Izpi berri bat

Bere bigarren lana kaleratu berri du Era Batera taldeak: 'Izpi Galdua'. Beste talde batzuetan aritutako hainbat musikariz osatutako seikotea da, eta bigarren lan honetan abestiak baikorragoak badira ere, betiko estilo bera darabilte oraingoan ere: hainbat iturrietarik edaten duen rock-a

24.05.2021 | 09:19
Era Batera taldeko seikotea

2021eko lehenengo hiruhilabetean kaleratu du taldeak bere bigarren diskoa: Izpi Galdua. Sei abestiz osatutako lana da, Arrazolako Zumela baserrian grabatu dute (Bizkaia), Iñigo Etxebarrieta "Pitu"-k egin ditu nahasketak, eta Victor Garcia arduratu da masterizazioaz.

Guztira sei kidez osatutako taldea da Era Batera: Willis Drummondeko Jurgi Ekiza (ahotsa), Ken Zazpiko Beñat Serna (gitarra), Doubiteko Josu Aginaga (gitarra), Gari eta Smile taldeetako Miguel Moyano (teklatua) eta Gatibuko Mikel Caballero (baxua) eta Gaizka Salazar (bateria). Azken honen proiektu pertsonal gisa sortu zen, hain zuzen ere, Era Batera.

Era Batera proiektua Gaizka Salazar Gatibuko bateria-joleak osatutako eta urteetan zehar pilatutako kantu ba-tzuekin abiatu zen. Musikariak dioenez, "saminetik" sortutako abesti horiek estudioan grabatzeko erabakia hartu eta Caballero, Serna eta Ekizarekin elkarbanatu zituen. Horien erantzuna argia izan zen, beraz, lanari ekin eta Antipodetan izeneko diskoa sortu zuten, 2018ko udaberrian.

Hortaz, hasiera batean lau ziren Era Batera taldea osatu zuten musikariak. Baina 2018tik hona bi partaide gehitu dira proiektura, gaur egungo seikoteari forma eta sendotasuna emateko: aurretik aipatutako Aginaga eta Moyano.

2018an emandako lehenengo urrats horiek "ilusio eta gogo handiarekin" eman zituztela kontatu du Salazarrek, baita nolabaiteko ziurgabetasunarekin ere, atzean lan handia egon arren ez baitzekiten nola funtzionatuko zuen proiektu berriak. Dena den, hasierako ilusio eta gogo horri eutsi eta hiru urteren buruan ailegatu da taldearen bigarren lana: Izpi Galdua.

ABESTI ROCKEROAGOAK

Sei kantuz osatuta dago bigarren disko hau, eta horietako bat Delirium Tremens taldeko Andoni Basterretxearen ahotsaren laguntzarekin sortu dute. Salazarrek azaldutakoaren arabera, lehenengoaren jarraipen naturala da bigarren disko hau. Dena den, abestiak "baikorragoak eta helduagoak" dira oraingoan, hortaz, diskoak tonu positiboagoa duela azaldu du. Horrez gain, bigarren honetan talde izaera oso nabaria dela ere esan du.

Lan honetan, arreta handia ipini dute soinuan, izan ere, abestiak alde horretatik oso landuak direla dio bateria-joleak. Gainera, aurreko lanerako sortutakoak baino dezente rockeroagoak ere badira, nahiz eta estiloa ez den Antipodetan izeneko lehenengo lanean erabilitakoaren oso desberdina. Dioenez, bi diskoak dira Era Batera taldearekin "identifikagarriak", biek egiten baitute bat euren soinu eta estiloarekin.

IDEIA ETA SENTIPEN MULTZOA

Rock-a du taldeak estilo nagusitzat, nahiz eta beste iturri batzuetatik ere edaten duen, pop-etik esaterako: "Taldean sei izanik, kolore eta bide desberdinak egiteko aukera eta beharra dugu, guk gure erara egiten dugu gure musika, era batera".

Diotenez, ez dute mezu jakinik transmititu nahi egiten duten musika eta hitzen bidez. Orokorrean, barruan dituzten ideia eta sentipenak kontatzen dituztela esan du Salazarrek: "Gure planetari, ametsei eta musikari buruz hitz egiten dugu gure letretan, besteak beste". Horren adibide da bigarren lan honetako Amets egin izeneko kanta, esaterako. Horrela dio: "Haien baimenik ez dugun arren, jarraitzen dugu amesten, irribarrea dugu, badakizu€".

AURKEZPEN BIRA

Osasun krisiak ez du oztopo edo trabarik ekarri Era Batera taldearentzat. Izan ere, jaso-tzen ari diren harrerarekin pozik daudela dio Salazarrek. Azaldu duenez, lehenengo lanarekin baino "feedback handiagoa" nabaritu dutela azaldu du, eta orokorrean, jende gehiagorengana heltzen ari dela, garai zail edo ilunetan kaleratzeko hautua hartu duten arren.

Egindako kantu eta soinuekin ere oso gustura gelditu direla adierazi du, baita Ramon Zabalegik egindako diseinuarekin ere. Hortaz, bigarren lan hau munduari erakusteko gogoz dago taldea, eta dagoeneko ekin diote diskoa aurkezteko birari. Zehazki, Bilbon eman zioten hasiera, eta Gernikan ere izan dira. Dena den, datozen aste eta hilabeteetan hainbat kontzertu eskainiko dituzte, beraz, oholtza gainean ikusteko aukerak izango dira.

Momentuz, maiatzaren 16an Donostiako Antzoki Zaharrean eskainiko zuten kontzertua atzeratu eta data berria finkatzeko zain dago taldea. Horrez gain, Bonberenean (Tolosa) izango dira gaur bertan, eta Aiaraldea Ekintzen Faktorian (Laudio) datorren ekainaren 5ean. Horietara joateko sarrerak salgai daude dagoeneko.

ETORKIZUNARI BEGIRA

Dena den, Izpi Galdua disko berria jendaurrean aurkezteaz eta kontzertuak eskaintzeaz gain, badituzte beste helburu edo erronka batzuk. Etorkizunari begira, talde bezala egonkortu nahi dutela adierazi du Salazarrek, baina batez ere, bidean disfrutatzea gustatuko litzaieke: "Etorriko dira etorri beharrekoak, guk bitartean bidean jarraituko dugu".

noticias de noticiasdenavarra