Orain dela mende erdi euskara batua eraikitzen hasi zenetik, Euskaltzaindiak arau ugari eman ditu, baita hizkuntzaren erabilera egokirako jarraibideak ere. Eguneroko jardunean erabiltzeko asmoz erabaki horien berri jakin nahi izan dutenek, ordea, arau eta gomendioak han eta hemen sakabanatuta daudela ikusi dute, zalantzak argi-tzea zeregin neketsu bihurtzeraino hizkuntzalaritzan trebatuta ez daudenentzat. Hain zuzen ere, hori konpontzera dator Euskara Batuaren Eskuliburua, Euskaltzaindiak paperean zein euskarri digitalean abiatu duen proiektua. Euskara batuaren 50. urteurrena ospatzeko Arantzazun antolatutako biltzar zabalean aurkeztu zuen Akademiak tresna berri hau.

Une aproposean heldu da Eskuliburua euskaraz modu egokian idatzi nahi dutenentzat. Izan ere, euskara batuaren oinarrizko arauak zehaztuta daude, eta hizkuntzaren alor ugari jorratzen dituzten gomendioen bilduma zabala ere osatua dauka Euskaltzaindiak. Edukien aldetik, Eskuliburuak ez dakar ezer berririk, orain arte argitaratutakoa batzea du helburu, hiztunei modu eroso eta dibulgatiboan eskaintzeko.

Euskara Batuaren Eskuliburuaren koordinatzaile Andres Alberdik zehaztu duenez, argitalpenean datorren guzti-guztia Euskaltzaindiak onetsitakoa da. Kasu batzuetan, arauak azaltzen dira, beste batzuetan, Akademiak emandako gomendioak. Horien inguruan dauden “zalantzak uxatzen” lagunduko duela dio Alberdik. “Beste alde batetik, garbi adierazi behar da hizkuntzaren formulazio txarrak gaitzestera ere berariaz jo dela”. Alegia, azkenaldian hedatu diren erabilera oker batzuk argitu eta aukera egokiagoak proposatzen ditu Eskuliburuak.

PAPERA ETA DIGITALA Fitxen bidez antolatu dute Eskuliburuko edukia, 1.458 sarrera bildu dituzte guztira. Euskarri digitalean, eremuaren arabera egin daiteke bilaketa, hau da, lexikoa, sintaxia, onomastikoa edo kalko okerrak bilatzen ari den adieraz dezake erabiltzaileak. “Paperezkoa hausnarketa patxadatsua egiteko dago pentsatua; digitala, kon-tsulta azkar eta momentukoa egiteko”, azaldu du Alberdik.

Lau iturri nagusitan sakabanatuta egon den informazioa bateratu du Euskara Batuaren Eskuliburuak. Lehenengo iturria Euskaltzaindiaren arauak dira, denak jaso dituzte proiektu berri honetan, era erraz eta ulergarrian azalduak. Euskaltzaindiaren Hiztegiko jarraibidezko ohar gehienak ere bertan daude. Jagonet zerbitzuaren bidezko galdera-eran-tzunetan zalantza mordoa argitu da urteotan, eta hori ere iturri oparoa izan da Eskulibururako.

Azkenik, erabilera okerren inguruko ohar batzuk gaineratu dituzte. “Euskara batuarenak direlakoan, egitura oker zenbait sartu dira”, Alberdiren arabera, eta horiek nabarmentzea ere ezinbestekotzat jo dute, hizkera zainduan gehiago ez daitezen hedatu. Esate baterako, Eskuliburuko sarrera edo fitxetako batek oharra egiten du, aitak eta gurasoak ez direla gauza bera.

KALITATEA HELBURU Batez ere, hizkuntzarekin lan egiten dutenak izan ditu gogoan Euskaltzaindiak Eskuliburua atontzeko orduan, “jende alfabetatua”, Alberdiren esanetan. Irakasle, idazle, hizkuntza-teknikari, itzultzaile, zuzentzaile, kazetari eta abarren “eguneroko premiak asetzeko” tresna eraginkorra izatea da helburua. Euskararen arloan jakin-mina duen beste edozeinek ere etekina aterako dio.

Mende erdiko ibilbidea egin eta gero, euskara batua eremu askotara hedatu da. Zabalkunde hutsaz harago, ordea, hitz egitean eta idaztean erabiltzen den hizkeraren kalitatea zaintzea ere ezinbestekoa da. Kezka hori da Euskaltzaindia Euskara Batuaren Eskuliburua kaleratzera bultzatu duen arrazoietako bat, Alberdik onartu duenez: “Euskara batuaren aldamioa, alderdi teknikoa alegia, ia bukatuta dago, baina euskara batuaren izenean molde txar asko tartekatu da batasunaren bidean”.

Aurrerantzean, bada, erraza eta erosoa izango da Euskaltzaindiaren arau eta gomendioak kontsultatzea. Kalitatezko hizkuntzaren aldeko pausua da Euskara Batuaren Eskuliburua, Euskaltzaindiaren mendeurrenean argia ikusi duen proiektu esanguratsua. Gainera, euskara batua bera ere osatzen eta egokitzen doanez, Eskuliburua eguneratuko dute noizean behin Akademiako adituek, bertsio digitalean sarrera berriak gehitu edo daudenak hobetuta. Andres Alberdik dio, Eskuliburua eguneratzea Euskaltzaindiaren lehentasunezko egitekoa izango dela.