BILBO. Reala eta Athletic izango dira aurrez aurre Euskal Herria Kopako emakumezkoen finalean abuztuaren 24an, 16:30ean, Garmendipen. Euskal Herriko 12-13 taldek hartu dute parte aurtengo Kopan, eta Reala eta Atlhetic iritsi dira Azpeitian jokatuko den azken partidura. Partidua Lagun Onak-en 75. urteurreneko ekintzen baitan ospatuko da Garmendipen.

Bigarrengoz hartuko du Garmendipek Euskal Herria koparen finala abuztuaren 24an: "Lurraldetasuna dugu helburu eta urtez urte lekuz aldatzen joan ohi gara. Iaz, ordea, Iñigo Arregi Lagun Onakeko lehendakaria gurekin harremanetan jarri zen berriro, lehen edizio hartan bezala, Azpeitian egiteko. Lurraldetasunaz gain, futbol zelaien kalitatea eta Udalak eskaintzen digun laguntza ere kontuan izaten dugu, eta Azpeitian guztiei eskerrak eman beharrean gaude, dena erraztu baitzaigu", adierazi du Kike Zurutuza Euskal HErria Kirolakeko arduradunak.

Sarrera 8 € izango da, baina debalde izango dute sarrera 14 urte azpikoek eta Lagun Onak Futbol Taldeko Bazkideek. Hala ere, bazkideek ere ekarpenen bat egiteko aukera izan dezaten otarra baten zozketarako boletoak salduko dituzte 2 €an.

Egoitz Arruti Kiroletako batzordeburuarentzat "ororea" da tamaina horretako partidua herrian izatea: "Den partiduagatik, dituen balioengatik ederra izango da herrian partidu hori ikusteko aukera izatea". Horretaz gain Lagun Onak ere zoriondu du "futbolaz haratago" egiten duen lanagatik.

Iñigo Arregi Lagun Onak Futbol taldeko lehendakariarentzat ere "partidu garrantzitsua" izango da: "Apustu handia egin dugu partidua Azpeitira ekartzeko. Urteurreneko ekintzarik garrantzitsuenetarikoa izango da, eta eskerrak eman behar dizkiogu Udalari apustua egiteko baliabideak jartzeagatik".

Garbiñe Etxeberria Realeko kirol zuzendaria "gustura" agertu da finala Azpeitian izango delako: "Kirol giroa ziurtatuta dago hemen eta zelai ona eta ondo zaindua aurkituko ditugu", zehaztu du. Partidu polita izango dela aurreikusten du eta "erreferente diren futbolariak bertatik bertara ikusteko eta bizitzeko" aukera izango dela azpimarratu du. Josena Agirre Atlheticeko kirol zuzendariak ere "partidu interesgarria" izango dela uste du: "Bi taldeoi egiten digu trofeoa irabazteak", zehaztu du.