Treneko ezezagunari begirada

Ikus-arteen Ertibil Bizkaia saria irabazi du Helena Goñi argazkilariak. Kanadan 2017ko udan egindako bidaian ateratako bi argazkirekin eskuratu du sari nagusia. Laguntza ekonomikoarekin batera, Japonian egonaldi artistiko bat egiteko aukera izango du artistak

17.05.2020 | 16:30
'Dos retratos a Gabe en el tren', Ertibil sarien irabazle.

Bi hilabetez alderik alde zeharkatu zuen Kanada Helena Goñi argazkilariak (Bilbo, 1990). 2017ko uda herrialde erraldoia ezagutzen igaro zuen. Lehentasuna hori ez bazen ere, argazki mordoa ere atera zituen han hemen deigarri egiten zitzaion pertsona, paisaia eta gertaerak irudietan jasoz: "Gaur gaurkoz damu naiz argazki gehiago atera ez izanaz". Halere, azkenerako, sorta bat bilduta itzuli zen Bilbora. Bueltan, baina, tiraderan gorde zituen irudiok. Hiru urte beranduago, bidaia hartan atera zituen bi argazki aurkeztu ditu Ertibil lehiaketara: Dos retratos a Gabe en el tren (Trenean Gabe-i egindako bi erretratu). Sari nagusia eskuratu du argazkilariak.

Toronton hasi eta Vancouverren bukatu zen Goñiren abentura, eta trenez egin zuen ibilbide osoa. Tren hartan ezagutu zuen Gabe: "Goizeko zazpietan hurbildu nintzen Torontoko tren estaziora, eta berehala egin zitzaidan deigarri mutiko haren ile berdexka. Bere jarrerak bazuen asko erakartzen ninduen zerbait". Goizean goiz zela-eta Goñik harengana ez hurbiltzea erabaki zuen; baina, gutxi iraun zuen gazteen arteko banaketak. "Kasualitatez edo, justu nire aurrean eseri ziren mutikoa eta haren ama", azaldu du Goñik. Lau egun igaro zituzten trenean "itxita" eta halabeharrezko erlazioa sortu zela esplikatu du Goñik: "Ez zegoen beste zereginik, eta oso harreman estua sortu zen gure artean".

Oso mugitua zen Gabe, hiperaktiboa Goñiren ustez: "Beti zegoen urduri". Ertibil sariketara aurkeztu zituen bi irudietan, ordea, oso lasai ageri da mutikoa. Horregatik ere bereziak dira artistarentzat. "Erretratu ugari egin nizkion, baina asko mugitzen zen, eta oso gutxitan erlaxatzen zen. Iruditzen zait bi argazki hauetan iragazkirik gabe ageri dela, lasai". Ertibilen erakutsitako biak eta Gabe lo ageri den beste argazki bat dira Goñiren kuttunak.


Artistak aitortu du bi argazki horiek "bereziak" iruditzen zaizkion arren, zaila egin zitzaiola sariketara aurkezteko irudiak hautatzea. "Kuriosoa da, ze artista bakoitzak bi artelan aurkeztu ditzake, eta aurkeztu dudan bestearekin ziurrago nengoen. Bestea ere Kanadan ateratakoa da eta zalantza nuen ez ote zen hobe beste zerbait aurkeztea".

Azkenean, treneko mutikoaren erretratuak izan dira garaile. Kurioski, oraingoz behintzat, Gabek ez du bere erretratuen ibilbidearen berri. Goñik esplikatu du saiatu dela berarekin harremanetan jartzen. "Pena da, baina berak ez daki bere argazkiei esker sari bat irabazi dudala. Trenean agurtu ginenean email bat eman zidan, baina etxez aldatzen ari zen garai hartan eta bere eskola zaharreko emaila zen. Idatzi nion, baina errebotatu egin zidan korreoak. Berak badu nirea, eta batek daki agian egunen baten idatziko dit".


IRAGANETIK ERRESKATATUAK Kanadara egindako bidaiak esperientzia pertsonala izatea zuen helburu, Goñiren haurtzaroko bizipenetatik tiraka. Bederatzi urte zituela, urtebete eman zuen herrialdean bizitzen, eta aitortu duenez aspaldi piztu zitzaiola Kanadara "bueltatzeko" nahia. "Betidanik eduki dut oso presente Kanada. Urte horrek izugarri markatu ninduen, eta gogoratzen nuena eta errealitatea zenbateraino zetozen bat jakin nahi nuen".

Gogo hori, ordea, egunerokotasuneko zurrunbiloan apalduta geratu zen urte luzez; baina, EHUko Arte Ederren fakultatean gradua bukatu eta Londresen igaro zituen bi urte Goñik, eta hantxe berpiztu zitzaion gogoa: "Londresen egon nintzenean memoriari buruz asko irakurri nuen eta Bilbora bueltatu bezain pronto bidaia hori egiteko aurrezten eta lan egiten hasi nintzen buru belarri".

Kanadan egondako lehen aldiak bezalaxe, bigarren bisitak ere asko markatu zuen artista, eta irudiak lantzen hasteko denbora pasatzen uztea erabaki zuen. Atzera begirakoak egitea ez da ezohikoa argazkilariarengan, ordea. Irudi zaharrak berreskuratzea bere metodologiaren parte dela uste du: "Gustatzen zait irudiak ateratakoan tarte batez alboratzea eta handik denbora batera lantzen hastea; Kanadako irudien kasuan, gainera, karga emozional handia izan zuen bidaia horrek niretzat eta denborak perspektiba eman didala uste dut".

Pilaketa eta argazkien arteko konexioa. Bi irizpide horiek ezaugarritzen dute Goñiren lan egiteko manera, eta kamera analogikoa erabiltzen du batez ere. Denbora uztearen irizpideari jarraiki, Kanadako irudiak, esaterako, 2019an hasi zen "lantzen". Urtarriletik ekainera bitarte Bilbao Arteko beka bat eskuratu zuen argazkilariak, eta orduantxe hasi zen atzera begira: "Hasi nintzen ikusten, bilduta irudiek nola konektatzen zuten euren artean; argazkiei forma ematen eta material horrekin obra sortzen."


SARI 'BEREZIA' Mundua hankaz gora jarri den honetan, "ilusio berezia" egin dio Goñiri sariak; izan ere, poztekoa zaio bere sorkuntza lana egiten segitzeko bultzada. Sari ekonomikoaz gain, Japonian egonaldi artistiko bat egiteko aukera izango du argazkilariak. Oraingoz, ziurgabetasuna nagusi den arren, 2021ean egingo du bidaia seguruenetik. "Atzeratu egin dute, baina dena bertan behera geratzen ari den honetan, ez da gutxi". Itxaropentsu dago Goñi, munduaren bestaldean bere sorkuntza lanak erakusteko irrikaz.

Helena Goñik irabazi du Ertibil saria. PABLO VIÑAS

Ertibil Bizkaia saria

Bizkaitarra izatea eta 35 urtetik behera edukitzea. Horiek dira aurkeztutako piezen egileek bete beharreko irizpideak. Goñiren kasuan, ez da sariketara aurkezten den aurreneko aldia. 2016an hirugarren saria lortu zuen, eta 2018an, berriz, sari nagusietatik at aukeratutako 15 artelanen parte izan zen argazkilariak aurkeztutako lana. 28. edizioa izan da aurtengoa, eta azken urteetan erantsi diote Japoniako egonaldia sariari. Diziplina anitzetako artelanak aurkeztu ditzakete parte hartzaileek: pintura, eskultura, argazkilaritza, bideogintza eta grabatua.

Lo último Lo más leído