Nola jarri bertsoak dantzan? Bada, kasu honetan, bertsolariek sentipen eta emozioak harilkatzen dituzten bitartean, dantzariek olerkiei mugimendua jarriko diete, eta belarrietatik jasotzen dutena dantzaraziko dute. Haatik dantza konpainiaren ikuskizun berria da Errimak bi oinetan. 2012. urtean egindako ikuskizuna hartu dute oinarri, eta formatu bera izango duen gai, bertso eta dantza berriez osatu dute lana. Garai bateko eta gaurko bertso eta doinuez osatutako emanaldi “entretenigarria eta dibertigarria” da. Unai Elizasu eta Aiert Beobide aritu dira zuzendari lanetan, eta hainbat bertsolari eta dantzari izan dituzte bidaide proiektu honetan. Hondarribiko Itsas Etxean estreinatu zuten hilaren 27an, eta datozen hilabetetan emanaldi gehiago iragarriko dituzte.

Hain zuzen ere, 2012. urtean, Errimak Oinetan obra eman zuen ezagutzera konpainiak, eta harrera ezin hobea izan zuen. Oraingoan, bertsio berritua aurkeztu dute, berriz ere bertsolaritzaren oinarriak eta funtsa dantzara ekartzeko asmoz. Oinarri bera dute, baina desberdinak dira, Beobideren esanetan: “Lehen ikuskizunean gaien aniztasunak zuen garrantzia. Bigarren honetan, baina, testuinguru desberdinetan gai bakoitzak duena lan-tzen da, saioa aldi oro bihurtzen delako desberdin, testuinguruak eta gaiak aldi oro alda-tzen direlako”. Zuzendari biek diotenez, bertso ariketa eta jokoak dantzara eramatea da emanaldiaren berezitasun nagusia. Bertsoak zaharrak eta berriak izanen dira, eta mugimendua emanez, gaurkotasunari buruzko gogoetak plazaratuko dituzte, dan-tzaren bidez.

Duela zazpi urte, Unai Elizasu bertsolari eta gai-jartzaileari otu zitzaion ideia. “Bertsoak zerbait baldin badu da iturri askotatik esaten duela, eta azkenaldian bertsoak ikusi ere egiten dira; ikusten baldin badira zergatik ez dugu dantzaren bitartez ikusten, beste leku batera eramanez?”, egin du gogoeta. Irratian dantzari batzuei eginiko elkarrizketa entzuten ari zela forma eman zion ideiari Elizasuk: “Dan-tzan publikoari transmititzea ez zela batere erraza zioten, eta orduan bertsolariekin alderatu nuen: Bertsolariak entzuleengan horrenbeste sentimendu eta sentsazio sortzeko gauza baldin badira, entzule hori dantzaria baldin bada, nola transmitituko lieke bertsolariei jasotako horretatik? Posible izango ote litzateke emanaldi batean dena gorpuztea?”. Bada bai, posible izan zen eta horrela osatu zuten Errimak Oinetan.

Gogoan du Beobidek: “Oso bitxia gelditu zen formatua, eta sekulako arrakasta izan zuen; jendea oso gertu sentitu genuen”. Elizasuren ustetan, “ezustekoa” hartu zuen publikoak: “Hasieran ez zuen ulertzen zergatik ez zeuden bertsolariak; azken finean, megafoniatik bertso saio bat entzuten ari ziren; baina begietatik dantza emanaldia zen”.

Konturatu ziren ikuskizunak “gehiagorako” ematen zuela eta urte hauetan guztietan izan dute buruan errepikatzeko ideia. “Elkartu eta aurrekoan bidean utzi genituen gauza batzuetatik abiatu ginen, forma aldetik izan zitzaketen berritasunak aztertzen”. Orain dela urtebete ekin zioten lanari: “Hasierako formatua mantentzen dugu, baina goitik behera alda-tzen da: musika, testuingurua, bertsoak....”, azaldu du Beobidek. “Bagenuen gogoa berriro bizitzeko aurrekoan bizitakoa. Oso emanaldi dibertigarria da, baita egiten duenarentzat ere”.

Dantza, elkarlana Zazpi dantzarien artean landu dute koreografia. Beobidez gain, dantzari aritu dira Anne Jauregi, Irati Sorondo, Amaiur Luluaga, Iñigo Etxeberria, Jon Arsuaga eta Nagore Zabala. “Bertsoak ematen diguna da mezua oso zuzena dela, hitz egiten den gaiari buruz informazioa oso zuzen iristen da entzuleengana”, dio Beobidek. Hori dela eta, errazagoa egin zaie dantza garaikidearekin mugimenduak eta pausoak sortzea, “testuinguruak hitza markatzen duelako”. Emanaldi bakoitzean beti bost dantzari egonen dira, baina ikuskizunak badu berezitasun bat: dantzariak emanaldiz emanaldi aldatuko dira. “Dantzak desberdinak izanen dira, bakoitzak bere ukitua emanen diolako”.

Bidaia luzea egin dute elkarrekin zazpi dan-tzariek, eta erronka handia izan da bertsoak dantzan jartzea. “Batzuetan ez genekien zenbateraino hitzez hitz erantzun dantzaren bidez, edo bakarrik esanahia hartu eta mugimendua jarri; sortze momentua oso interesgarria izan da”. Gogoan du Beobidek lanketa prozesuan ariketak egin dituztela: “Musika jarri eta hitzak besterik ez botatzen zer nolako mugimenduak sortarazten dizkigun jakiteko ariketak egin ditugu”, eman du jakitera. Inprobisaziorako bidea izan du ikuskizunak eta hitz horiek eragiten zietena dantzara nola ereman sakondu dute.

Guztien artean sortzean, gainera, dantzari bakoitzak bere “ukitua” eman dio lanari. “Ikuskizun honetan oso garrantzitsua da dan-tzari bakoitzaren pertsonalitatea, izaera eta mugimendua: oholtzan ikusiko da zein den urduriagoa, lasaiagoa edo harroagoa, adibidez”. Ariketa itxiago eta irekiagoak sortu dituzte; horren arabera, dantzariek izanen dute askatasun handiagoa mugimenduak sortzeko. Horrez gain, mugimenduak emanaldiz emanaldi aldakorrak izanen dira, dantzariez gain gaiak ere aldatuko direlako, eta herriari zein egiten den espazioari erreferentziak egiten zaizkielako.

Gai-jartzailea, oholtzan Aurrekoan ez bezala, gai-jartzailea bera eszenatokian zuzenean ariko da. Unai Elizasuk hartu du ardura: “Horri esker, mugitzeko erraztasuna egonen da eta dantzariak xaxatzeko aukera ere bai”. Lekuan lekuko kontuak izango dira, eta unean unekoak. Badaude gai itxiak eta beste batzuk irekiagoak. Espazioaren arabera ere moldatzen joango dira, espazio bakoitzera egokituko dituztelako dantzak. Mugimenduak aldakorrak izanen dira kalerako edo barrurako baldin badira, bertsoak bezala. Elizasuren hitzetan, “toki bakoi-tzak zerbait ematen du”. Intimitate gehiago lor dezake ikuskizunak aretoan, eta egun argiz egiteak bestelako egoera sortzen du. “Publikoa ez dago berdin antzokiko butaka batean edo kaleko plaza batean; horrek oso desberdin egiten du emanaldia”.

Aurreko lanean bezala, bertsoak eta dantzak musikatu ditu Bixente Martinezek gidatzen duen Igelaren Bandak. Martinez bera aritzen da gitarrarekin, eta Amaiur Cajaraville kontrabaxu-jotzailea eta Hasier Oleaga bateria jo-tzailea ditu lagun. Ahotsetan ere “apustua egin dute” eta protagonismo gehiago eman diete: Maddalen Arzallus, Thierry Biscary, Aitor Mendiluze, Irati Sorondo eta Anne Jauregi aritu dira bertsoak kantatzen. Ahotsa jar-tzeaz gain, konpainiako dantzariak dira Sorondo eta Jauregi. “Interesgarria izan da beraiek dantzatzen dutenean beraien ahotsa bera entzutea ere”, azaldu du Beobidek.

SOILTASUNA Oraingoz, gainera, bai kalean eta bai areto barruan egin dituzte entseguak eta bietan ongi moldatzen direla adierazi dute. Hain zuzen ere, bertsoak dauden lekuetara eraman nahi dute ikuskizuna: kalea, kultur etxea, antzokia, gaztetxea, plaza... Bertsoen bidea jarraituko dutelako, eta bertso saioetan bezala, elementu gutxi izango dituzte taula gainean. Bost aulki, hitza eta dantza, besterik ez. “Ez dugu besterik behar”, diote. Emanaldiari “soiltasuna” ematen diote horrela. Bertso saioak eskaintzeko modu desberdinak proposatzen dituzte, ez delako berdin bertso afari bateko giroa eta gaiak, edo txapelketa batekoak. Giro bakoitzera eraman dituzte bertsoak, baita kopla formatura ere.

Bertso zaharrak eta berriak Bertso aukeraketa ez da erraza izan, eta gaur egungoak eta garai batekoak uztartu dituzte. Ariketa desberdinak egingo dituzte bertsolariek, eta horietan guztietan askotariko gaiak izanen dituzte jomugan. “Badira filosofikoagoak diren gaiak, gizartearen inguruan hausnar-tzeko”, azaldu du Elizasuk. Beobidek argi du ikuslea pentsaraztea dela helburu bat. Aurreko emanaldian ez bezala, iraganera jauzia egin nahi izan dute eta Xalbador eta Lazkao Txikiren bertso ezagunenak ekarri dituzte ikuskizunera. “Bertsolaritzaren historia eta, hein batean, Euskal Herrikoa ere markatu dute bertso horiek, eta interesgarria da orainera ekartzea”.

Keinua egin nahi izan diote bertsolaritzari. “Bertsozaleak direnek berehala ulertuko dute zergatik aukeratu ditugun bertso horiek eta sentitu egingo dituzte; ez dakitenentzat ongi dago horien berri izatea eta bertsoen inguruko xehetasunak jakitea”. Haien egitekoa izan da bertsoak mugimenduan jartzea, dantzaren bidez, “modu maitekorrean”.

Bertso zaharrez gain, propio sortu dituzte bertsoak ikuskizunerako, eta lan horretan aritu dira Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Uxue Alberdi, Odei Barroso, Ibon Ordoñez eta beste. Bakoitzak, gainera, bere estiloa du eta horiek guztiak lantzea nahi izan dute. Dan-tzarekin eta bertsoekin, beste bidaia batzuetara salto egiteko aukera izan dutela, alegia. Esperientzia hartu dute urte hauetan guztietan, eta horrek ere egiten du desberdin ikuskizuna. “Askoz gehiago landu dugu, zer egiten genuen gaizki eta zer ongi badakigulako; ikasi dugu, eta orain publikora ere gehiago hurbilduko gara”.

Olatz Beobide aktore eta zuzendariak jarraitu du obraren prozesua eta kanpo begirada eman du. Haren ustez, “gazteentzat erakargarria den emanaldia” da, eta horixe bera da Haatik dantza konpainiaren beste xedeetako bat. Bertsoen bidez dantzara hurbildu nahi dituzte gazteak. Arte eszenikoak bere une onenean ez daudela jakitun da Beobide: “Erakarri behar ditugu gazteak antzokira, sentitu dezaten bertan sortzen den magia hori”.

Eta horretan bere aletxoa jartzen ari dira, kasu honetan, dantza eta bertsoak uztartuz.