“Bestela ezin litekeen bezala”, esker onez jaso du saria Angel Errok (Burlata, 1978), iazko urrian plazaratu zuen Poema liburu bat –irakurtzeko jarraibideak– (Erein) lanarengatik. Literaturako gai handiez hitz egiten duen poesia liburu txiki honetan, umorez eta ironiaz blaitzen du solemnitatea egileak, eta argi erraten dio irakurleari: “Esku artean duzun hau poema liburu bat da”. Ez ikaratu, poesia denontzako baita.

Poesia liburu hau antologia bat ere bada, garai desberdinetako poemak biltzen dituen heinean. Nola hasi zinen bilketa lan hori egiten?

Badaude poema batzuk oso oso zaharrak direnak eta beste batzuk ez hainbeste. Asko bidean gelditu dira, ez dutelako salbaziorik, beraz, nolabaiteko hautaketa natural bat ere izan da, poemak nik hautatu beharrean haiek nirekin gelditzea erabaki dutelako.

Arraroa suertatu zaizu aspaldian idatzitako poemekin berriz aurki-tzea?

Bai, gertatu izan zait aspaldiko poema bat irakurri eta guztiz ez uler tzea eta publikatu ondoren berriz irakurri eta ulertzea. Polita da. Tontakeria bat ere dirudi, baina zure buruaren irakurle sentitzen zara, ariketa bitxi xamarra da. Batzuetan misterioa tartekatzen da zu eta poemaren artean.

Sinopsian, hala diozu: “Ez pentsa, halere, egiteko zail edo adituen-tzakoa denik”. Irakurle arruntak poesiarekiko izan dezakeen beldurra astintzeko modu bat da?

Ohar hori lotuta dago liburuko izenburuarekin, neurri batean, izenburu tranpa delako. Liburu honetara irakurle abisatu gabea, inprudentea, hurbiltzea nahi dut, poesian aditua ez dena. Beldurra galtzea. Dramatismoa kentzeko modu bat ere bada “hau poema liburu bat da” esatea.

Umorea eta ironia nabarmenak dira liburuan. Ez gaude ohituta, akaso, poesian tonu hori aurkitzera, ezta?

Jendeak erabakita izan ohi du poesia zer den eta, normalean, aurreiritzi hori nagusitzen da irakurtzea edo ez irakurtzea erabakitzen duenean. Nire buruan bi denbora desberdintzen ditut: nik poema izan behar duen horrekin bakarka nagoen unea, alde batetik; eta nitaz emanzipatuta, poema irakurlearekin topatuko denekoa. Poema da bi denbora horien arteko zubia. Neurri batean, nik irakurlearekin komunikatu nahi dut, baina komunikazio zuzena inposiblea da. Beti egongo dira tartean hitzak eta aurreiritziak.

Gai sakon batetik azalekoa dirudien gai batera igarotzen dira zure poemak.

Zerbait oso serioa esaten dudanean hurrengo esaldian umorearekin apaltzen dut, solemnitateak nolabaiteko beldurra ematen didalako. Eta poesiak, askotan, solemnitatearen aurrean uzten zaitu. Beharbada jendea ere uxatu dezake horrek… Baina bizitzan dena dago nahastuta, gauza solemneak gauza arinekin. Herri bateko plaza batean eserita egon zaitezke eta aldi berean ikusi ditzakezu egoera oso tristeak eta gauza liluragarriak, bihotza altxatzen dizutenak.

Liburuan agertzen da sexua, agertzen da hiria, agertzen da literatura, oinazea, gazteatasunaren galera… Liburuaren gaia zein den galdetuz gero, zer eran-tzungo zenuke?

Harritu egiten nau hain liburu txikian hainbeste gai sartu izana. Blas de Otero - Ángela Figuera saria eskuratu nuenean, batek galdetu zidan zeri buruzkoa zen liburua. Ordura arte ez nuen horretan pentsatu eta, zerbait esateagatik, maitasunari buruzkoa zela erantzun nuen. Ez dakit serio esan nion edo ironiaz, baina erantzun horrekin gelditu naiz, beharbada ez daukadalako esateko gauza hoberik. Maitasuna kontzeptu oso zabala da eta gauza asko sartu daitezke hor: maite duzun norbaiten galera, maitasun erotikoa ere, literaturarekiko sentimendua…

Akaso ez du erantzunik behar galdera horrek… 

Azkenean, solemnitatetik ihes egite horretan ere, egunerokoan jarri behar duzulako arreta. Niri horrela bururatzen zaizkit poemak. Poema baten bila joaten saiatu naizenean, gai bati edo besteari buruz idazten, ez zait atera. Gauza txikietatik abia-tzea ateratzen zait, oharkabean handira joaten direnak.