Euskaltzaindiak hiru liburu aurkeztuko ditu 42. Sarako Idazleen Biltzarrean
Topaketa apirilaren 21ean eta 22an egingo da
Aste Santuarekin batera, Hego eta Ipar Euskal Herriko euskaltzaleek ezinbesteko hitzordua dute Lapurdin. Aurten, apirilaren 21ean eta 22an (profesionalen eguna) izanen da Sarako Idazleen Biltzarra, bere 42. ahaleginean. Euskaltzaindiak hastapenetatik parte hartu du azokan, eta aurten ere bertan izanen da Akademiaren erakusmahaia. Horrez gain, hiru argitalpen berri aurkeztuko ditu Euskaltzaindiak. Ohi duen legez, Pazko Astelehenean izanen da agerpena, 10:45ean.
Batetik, Txomin Peillen idazle eta euskaltzain emerituaren saiakera hautatuak aurkeztuko dira jendaurrean. Joseba Sarrionandia idazle eta euskaltzain urgazleak paratu du liburua. Lan horretan irakurleak Txomin Peillenen idazlan autobiografikoak aurkituko ditu, baita euskarari buruzko idatziak. Idazlan antropologikoak eta literatura garaikidea aztertzen dituzten artikuluak ere bildu ditu Sarrionandiak. Eta, nola ez, Zuberoako kantore eta idazki zaharrei buruzkoak eta gai politikoak jorratzen dituztenak. Finean, XX. mendeko euskalgintzak eman duen profilik bitxienetakoa ezagutzeko parada ematen duen liburu mamitsua.
Jean-Baptiste Coyos, Junes Casenave-Harigile
Jean-Baptiste Coyos euskaltzain osoak Saran aurkeztuko duen liburua iaz publikatutakoaren segida da. 2024an aurkeztu zuen BattittukJunes Casenave-Harigile idazlearen Zortzi pastoral berri (I).Orduko hartan, apaiz zuberotarrak idatzitako lau pastoral bildu zituen Coyosek (Agosti Etxekopar, Atarratze, Barkoxe eta Dabid), eta liburu berrian beste lau agertzen dira, hain zuzen, Judit, Larraine, Lüküze Xarles Laugerrena eta San Frantzisko Xabier. Paratzaileak aitzinsolasean azpimarratzen duen moduan, sekula publikatu eta jokatu ez diren lau pastoral. Liburuan, Allande Socarros kazetari eta euskaltzain urgazleak eta Jean-Louis Davant ohorezko euskaltzainak aspaldi idatzitako testuak ere azaltzen dira, Casenave-Harigileren lana eta bizitza hobeki ulertzen laguntzen dutenak.
Euskaltzaindiak Saran agertu duen hirugarren lana harribitxia dela esan daiteke, gutxi baitira XIX. mendean euskaraz idatzitako bidaia-kontakizunak. Hain zuzen, hori da Martin Ducq apez eta idazle baxenabartarrak 1891ean publikatu zuen Erroma eta Jerusalem, bidaien kronika bat, edo, hobeki esanda, beila-kontakizuna, misionestak beila edo erromesaldi bat egin baitzuen, bidaia bainoago. Hazparneko euskaraz idatzita dago, eta horrek ere eransten dio halako xarma berezia liburu mardulari (422 orrialde ditu).
Temas
Más en Cultura
-
Un niño daña un cuadro valorado en 50 millones de euros en un museo de Róterdam
-
El Beltza Weekend celebrará su 7ª edición los días 4, 5 y 6 de septiembre
-
'Casting Lear' y 'El día del Watusi', favoritos a los Max de teatro con cuatro nominaciones cada una
-
'Cambium' y 'Kukuaren Kanta', en Documenta Madrid