Iazko abenduan, inork ere espero ez zuela, Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen (Bidehuts) lanarekin bueltatu zen Lisabö taldea. Zazpi urte eszenatokietatik aldenduta egon ostean, “sormenetik ezin urrunduta”, abesti batzuk graba-tzeko asmoarekin hasi ziren elkar-tzen berriz ere irundarrak, eta zazpi kantaz osatutako lana argitaratu dute. Martxoan hasi dira zuzeneko emanaldiekin, eta jada zehaztuta dituzten hitzorduetan entzun ahalko dira taldearen kontraste handiko post hardcore doinuak.

Taldekide batzuk 2016an hasi zineten elkartzen entseatzeko. Ze asmorekin?

Aspaldiko kontu bat zen hori, Ivanek (Zabalegi) banda utzi zuen garaian, 2013an, bagenuen disko berri bat grabatzeko asmoa. Beti buruan izan dugu asmo hori. Hiru urteko etenaren ostean, Jabi Manterola (gitarra eta ahotsa), Xabi Zabala (baxua), Eneko Aranzasti (bateria) eta ni elkartzen hasi ginen, ezer zehatzik gabe, baina zeozer grabatzeko edo kantu batzuk egiteko asmoarekin. Lehenengo entseguak nahiko emankorrak izan ziren eta hori moralki pozgarria izan zen. Egindako zirriborroekin eta lanarekin disko bat egiten saiatzea erabaki genuen.

Hasieratik argi zenuten diskoa grabatu nahi zenutela?

Pentsatzen genuen, beharbada, ezin izango genuela zuzenekorik jo. Hori horrela izanda, erabaki genuen hobe zela gutxienez zerbait graba-tzea, agian ez disko bat, agian gure-tzat zerbait bakarrik, baina hori egitea, behintzat, bizirik zauden sentsazio hori izateko. Azkenean, gauza batek bestea ekarri zuen eta diskoa grabatzeko aukera suertatu zitzaigun.

Elkartzeko eta sortzeko beharra zenuten, orduan?

Hori beti dago. Egia da, utzi eta hasieran faltan botatzen duzu, gero pasatzen dira hilabeteak eta urteak eta ohitzen zara. Baina beti dago sentsazio hori, nik uste dut sormenarekin harremana duten diziplina guztiek beti dutela hori atzetik, ezin zarela asko urrundu. Zaila da baztertzea eta esatea ez duzula gehiagorik egingo.

Hainbat kide-aldaketa izan ditu Lisabök ibilbidean zehar, diskotik diskora. Oraingoan ere bai. Zelan egokitu zarete?

Beti bezala. Esango nuke ez dugula errepikatu formazio berdina bi diskotan. Kasu honetan, baterian Aidaren (Torres) parte hartzea funtsezkoa izan da, aspaldiko kide bat berriz ere edukitzea oso pozgarria eta sinbolikoa izan da. Moralki oso polita izan zen, falta zen indar puntua eman zigun. Orain, zuzenekoetarako ditugun kodeak beste pertsona batzuekin konpartitu behar ditugu, talde bezala ezagutu behar dugu elkar. Beti kosta-tzen da, baina era berean beste erronka bat da.

“Zentzumenei eragiten dien musika” egiten duzuela diozue.

Guk ulertzen dugu musika ia-ia sentsazio fisiko bezala. Konposa-tzerakoan, lokalean, zeozer aurrera eramateko zerbait ia fisikoa sentitu behar dugu eta horrela uler-tzen dugu bide horretatik joan gaitezkeela.

Aurreko lanarekin alderatuz, honetan kontraste handiagoak sartu dituzue, pasarte geldoagoak.

Aurreko diskoa, Animalia lotsatuen putzua, bortitzagoa zen bide batera bideratu genuen, ia atsedenik gabe, nahi genuen intentsitatea mantentzea. Agian aurrekoak, Ezarian edo Ezlekuak, adibidez, kontraste gehiagoko diskoak ziren. Aurrekoan, ez zegoen txelorik, musika tresna hori sartu ez dugun disko bakarra da, nahita. Kasu honetan Maiteren (Arroitajauregi) ekarpena berreskuratu nahi genuen eta pasarte horiekin ere kontatu. Ez genekien nola egin, baina bagenekien tarte batzuk lasaiagoak izango zirela. Aldez aurretik, lokalean kantu horiek egiterakoan horri buruzko zerbait komentatu genuen, baina grabaketan aurkitu ditugu momentu horiek, hor hartzen baitugu sormenerako tartea, diskoa ia bukatu arte. Nahiz eta testura horiek nahi izan, ez ditugu aurrez asko pentsatzen, bidean aurkitzen dira asko. Sinbolikoki ere gustatzen zaigu ez markatzea, baizik eta gertatzea.

Martxel Mariskalek jarri dizkie hi-tzak zuen musikari. Sormen prozesuan musika eta hitzak batera sor-tzen dituzue?

Martxelekin lan egiten dugunean, ideia batzuk prestatzen ditugu, berarekin elkarbanatu eta berak jada bere ideiekin zirriborroak egiten ditu. Gero, edukiari musika bilatzen diogu, buelta batzuk eman? Martxelek duen gaixotasuna dela-eta, bere egunerokotasuna minarekin dago lotuta eta horrek hitzetan ere badu isla. Berak lehenengo hitza aurkezten duenean, berehala hartzen du zentzua kantuak.

Hasieran zalantzak zenituzten, ea zuzenekoak egiteko aukera izango zenuten ala ez. Lortu duzue eta jada hasi duzue kontzertu bira. Zelakoa izan da hainbat urteren ostean oholtzara berriro ere Lisabö gisa igo-tzea?

Martxoaren 2an Donostian jo genuen lehen kontzertua. Azken momentuko kontuekin, beti bezala, baina oso sentsazio onarekin geratu ginen denok, baita gu entzutera etorri zen jendea ere. Lehenengo kontzertua beti izaten da oso sinbolikoa, eta halakoa izan zen.