Soinua, irudia eta mugimenduaren arteko interakzioan sakontzeko saiakera. Hitz gutxitan esanda hori da Bagara kolektiboaren proiektu berria: I[n]tera[k]zio laborategia. Ikuskizun polita baino, ikus-entzuleari esperientzia berri bat bizitzeko aukera ematea helburu duena. Ikus-entzuleari bidaia berri bat proposatzera datorrena. Oholtzan bost lagun, eta inprobisazioa beraien bidelagun.

Dantzak elkartu zituen Uribarri Atxotegi, Ane Gabilondo eta Maider Etxegibel. Ordura arte horietako bakoitzak bere bidea egina bazuen ere, gogo eta pasio berak elkartuta sortu zuten Durangon Bagara kolektiboa duela urte bete pasatxo. 2020ko irailean elkartu zen Aritz Lasarguren lehenengoz Bagara kolektiboko dantzari eta sortzaileekin. Buruan bueltaka zeukan ideia proposatzeko jo zuen Atxotegi, Gabilondo eta Etxegibelengana Larsagurenek.

Proiektua elkarrekin garatzeko proposamena egin zien orduan dantzari eta ingeniari informatikoa den Lasargurenek. Azken horren arabera, "hasieratik oso ideia interesgarria iruditu zitzaien Bagara kolektiboko kideei, batez ere, zuzeneko inprobisazioak berarekin zekartzan erronkek erakarri zituzten". Beranduxeago gehitu zitzaien proiektura Unai Bilbao, taldeko musikaria. Azarorako lehen entseguarekin zebiltzan. Hiru neskak mugimenduan aritzen dira, Bilbao soinuan, eta Lasarguren zuzeneko irudi bisualetan. Baina bostak dira dantzariak, eta, beraz, lengoaia bera ulertu eta elkarbanatzen dutenaren zalantzarik ez da.

Esperimentatzeko gogoz zen Lasarguren, irudi bisualak dantzarekin uztartzean, beraien artean sor zitekeen konexioa ezagutu nahi zuen. Ikuskizun polita eta azalekoa baino, ikuslearengan eragingo lukeen zerbait sor-tzea zeukan buruan Durangoko dantzari eta ingeniari informatikoak. Taldeak proposatutakoarekin esperientzia berri bat bizitzera eraman nahi zuen publikoa, bidaia bat egitera. Dagoeneko, hiru aldiz igo dira eszenatokira aipatutako bost artistak, Durangon birritan eta Bilboko BBK aretoan hirugarrenean. Hasiera batean ideia huts bat zena, taula gainera eramatea lortu dute, eta teoria hartatik praktikara, gainera, ez da askorik aldatu.

jolas baten antzera

Laborategi baten antzera antolatu dute ikuskizuna, non soinuek, irudiek eta mugimenduek bat egiten duten. Istorio edo narratiba lineal batetik ihesi, jolas bat proposatzen du boskoteak, ikusleen parte hartzearekin eta inprobisazioarekin osatutako jolas bat. Publikoak bere gaiak, desirak, kezkak proposatzeko aukera du, eta oholtza gaineko artisten lana izango da publikoaren gai horiek jaso eta eszenifikatzea, hartara, unibertso propio bat sortuz. Publikoaren aldetik gai bat jaso, horretan pentsatu, eta horri lotutakoak plazaratu. Bertsolarien antzera, hori da laborategia osatzen duten pertsonen betebeharra. Baina badute bestelako zeregin bat ere: oholtza gaineko bost lagun horien arteko interakzioa lortzea, nolabaiteko lotura izatea.

Publikoak proposatutako gai horietan, artista bakoitzak bere ikuspegia azaleratuko du, eta beraien arteko loturak bilatzea izango da horien lana. Lengoaia hibrido bat sortuko dute momentu horretan. Ikus-entzulearen-tzat ez ezik, oholtza gainekoentzat ere ezustekoa izango da bertan gertatuko dena eta biziko dutena. Publikoak zer eskatuko duen ez jakin, eta, gainera, gainontzeko kideek zer egingo duten ere ez dute jakingo artistek. Horietako bakoitzak egin nahi duenaz pentsatzeko denbora tarte bat hartuko du, gainontzeko kideekin hitz egin gabe. Zer adierazi nahi duen, eta nola eta zer sentitzen duen aipatutako gaiari buruz pentsatu beharko du. Eta momentu horretan hasten da proiektuko kideentzat benetan interesgarria dena, mamia daukana. Taula gainekoek hausnartzen duten bitartean, publikoari landuko duten gaia zein den adierazten diote, hartara, horietako bakoitzak aipatutako gai horren inguruan hausnartzera gonbidatuz.

Behin nork bere buruarekin hausnartuta, plazaratzeko ordua iritsiko da. Momentu bizia izango da, aldatu ahalko dena. "Pasatu izan zaigu, adibidez, ikuskizun batzuetan, ni irudi bisual batzuekin hastea eta buruan ideia bat izatea, eta halako baten, Unaik proposatutako musikak beste leku batera eramatea, nire ideia guztiz aldatuz", aitortu du Lasargurenek.

Hala ere, publikoak proposatutako gaiak lantzeaz gain, beraiek proposatutako jolas batzuk ere lantzen dituzte. Jolas horietan, pauta batzuk ezartzen dituzte; esaterako, zein musika tresna erabili edo zein irudi bisual. Pauta horiek eduki arren, momentuan bertan inprobisatuko dute modu horretan ere.

Momentu maGikoak

Azken finean, beraien ikuskizunean, inprobisazioaren bitartez, hiru elementuen arteko elkarreraginetan eta sortzen diren loturetan sakontzea bilatzen dute, bat-batekotasunean lor-tzen den magia horretara ailegatzeko saiakerak eginez. Ikuskizun bakoitzean momentu magiko batzuk bizi izan dituztela aitortu du, eta durangarraren arabera, une horiek dira guztiari zentzua ematen diotenak.

Gaiak aldatzen joateak eta saio bakoitzean beraien gorputzak, gogoa eta sentitzeko erak ezberdinak izateak egiten dute egun bateko eta besteko ikuskizunak beraien artean ezberdinak izatea, errepikaezinak. Ikuskizun bataren eta bestearen artean antzekotasunak egon badaude, egitura bera mantentzen baitute. Publikoari gaiak proposatzea eskatu aurretik, sarrerako pieza bat eskaintzen dute, aurkezpen gisara. Eta horren ostean iristen dira ikusleek proposatutako lau gaien inprobisazioak eta jolas pautatuak. Amai-tzeko, bukaerako pieza bat egiten dute. Unaik sortutako abesti original batekin girotzen dute ikuskizunaren amaiera, gitarra eta klarinete soinuak nahastuta, laborategiaren nortasunarekin bat datorren kantuz jantzita. Ikusleen barruak mugitzeko sortu zuten aipatu abestia, publikoarengan tentsio puntu bat sortzeko.

Ikus-entzuleak hiru disziplinak lotzean sortzen den giroa bizitzea da beraien asmoa, eta orain arte eskaini dituzten emanaldietan hori lortu dutelakoan dago kolektiboa. "Batzuei gustatuko zaie edo ez, baina, behintzat, gure asmoa, alegia, zerbait eragitea, sentsazioak sorraraztea, uste dut lortu dugula. Jakin badakit batzuetan ez dela polita esperientzia horiek bizitzea", azaldu du. Publikoak proposatzen dituen gaiez ari da, gai horiek lan-tzean barruan mugitzen denaz. Orain arteko ikuskizunetan, esaterako, honakoak izan dira proposatu dituzten gai batzuk: Eguzkia, Gaua, Bihotza, Preso, Beldurra, Begirada, Arnasa, Lagunak, Txoria, Maitasuna, Babesa€

Lasargurenek dioenez, ikus-entzulea ohituagoa dago ohiko ikuskizunez gozatzera, eta, ez daki, hortaz, beraiek eskaintzen duten formatu hori den ikus-entzuleak ikusi nahi duena. "Baina bai iruditzen zait, beste proposamen bat, desberdina, hainbat disziplina ezberdin uztartzen dituena. Eta sortzen den lengoaia hibrido horretan, benetan harrapa zaitzakeena ikuskizunak irauten duen bitartean".

Ingurukoen babesa

Buruan zuten ideia bat izatetik proiektu gauzagarri bat izatera ailegatzeko, ingurukoen babesa eta laguntza ezinbestekoa izan dute proiektuko kideek. Izan ere, kultur disziplina ezberdinetarako Durango bezalako herrian hutsune handia dagoela somatzen du Lasargurenek: "Batetik, espazioak ez daudelako, sortzeko bat ere ez, eta entseatzeko batzuk, baina ez udalarenak". Oso zaila da, dioenez, norbanako edo kolektibo bezala zerbait egitea, sorkuntzarako espazio bat edukitzea. Kolektibo baten izenean, behintzat, beste leku batzuetan musturra sartzea errezagoa dela dio, eta modu horretan, Durangoko San Agustin Kulturgunea eskertzeko aprobetxatu du: "Beraiek eskaini digute espazioa, teknikoki behar izan duguna, aholkuak, babesa€ Beraien laguntzarik barik, gurea ideia baten geratuko litzateke".

San Agustin kulturgunea eta Plateruena dira Durangon dauden oholtzak, "San Agustin kulturgunea gainezka dago, eta Plateruena, berriz, hutsik". Durangon kultur sortzaile asko dagoela azaldu du; are gehiago, espazio bat eskainiz gero, talde gehiago sortuko liratekela uste du, eta jendeak sorkuntza horiek aurrera eramateko gogo handiagoa izango lukeelakoan dago.

Uztailean hiru ikuskizun eskaini ostean, atsedena hartzeko aprobetxatuko dute abuztua, baina irailean proiektuari berriz heltzeko gogotsu eta indartsu daude proiektuko kideak. "Irailetik aurrera jaialdi edo herrietara eramango dugu gure proposamena, eta, bitartean, orain arte jasotako feedback-ak kontuan hartuko ditugu ikuskizuna aberasgarriago egiteko". Uste dute aurreko ikuskizunetik jasota, geroz eta sakonagoak izatera iritsiko direla. Beraientzat, behintzat, oso proiektu interesgarria da sortu dutena, eta, era berean, beraien buruak muturrera eramateko erronka paregabea. Horregatik, gogotsu jarraituko dute irailetik aurrera 50 minutu inguru irauten duen beraien proposamen berria han eta hemen zabaltzen, edo, behintzat, saiatzen.