Ez dago herririk frontoi bat ez duenik. Hala dio Dabid Argindar argazkilariak. Ez du ezjakintasunetik hitz egiten, ikusi izan duenetik baino. Ehun frontoi baino gehiago ezagutu ditu, eta gehienak argazki kameran jaso ere; beste asko, ordea, zerrenda batean bilduta ditu, oraindik ere ezagutzeke. Zerbait berezia duten frontoiak ditu gustuko Andoainen bizi den donostiarrak; gaur egungoak baino, lehengoak nahiago.

Frontoietan atera dituen argazki denak ez, baina horien artean hamalau aukeratu eta bisitarientzako ikusgai jarri ditu Bilboko La Terminalen jarri duen erakusketan. "Paretaren mintzoa" izena du erakusketak eta apirilaren 10era arte bisitatu daiteke.

Betidanik jarri du arreta berezia frontoietan gipuzkoarrak. "Gogoratzen naiz eskolan gure jolastorduak frontoietan igarotzen genituela. Eta, gerora, nagusitan, frontoietan, denetarik egin izan dugu: bertso saioak, bazkari zein afariak€". Pilotalekuak euskaldunen kulturaren osagai direnaren zalantzarik ez dauka, pilotan jokatzeaz gain, folklorean errotutako espazioak direla uste baitu. Ekitaldi sozial ugari antolatzeko abagune dira frontoiak Argindarren iritziz.

Frontoiekiko jarri izan duen arreta hori aldatzen joan da urteen poderioz. 2013a zen, eta Urbasara joan zen, elurretako argazkiak atera asmoz. Han zegoen, Urbasako mendilerroan, erdi galduta eta elurrez beteta, bertako frontoia. Arreta deitu eta argazkiak atera zizkion. Harrezkero, hamaika frontoi bisitatu ditu, bertako espazio zein xehetasunak argazkietan jasotzeko asmoz.

Frontoiak aurkitzetik bilatzera igaro zen gipuzkoarra. Sare sozialetan eta Interneten begiratzen zituen, eta denbora zeukanean edo lan bat egitera zihoanean aurretik bilatutako frontoi horiek bisitatzeko aprobetxatzen zuen. Merezi zutenak argazki kamerarekin jasotzen zituen.

Bakoitza da berezia

Besterik gabe, frontoien argazkiak ateratzen hasi zen hasieran, eta sare sozialetan elkarbanatzen hasi zen, ordea, gerora. Hala ohartu zen, berak ez ezik beste hainbatek ere gustuko zituztela frontoiak. "Harritu egin ninduen gainontzekoei ere frontoiek arreta deitzen zietela konturatzeak; guztiok pentsatzen dugu frontoia profesionalek jokatzen duten lekua dela, baina herri bakoitzak badu bere xarma, bere nortasuna, dituzten ezaugarriek ematen digute sortu ziren tokiari buruzko informazioa: neurriek, formek, diseinuek, koloreek, tipografiek, materialek€ ", azaldu du.

Gogoan du, esaterako, Bajaurikoa (Trebiñu). "Herri txiki bat da, eta ez nuen aurkitzen frontoia non zegoen, normalean herriko plazan egoten delako. Andre bat ikusi nuen eta hari galdetu nion frontoiaz. Non zegoen esan zidan eta inon ez nuela hain frontoi politik aurkituko gehitu. Eta egia zen, oso oso polita da; gutxi erabilitakoa, agian bere garaian erabiliko zuten, baina oso garbia dago". Orduantxe ohartu zen gipuzkoarra nork bere herriko frontoiekiko badaukala nolabaiteko maitasuna.

Frontoi ugari ezagutu ditu, eta horietan guztietan politena, beharbada, andre hark esandakoa izan daitekeela aitortu du. "Hala ere, Bizkaian, adibidez, Loiukoa, Lauroeta auzokoa oso polita da, pareta bakarrekoa eta kolore oso politak dituena, iparraldekoa dirudi. Iparraldekoak ere asko gustatzen zaizkit, dituzten koloreak eta€ ".

Askotan, denbora dezente pasatzen du frontoietan argazkilariak. Bertako espazioa gustatzen zaio asko, frontoiak pilotara jokatzeko ez ezik, herriko arnasgune direlako, bere ustetan. "Behin Ermuko frontoira joan nintzen. Ermua oso herri itxia da, mendi artean kokatuta, etxe altuak dituena€ Eta frontoira heltzean ireki egiten da herria".

Frontoi hutsak helburu

Normalean, frontoiak hutsik fotografiatzea gustatzen zaio; alegia, espazioa bera, inor eta ezer gabe. Pilotalekuak ez baitira horma hutsak, barruan egiten duguna baizik. "Oteiza cromlecharekin obsesionatuta zegoen, eta konturatu zen cromlecha eskultura bat zela, baina, era berean, espazioa bat zela, barruan espazio bat zuela. Eta nik barruko espazio hori azaleratu nahi izan dut", argitu du.

Dena den, badira salbuespenak: Baionako trinkete modernoa, kasuan kasu. Frontoi berezia da, kristalezko hormak dituena. Hori ere atera du argazkian, eta ez da jende falta nabari horretan. Baionako festetan atera zuen argazkia Argindarrek, jendez lepo zegoenean; hala nahi baitzuen, jendea bere erretratuan agertzea. Kasu horretan, pertsonek osatzen baitituzte pilotalekuko hormak. Nafarroako Muzki herrian ere, auto, bizikleta edo tankerako zerbait nahi zuen, frontoiak duen berezitasuna -errepidea igarotzen dela erdi-erditik- nabari zedin.

Oraingoan, Bilboko La Terminalen jarri ditu bere erretratuak ikusgai, baina beste herri batzuetara ere eramateko asmoa baduela ziurtatu du Dabid Argindarrek, bere barruan ez ezik, beste batzuenean ere piztu delako frontoiekiko interesa. Eta hala jarraitu bitartean, hango eta hemengo frontoiak bisitatzen jarraituko du, eta horiek duten nortasun eta berezitasuna bateko eta besteko herritarrei zabaltzen. Herriek, txikiak izanik ere, beti dutelako frontoi bat.