Laida Lertxundi bueltan da

Laida Lertxundi artista eta zinemagilea Bilbora itzuli da, La Taller galerian aurkeztu berri duen 'Barneko kanpo espazioa' erakusketarekin. Ohi legez, hausnarketa eta kritika nahastu ditu irudi ederrez osatutako lanean. Maiatzaren 6ra bitarte bisitatu daiteke bere lana

28.03.2022 | 18:25
Argazkian, La Taller galeriako erakusketa.
Joan den martxoaren 18an, ostiralez, La Taller grabatuaren tailer eta galeriak erakusketa berria aurkeztu zuen. Zehazki, Laida Lertxundi de Prado artista eta zinemagilearen 'Barneko kanpo espazioa' izenekoa jaso du Bilboko Zumarraga kalean dagoen espazioak. Bertan, artista bilbotarra hirira bueltatu eta egindako lehen filma ikusi daiteke. Erakusketa osoari izena ematen dion Inner Outer Space da, 16 mm-tan grabatua eta iragan otsailaren 25ean New Yorkeko Arte Ederren Museoan ( MoMA) aurkeztu zena nazioartean. Elkarri lotutako baina aldi berean independenteak diren hiru piezak osatzen dute: 'Antzerkitxoa', 'Inner Outer Space' (Barneko Kanpo Espazioa), eta 'Under the Nothing Night' (Ezerezaren Gauaren Azpian). La Tallerren bertan ekoitzitako grabatu sorta batek laguntzen du irudi eder bezain xumeez osatutako erakusketa, lehen aldiz dago ikusgai Euskal Herrian.

Laida Lertxundi zinemagile bilbotarra da. New Yorkeko (AEB) Bard Collegen lizentziatu zen Arte Ederretan. Bertan ikasten ari zela, Maya Deren Film Award saria eskuratu zuen. Kaliforniako Institute of the Arts Cal Arts zentroan Arte Ederren Masterra egin zuen. Geroztik, urteak daramatza Los Angelesen (AEB) bizitzen eta batez ere 16 mm-tan grabatutako pelikulak egiten. Nazioartean erakusketa ugari egin ditu, tartean, Madrilen, Stockholmen, Milanen, Seulen, Los Angelesen eta New Yorken. Hainbat museo entzutetsutan erakutsi ditu bere obrak, eta banakako erakusketak ere egin ditu munduan zehar.

Horrez gain, Arte Ederren irakaslea ere bada Euskal Herriko Unibertsitatean. Zehazki, Ikerketa eta Sormen Artean eta Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboa masterrak ematen ditu. Hainbat sari irabazi ditu, besteak beste, 2020. urtean arte euskaldun garaikideari ematen zaion Gure Artea saria.

Lertxundiren 'Antzerkitxoa' pieza. Laida Lertxundi

Kanpoaldea barrenean

Oraingoan, Bilbora etorri da Lertxundi. Bere azken proposamen artistikoa ekarri du La Taller lantegi eta galeriara. Bere ohiko lan artistikoaren gai zentralari jarraiki, lan honek pertsonen arteko harremanak, pertsonen eta paisaien artekoak eta irudiaren eta soinuaren arteko loturak ekarri ditu ikus-entzunezkoetara, baina, batez ere, "ekoizpen prozesuen deseraikitze proposamen bat" da, honen artifizialitatea agerian uzten duena eta egitearen materialtasunean sartzen dena. Hausnarketa txiki bat da, barnekoaren inguruan, ekologiaren inguruan, indibidualtasunaren gainean eta baita komunitateari buruz ere.

Nork bere buruarekiko eta inguruarekiko duen pertzepzioan, materialtasunean, irudimenean€ sartzeko gonbidapena luzatzen du, errealitatearen eta irudimenaren arteko jolas atsegingarrian. Piezetan zenbait pertsona ikus daitezke ariketa sentsorialak egiten, kasurako, elkarrizketa telepatikoak izaten edo begiak estalita paseoak ematen. Zein filmetan agertu nahi duten erabakitzen ari diren emakumeak aurkitu daitezke, edo filmak eurak hautatu arte orduak igarotzen dituztenak, "proiektagailuaren eta pantailaren arteko tarte batean atxikita daudelarik".

Erakusketan bertan irakurgai dagoen testu batean Ren Ebelek azaldu gisara, "irudi bikainen etenaldi etengabe bat da, nolabait aspergarria eta etsigarria ez izatea lortzen duena". Proposamen "oso-oso atsegingarria eta emozioz betea" iritzi dio, ikuslearen arreta puntu batean kokatu beharrean, soa moteltzera eramaten duena, "prozesu eder batean, bai iraganean eta bai orainaldian gertatzen dena, kanpoko eta barneko espazioan".

Bistan denez, Lertxundik ez ditu proposamen itxiak gustuko; hortaz, bere obraz gozatzeko aukerarik onena maiatzaren 6ra bitarte Bilboko La Taller galeriara gerturatzea da. Bisiten inguruko informazio gehiago nahi duenak, 94 679 22 92 zein 645 005 426 telefono zenbakietan, mailatallermail.com helbide elektronikoan zein www.lataller.com webgunean bertan izango du kontsultak egiteko aukera.

La Taller

Zaila da hitz zurrunetan definitzen Bilboko La Taller galeria. Goitizenez, 'grabatu tailer eta galeria' du, baina askoz gehiago ere bada. Sortzaileek diotenez, "etengabe birdefinitzen ari den grafika artistiko garaikidearen inguruko proiektua da". Bi egoitzatan banatzen dute egitasmoa: lehena, proiektuari izena ematen diona, grabatu tailerra eta galeria da aldi berean. Honek jasotzen du egun Laida Lertxundiren lana. Bigarren gunea, 'Erredakzioa' izenekoa, formatu txikiko inprimatze tipografikoa eta kazetaritza laborategia da. Hasierako gunearen handitzea da, kazetaritza erredakzio eta ekoizpen esperimentaleko lantegi gisa ulertzen dutena, iraganeko teknologia tipografikoak berreskuratuz.

Maite Martinez de Arenazak zuzentzen du 'La Taller', eta Tania Arriaga Azkaratek 'Erredakzioa'. "Elkartzeko eta ikertzeko" lekuak dira biak, haien esanetan, "afektuzkoak eta zorrotzak". 2010ean sortu zuten lehen espazioa, eta sei urte geroago bigarrena. Erakusketa Bilboko Zumarraga kalean dago ikusgai, baina sarrera Iciar Maestro kalean dago.

noticias de noticiasdenavarra