Maialen Lujanbio Zugastik (Hernani, 1976) irabazi du Iruñan ospatu den Bertsolari Txapelketa Finala. Amets Arzallus Antia (Hendaia, 1983) aritu da hernaniarrarekin buruz burukoan, 2009ko eta 2013 ediziotan gertatu bezala.

Garaipen honekin, bertsolari hernaniarrak hirugarren txapela jaso du (2009, 2017 eta 2022) Iñaki Murua bertsolari eta Bertsozale Elkarteko presidente izandakoaren eskutik.

Arratsaldeko 19:00ak pasata iritsi da epaimahaiaren lehen erabaki garrantzitsua, bi finalistak nortzuk izango ziren jakitea: 2009ko eta 2013ko finalak errepikatuko ziren. Ohi bezala, bi hautatuak orden alfabetikoz iragarri dituzte, beste sei bertsolariren puntuazioa ere jakinarazi gabe.

Buruz burukoa binakako ariketa birekin hasi da, ganbarako lan bikoitza egin aurretik dute. Ganbarako lana Arzallusek hasi du. Bi ariketa, "oreka" hitzetik abiatuz, tarte gutxi uzten duen bederatziko txiki bertso bakarra bota behar izan du, euskara eta gazteleraren arteko harreman diglosikoaz; eta gero, ohi bezala, hiru bertso nahi izan duen doinu eta neurrian, “ez dago B planik” gaia hartuta, mutil sentitzen den alabaren aitaren paperean sartuta.

Lujanbiok, berriz, bederatziko txikia desberdintasun sozialek eragindako desoreketatik jo du; eta azken ganbarako lanean ere, hiruna bertso doinu eta neurri librean, salaketa soziala izan du hizpide, pandemiaren osteko sektore publikoaren egoeraz aritu da.

Eguna emozioaren bidetik joan da bost urte eta gero, eta hamaika nobedaderen artean. Finalean aritu diren bertsolariek islatu duten belaunaldi aldaketaz aparte, lehenengoz hiru emakume izan dira oholtzan (binakako hiru ariketetan ikusi dena), Nafarroa Garaiko bertsolari bat berriz ere itzuli da final handira eta Txapelketako egun handia lehen aldiz Iruñan ospatu da.

Arrakasta borobila izan da Navarra Arenako finala, 13.000 zaleren aurrean. Goizean 11:00etan hasi da festa, zortzi bertsolari nor baino nor. Aipatutako bi finalistetaz aparte, Beñat Gaztelumendi egungo Gipuzkoako txapelduna (1987), Nerea Ibarzabal (1994) egungo Bizkaiko txapelduna, Aitor Mendiluze (1975), Alaia Martin (1987), Sustrai Colina (1982) eta Joanes Illarregi (1999) ari dira egun osoan zehar.

Hauxe da sailkapen orokorra:

  1. Maialen Lujanbio, 2.240 puntu.
  2. Amets Arzallus, 2.166 puntu.
  3. Aitor Mendiluze, 1.507 puntu.
  4. Sustrai Colina, 1.495 puntu.
  5. Alaia Martin, 1.493,5 puntu.
  6. Beñat Gaztelumeni, 1.443,5 puntu.
  7. Nerea Ibarzabal, 1.435,5 puntu.
  8. Joanes Illarregi, 1.421,5 puntu