Oihal plastifikatuzko kremailera ireki eta ai ai ai! Eguraldi ilun eta euritsua gaurkoa ere. Ez dago iglu batetik euripean ateratzea baino gauza deserosoagorik, batez ere, une horretan argi ikusten duzulako aurrean duzun egun berria plastikoaren menpe igaroko duzula. Gorputz azala gaileta pakete indibidual baten moduan estaltzen duen plastikoaren menpe. Kanpoaldetik euri tantak, hotz, fresko eta libreak; barnealdetik norberaren izerdi lurruna, bero, ase eta irteerarik gabekoa.

Mikro etxetik hala nola oreka mantenduz irten naiz, txankletak loka-tzetan sartuz. Kokotsa hazkatuz, pinu altuen artean ikusi daitekeen zeru zatiari begira jarri naiz. Eguerdirako agian ateri?, galdetu diot neure buruari. Bista jaitsi eta bi irribarre zabal topatu ditut parez pare niri begira. Keinu, ahots ozen eta hitz trukaketa saiakera luze baten ostean, Emilia eta Victor direla jakin dut. Ukrainarrak dira, eta bizikletaz bidaia bat egiten ari dira, nire moduan. Gaur bertan inguru haietarantz noanez, informazioa biltzeko aukera paregabea suertatu zait. Zoritxarrez, nire eta beraien hizkun-tza ezagutzek ez dute amankomunean puntu gehiegirik, euskara-errusiera elkartrukea asko jota. Mapa atera, nire ibilbidea hatz puntaz marraztu eta duzhe dobre, ok! esan didatenez, lasai noa Ukrainako errepideak bi gurpilen gainean ezagutzera.

Beti da desatsegina muga bat igaro-tzea. Alde bateko eta besteko polizia edo militarren begirada zorrotzek norbera trafikatzaile edo delitugile sentiarazten dute. Zakutoetan daramadan gauzen zerrenda mentala egin dut: arropa, txamarra, iglu denda, lo zakua... eta aurpegia pixka bat zurbildu egin zait gauza batzuk irudikatzean: labana handi bat, gas kartutxoa... Nire alde faktore garrantzi-tsu bat dago, muga trastez beteriko bizikletaz igarotzen ari den pertsona bakarra naiz eta uniformedun izaki hauei bekokia okertzearekin batera irribarre txiki, oso txiki bat marraztu zaie aurpegian.

Zuloz josita Lehen pedal kolpeak egin ditut Ukrainan eta alde guztietara begira nago, niretzako guztiz ezezaguna den herrialde hau osorik barneratu nahian. Atertu egin du eta pozaren pozez eskuak altxa nahi ditut, telebistan agertzen diren txirrindulariak helmugan egin ohi duten eran. Ez dut keinua egin hala ere, herrialde honi buruzko lehen gauza ikasi baitut: errepideko asfaltoak arrantza sare batek baino zulo gehiago ditu. Ez da zulodun errepide asfaltatua, noizean behin asfalto apur bat duen zulo multzo amaigabea baizik. Zerbaitengatik ez dugu ikusten telebistan Le tour du Ukraine.

Pare bat egun daramatzat Ukrainako hego mendebaldean kokatzen den Transkarpatiako eskualdean nire bizikleta sufriarazten eta ikusitakoa hitz batean laburbildu beharko banu, patxada izango litzateke. Auto zahar herdoildu batzuk, ezer berezirik ez baina era berean atseginak diren paisaia berde menditsuak, ulertzen ez ditudan zirilikoz idatziriko trafiko seinaleak, zaldiz tiratutako gurdiren bat edo beste eta zilarrezko paperez eta urrez forratuak diruditen eliza ortodoxoak.

Kartel batek nire begirada erakarri du. Kolochava museum 40 km du idatzia, eta beste kartel guztiak ez bezala, alfabeto latinoan dago ida-tzia, zirilikoaren ordez. Hain urrutitik adierazten badute, interesgarria izango da, pentsatu dut. Mapa aztertu eta Synevyr parke nazionaleko eremu barruan Kolochava izeneko herri bat dagoela ikusi dut. A ze sorpresa nirea herrira iristean eskuin eta ezker hotel, Bed&Breakfast eta tankerakoak ikusten hasi naizenean, orain arte lo egiteko aterpe bat topatzeko izan dudan komeriekin!

Museo ugariz osatutako museo hau, etnografia, garai komunistak eta ohitura zaharrak berreskuratzen dituen espazio ireki bat da, herrixka bat ia-ia. Bertan eskualde menditsu honetako egurrezko etxe tradizionalak daude, lurra landu eta animaliak gobernatzeko beharrezkoak diren lanabesekin hornituta. Errekatik gertu dagoen trenbide zati bakarti batean, garai komunistetako tren lokomotorra, anbulantzia-tren eta bestelako tramankulu-trenak daude, sobiet eta txekoslovakiarren menpeko garaietako eskola erreprodukzio banaren alboan. Maldan gora joanez gero II. Mundu Gerrako hainbat lubaki, ezkutaleku, arma postu eta elkar akabatzeko gizakiaren talentu erakustaldiak topa daitezke.

Bada, guzti hau nire esku utzi dute egurrezko etxola bateko atea ireki eta mimika bertan gaua igaro dezakedala adierazi didatenean. Museoa ixterakoan jolas parke batean bakarrik uzten duten ume bat bezain pozik nabil, Leninen eskultura, txarrantxa sare, zerrategi, ukuilu eta auskalozerdenhori mordo baten artean. Izan ere, leku xelebre ugaritan egin izan dut lo bizikletaz mundua ezagutzera joan naizenetan, baina museo baten barnean? Ez, hori soilik Ukrainan gertatzen da.