Memoria egin, ahanzturan bilatuz

Emakumeen bizitza-istorioak ikusaraztea helburu duen 'Ellas' proiektuak bidea eginez jarraitzen du, istorio gehiago jasoz eta kalean ere nagusitasuna hartuz

22.06.2021 | 14:15
Emakumeen bizitza-istorioak ikusaraztea helburu duen 'Ellas' proiektuak bidea eginez jarraitzen du, istorio gehiago jasoz eta kalean ere nagusitasuna hartuz

BADA kontatu den historia bat eta entzun diren istorio asko. Baina badira isildu diren beste hainbat, edo gehiago. Eta istorio horiek badute zer kontatu eta nork kontatu. Eta orain, gainera, badute zelan kontatu. Badute istorio guzti horiek balioesteko espazio bat, eta hori da Ellas.

Argazkigintzari eta memoriari lotutako proiektu parte hartzaile bat da Ellas, Bilboko auzo garaietako emakumeen bizitza-istorioak ezagutzea eta ikusaraztea helburu duena. Ellas bilaketa bat da, eta, era berean, topaketa bat: familia albumak zaintzen dituzten azken belaunaldiko emakumeekin egindako topaketa bat, memoria ez-idatziaren zaindariekin egindako elkarretaratze bat.

2016ko amaieran du jatorria proiektuak, Ainhoa Resano argazkilariak eta Sabina Lafita antropologoak elkarrekin bidea hasi zutenean. Lafitak aurretik ere egina zuen memoriari lotutako lanen bat edo beste, eta, Bilboko auzo garaietako emakumeen memoria landu nahi zuen. Resanok ordurako Escalera 17 dokumentala egina zuen, zeinetan bere auzokide batzuen memoria lantzen zuen, eraikin oso baten kaleratze prozesu bat oinarri hartuta.

Memorien album berri bat eraikitzeko grinak elkartu zituen Resano eta Lafita. Emakume anitzekin eta argitaratu gabeko argazkiekin egin nahi zuten hori, auzo horietako historia eta oraina gainditzen dituzten klixeak eta estigmak irauliz, eta emakume anonimoen isildutako bizitzak erakutsiz. Hala, argazkigintza eta memoria arlo pribatutik publikora eta banakakotik kolektibora aldatuz.

Lehenengo urtea alde teorikoa lantzen igaro zuen bikoteak, auzoaren ezaugarriak ikertzen, ikus-entzunezkoetan eta liburuetan arakatzen. 2017ko uztailean Cortes kaleko higiene-denda zabaldu zuten, emakumeentzako lehen higiene-denda izandako hura. Bertan, ordura arte egindako lana jarri zuten ikusgai, eta 15 egunetan, hainbat jarduera antolatu zituzten. Geroztik, hainbat erakusketa eta argitalpen egin dituzte. 2019an bakarkako lanari ekin zion Resanok, Lafitak beste lan batzuei heltzen zien bitartean.

Argazkilariak emakume horiengandik jasotako kontakizun eta argazkiak espazio publikora eramateko konpromisoa hartua zuen, eta, hala egin zuen. Erabilerarik ez zuten auzoko dendetan (pertsianetan gehienak) emakume horien argazkiak jartzea eta QR kodearen bidez beraien kontakizunak entzuteko aukera ere zabaltzea proposatu zion bilbotarrak Sarean San Frantzisko auzoan dagoen espazio kulturalari. Hala, 2020ko abenduan kalean ere hartu zuten emakume horiek nagusitasuna. Jarri zituztenetik gaur egunera arte erortzen joan dira horietako asko, baina uda aurretik berriz ere jartzeko asmoa erakutsi du bilbotarrak.

Kontakizunetako protagonistengatik galdetzean argi du Resanok erantzuna: "Asko dira emakume horiek, eta gehiago izango dira; hainbeste dira, gu, emakume guztiok, garela". Kontxa, esaterako: denetan lehena eta bere auzotik alde egiten aurrenekoa. Miki, Cortes kaleko zerbitzari bakarra. Vitori, bere arrebaren egun berean ezkondu zena. Sagrario, ijito arrazako emakumea, Angustiasen alaba, anarkista familiakoa. Nikole aurreko lokaletik korrika oihukatu zuena: "Nire ipurdia haien artean egotea nahi dut". Isabel eta bere album misteriotsua. Merchek 700 ogitarteko ematen zituen plazako bere gozoki-dendan. Bego, 40 urte baino gehiagoz eta hil arte maitalea izan daitekeela esan ziguna. Baztertuak, album familiar batean inoiz agertuko ez direnak. Paqui, apaizentzat lan egiten zuen kordobarra. Michele, album familiarrik ez duena pateran iritsi zelako.

Horiekin eta beste hainbat emakumerekin elkartu da Bilboko argazkilaria, eta topaketa guztiak "zoragarritzat" hartu ditu. "Denbora askorekin lan egin da, kontu handiz eta errespetu eta maitasun guztiarekin", aipatu du. Proiektuan parte hartu duten emakumeak "beti pozik" nabaritu ditu, "hunkituta eta harro". Beraien artean hitz egiten ikusteak poztu egiten du, eta aitortu duenez, "oso polita da emakume horiek beraien bizitzak gogoratzen ikustea". Bizitoki duen auzoari buruz gehiago jakiteko ere balio izan dio proiektuak, eta, horrekin batera, momentu pertsonal eta zintzoak bizitzeko aukera ere eman dio, beste era batera ezagutzea zaila litzatekeen emakumeekin.

Resanok, bere aldetik, proiektua balioesten jarraitzen du: artxibo-liburu bat argitaratu nahi du, memoria egiteko hartu zuen konpromiso horri jarraiki. Dokumental bat sortzea ere badu buruan. Gainera, gauzatutako proiektua beste hainbat auzo eta herritara hedatzea ere gustatuko litzaioke. "Memoria guzti horiek gehitzen joan, eta horiekin guztiekin, memorien atlas bat egin". Bitartean, emakumeen etxeetara joaten jarraituko du, beraien argazkiak elkarrekin ikusi, eta auzoko kaleetatik ibiliaz, memoria berreraikiz; auzoko emakume horien deiak jasotzen jarraituko du, eta horien ahoetatik istorio berriak ezagutzen, eta horietako bakoitzarekin harritzen. Eta, bitartean, familia-albumetatik, gizartean birpentsatzen jarraituko du, garai ezberdinetan emakumeak izan duen tokiaz jabetzen segituz.

noticias de noticiasdenavarra