Igandean, otsailaren 5ean, Ihitz Iriart, Maika Etxekopar eta Beñat Larrori aktoreek ‘Ketariatik mundura’ formatu laburreko pastorala aurkeztuko dute Iruñeko Kondestablearen jauregian, Jean Kristian Galtxetaburu eta Mikel Etxekopar musikariek lagunduta. Ordu eta erdiko iraupena izango du Mixel Etxekoparrek idatzitako lanak.

Istorioa Gipuzkoako Getaria herritik abiatuko da, garai batean Euskal Herriko portu garrantzitsuenetako bat izandakoa. “Betidanik itsasoari begira” egon den leku honetan egingo dute topo hiru pertsonaia mitikok. Tartean, Getariako herritarren gora-beherak agertuko dira, baita XVI. mendeko Juan Sebastian Elkano pertsonaia ere, “zeinek munduko lehen bira burutu baitzuen kapitain gisa 1522an”, obraren egileek argitu moduan. “Garai itzal-argitsuak izan ziren, munduko ikuspegia osoki aldatuz eta kolonizazioa ere garatuz”.

Iruñeko Zaldiko Maldiko eta Karrikiri elkarteek antolatu dute emanaldia, Iruñeko Komunikabideak Fundazioarn babesarekin eta Iruñeko Udalaren laguntzarekin.