Bai Xabier Lizasok (Orio, 1965) eta bai German Ormazablek (Tolosa, 1966), 17 urte zituztenean, pianoa ikasi behar zutela esan zutenean, ikasketa buruak galdera bera egin zien biei: Eta zer gehiago?. Galdera hori abiapuntutzat hartuta, bizitzari eta bizitzan hartu beharreko erabakiei buruzko emanaldi bat prestatu dute musikariek, Andoni Egaña bertsolariarekin batera.

Bi piano, lau esku eta bertsolari bat. “Bizitzako bidegurutzeez hitz egitera goaz”, dio Egañak. Partikularretik abiatuta, unibertsalera jo nahi dute: “Lehenengo bidegurutze garran-tzitsua batxilergoa bukatzerakoan heltzen omen da, selektibitatearen atarian. Tutoreak zer ikasi behar duzun galdetzen dizu, baina adin horrekin, hurrengo ostirala garrantzi-tsuagoa iruditzen zaizu hurrengo 30 urteak baino. Guri ere halako zerbait gertatu zitzaigun”, azaldu du bertsolariak.

Lizasok bide bat aukeratu zuen: pianoa. Eta pianoa bakarrik. Beste bide bat aukeratu zuen Ormazabalek: zuzenbidea eta enpresa kudeaketa. Biek ibilbide oparoa izan dute euren alorrean, eta orain, pianoak batu ditu berriz ere. Euren “egia” kontatzea du helburu Eta zer gehiago? emanaldiak.

Musika ardatz Ormazabalek azaldu duenez, musikak darama emanaldiaren pisua. Pieza batzuetan txandaka aritu arren, gehienetan aldi berean ariko dira bi piano-jotzaileak, piano banarekin: “Hori da saioaren berezitasun nagusietako bat. Ez da askotan ikusten den gauza bat eta uste dut estetikoki ere interesgarria dela”, dio musikari tolosarrak. “Kontzertuetako antolatzaileek ez dute nahi izaten bi piano kontratatzea, oso garestia baita. Ikuskizun honetan zortea izango dugu, eta izugarri musika ederra eskaintzeko aukera eman digu horrek. Sekulako aldea dago piano batetik bira igarotzean, orkestra bat dirudizu, kapaza zara ia denetarik egiteko”, azaldu du Lizasok.

Bi pianoren arteko elkarrizketa, borroka eta konplizitatea ikusi eta entzungo du ikusleak, Lizasok azaldu duenez. “Musika ederra joko dugu, eta musikaz haratago ere joango gara”, gehitu du bere aldetik Ormazabalek. Konpositore ezberdinek idatzitako pieza orijinalak joko dituzte biek: Chopin, Ravel, Morricone, Williams? Baita antzerki eta zinemako soinu bandak ere: Cinema Paradiso edota West Side Story, adibidez. “Bizitza nolakoa den azaltzen lagundu digute pieza horiek”, aitortu du musikariak. “Oso momentu hunkigarriak daude emanaldian zehar: jendeak negar egiten du batzuetan, barre beste zenbaitetan, eta antzokietatik irtetean, gozatu ederra sentitu dutela esaten digute gehienek. Izugarri pozik gaude”, kontatu du Lizasok.

Kontzertutik badu emanaldiak, baita antzerkitik ere. Egañaren hitzek eta portaerak “bizkarrezur” bat emango diete piano-jotzaileek jotako piezei: “Nire funtzioa da bi hauek jotzen dituzten piezei hari bat ematea, istorio bat kontatzea, jendea pieza horietan sar dadin. Hitza, beraz, aitzakia da entzule bakoitzak bere istorio pertsonala garatu dezan, eta istorio hori buruan duela musika pieza entzun dezan”, azaldu du bertsolariak.

Bertsoren bat ere botako duela jakinarazi du Egañak, baina bere eginkizuna gehiago da narratzailearena eta publikoaren artean hausnarketak sustatzearena, baita aktore gisa jardutearena ere: “Publikoari zer pentsatua ematea da helburua, eta bi piano-jotzaileren bizi-tzak hartu ditugu aitzakiatzat. Noiz eta zer egoeratan hartu behar izan nuen erabaki garrantzitsu bat? Zer irabazi nuen? Zer galdu? Askatasuna eta lotura ez al dira txanpon beraren bi aurpegi?”, galdetu du Egañak.

Erabakiaren garrantzia “Erabakiak hartu behar izateri kutsu negatiboa ematen diogu askotan, baina erabakiak badira zentzu batean bizitza aurrera daramaten motorea, eta beraz, ikuspegi positibo batekin egin behar diegu aurre. Gizaki guztioi egokitzen zaigu erabakitzea eta gure balio eta printzipioekin bat datozen erabakiak hartzen saiatzen gara, geure buruarekin koherenteak izaten”, hausnartu du Ormazabalek. Hala ere, tolosarrak argi du erabakiek galerak ere ekartzen dituztela: “Horretan datza erabaki bat, zerbait aukeratu eta beste zerbait alboratu. Batzuetan gustuko ditugun gauzak galduko ditugu, baina garrantzitsuena zure baloreekin koherentea izatea da”. Hori da, hain zuzen ere, Eta zer gehiago? ikuskizunaren late-motiv-a: “Bidegurutze zailen aurrean sentitzen dugun itolarri hori, eta horiei zelan egiten diegun aurre. Bizitzan gertatu dakigukeen gauzarik txarrena da egoeren gaineko analisietan paralisia edukitzea. Aurrera egin beharra dago”.

Zentzu horretan, ez dela bidegurutzerik atzera bueltarik gabekorik gogoratu du Egañak, eta Lizasoren eta Ormazabalen istorioa jarri du adibide gisa: “Lizasok pianoan ardaztu zuen bere ibilbidea, hori izan zen bere erabakia. Germanek pianoa ikasi bai, baina beste ikasketa batzuk lehenetsi zituen bere garaian. 40 urteren ondoren, pianoak elkartu ditu berriro”.

“Gogoan ditut, eta zer gehiago galderari ezer ez gehiago erantzuten nienean, ingurukoek jartzen zituzten aurpegi horiek. Eskuak burura eramaten zituzten. Handik gutxira, Polonian ari nintzen pianoa ikasten, ibilbide profesionala abiatzear. Messi banintz bezala begiratzen ninduten zenbaitek. Lortu duzu, Xabier”, gogoratu du Lizasok.

“Xabier tematu egin zen pianoarekin, German ez zen ausartu, baina biek lortu dute zorion-tsu izatea eta nahi zutena egitea. Batak lehenago eta besteak beranduago, berdin du. Agian ez da hain garrantzitsua zein erabaki hartzen dugun, erabakia bera hartzea da garrantzitsuena”, egin du gogoeta Egañak.

EDONORK GOZATZEKOA Eta gero zer? ikuskizunak eszena zuzendari bat ere badu: Agurtzane Intxaurraga. Kontzertua, antzerkia, bertsoa, inprobisazioa? errepresentazio orekatu batean uztartzea izan da bere lana. “Eta halaxe egin du -diote musikariek-. Edonork goza-tzeko moduko ikuskizuna osatu dugu. Goi mailako musika emanaldia eskainiko dugu, bizi-tzako egiez inguraturik. Publikoan edonor dagoela ere, musikan adituak edo kontzertu batera inoiz ez etorritakoak ere, ez dira antzokitik axolagabe irtengo. Gure istoriotik abiatu gara, baina gure egiak ez dira publikoarentzat arrotzak izango. Zer ikasi, norekin ezkondu, lana utzi, dena utzi eta kanpora joan bizitzera? Halako egoerak planteatuko ditugu, German eta bion musikaren bidez eta Egañaren hitzen bidez”, laburbildu du Lizasok.