Euskal kulturgintzaren plaza bilakatzen da urtero Durangoko Azoka eta, aurten ere, abenduaren 5etik 8ra geruza ugariko topaketa eratuko da Landako Gunean eta azokaren guneetan. Oraindik aste batzuk falta badira ere, 59. Durangoko Azoka badator eta edizio berriaren irudia eta leloa aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur. "Jakin badakigu euskarazko sorkuntza oso aberatsa dela, baina ez dauka nahikoa hartzaile bere herrian. Hor dago premia momentu honetan eta Durangoko Azokak horri erantzuteko ahalegina egingo du. Azokara etortzea, ikustea, hartzea... kulturgintzari hauspoa ematea ere badelakoKultura ispilu bat da; irakurtzea idaztea da, entzutea kantzatea da, ikustea antzeztea da, aditzea pentsatzea da, egotea egitea da… Hartzea ematea DA!”, adierazi du azokaren koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak.

Hartzea ematea DA! izango da 59. Durangoko Azokaren lema eta hautatzeko zergatiak esplikatu ditu Gaztelurrutiak. Kultura jasotzea, gizarteari bueltan emateko bide bat dela aipatu du, eta euskaraz jasotzen den kulturak, euskaraz eta euskara indartsuago batean bizitzen lagunduko digula ere bai. Gainera, euskal kulturak bizi duen egoerari erreparatuta, kulturazale edo hartzaileen ekarpenari balioa eman dio. Zeregin horretan, euskal kulturaren hartzaile premiari erantzuteko ahalegina egingo du Durangoko Azokak.“Euskal kulturgintzako komunitatea pozten denean Durangoko Azokako antolakuntza ere poztu egiten da. Eta premiak dituenean, gu ere kezkatu egiten gara. Horregatik saiatzen gara azoka on bat antolatzen, badakigulako azoka birika bat izaten dela, eta ez birika sinbolikoa soilik", aurreratu du koordinatzaileak.

KARTEL BERRITZAILEA

Bestalde, aurtengo lema irudiz janzteko ardura egile biren arteko elkarlanetik jaio da, Udatxo eta Balu artisten sormenetik. Udatxo muralista eta margolaria da; Balu multidisziplinarra da, eta deskontestualizazioaren eta transmutazioaren teknikak jorratzen ditu, adibidez. Collage erako lanean, euskal kulturaren erreferentzi diren irudien eta azokako aurreko edizioetako kartelen zatiak itsatsi dituzte; atzoko sormenetik hartuz, gaurko artelan berri bat emateko.

Durangoko Azokaren aurkezpena. Ohiane Buruaga

Zentzu horretan, aurtengo azokaren kartela hainbat ikuspuntutatik berritzailea da eta gaurko aurkezpenean prozesu horren muntaketa irudikatu dute, eta lema mihise batean margotu ere bai. Bestelako elementuen artean, eskuak ageri dira irudian; izan ere, eskuak dira bi egileen eguneroko tresna, eta eskulanari eman nahi izan diote garrantzia. “Collage batzuk egiten hasi ginen, hitzak ere sortu ziren: ikustea, dantzatzea, antzeztea, entzutea eta hortik hasi egin eta leloa jarri genion eta atzera bota ginenean bukatutzat eman genuen eta momentu baten ikus genuen kartelaren forma bihotz batena zela, orduan hasi ginen solasten bihotzak ere hartu-eman bat duela, odola gorputz guztira garraiatzen; azkenean Durangoko Azokak ere funtzio hori dauka dauga: euskara hartu, transmititu, gizarteari eraman eta zabaltzea… eta prozesu oso natural bat izan da”, adierazu du Baluk.

Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentearen berbetan "hasierako ametsak marrazten joan gara urteotan guztiotan, eta begira zelako irudia sortu dugun: koloretsua, anitza, indartsua eta ederra, benetan ere. laz esaten genuen bezala, fantasia hutsa. Hala ere, euskarak oraindik badu lan horren beharra, eta Gerediaga elkartetik ekinean jarraitzeko asmoa dugu, euskarak ez baitu trabarik eta epairik behar, guztiok kabitzeko moduko bide zabalak baizik". Eta ibilbide luze horretan ezin ahaztu Jon Irazabal, 30 urtez azokaren zuzendari izandakoa. "Ondare itzela utzi digu Jonek, eta aurtengo azokan gogoan izango dugu", azaldu du Gerediagako elkarteko presidenteak.