurten: Joseph Brodskyk idatzi eta Rikardo Arregi Diaz de Herediak itzulitako Ur-marka; Maialen Berasategik itzulitako Faxismoaren aurka borrokan (Clara Zetkin egilearena); Lidia Txukovskaia eta Lidia Zhukova egileen Haurrek hitza, Josu Zabaletak euskaratutakoa; Assata Shakurren Autobiografia bat, Danele Sarriugarteren itzulpenarekin; eta Juno Mac eta Molly Smithen Puta zikinak. Sexu-langileen eskubideen aldeko borroka lana, Amaia Astobizak euskaratu duena.

NABARRALDE

Nafarroako historia ezagutzera emateko bere bidean, Nabarraldek aurten gai nagusi baten inguruan jorratu ditu bere argitalpenak: Amaiurko batailaren 500. urteurrena. Honen inguruan komiki eta saiakera desberdinak plazaratu ditu, Durangon erakusgai izanen dituenak.