Urteak dira ikastola proiektua eraldaketa prozesu batetan murgilduta dabilela. Etengabe eraldatzen ari den gizarte global batean, dagoeneko ez dauka lekurik duela hamarkada batzuk arteko ikastetxe eta gela ereduak: ikasle guztiak banaka edo binaka, lerroz-lerroko mahaietan eserita, tarima gainean kokatzen zen irakasleari begira, isilik eta haren hitzei adi. Elkarrizketarik gabeko gelak. Eztabaidarik gabeko gelak. Orain, gelaren espazioaren kudeaketa bera elementu hezitzaile bilakatu da, elkartrukea eta harremana sustatuko duen espazio bat, irakaslea bidelagun den espazio bat. Tafallako Garcés de los Fayos Ikastolak ere eraldaketa bide horri ekin dio eta, besteak beste, aurtengo Nafarroa Oinez bestaren etekina espazio berri horiek sortzera bideratuko ditu.

Nola bizi izan duzue Nafarroa Oinez antolakuntzaren azken txanpa?

Oso mugitua izan da, baina urduritasunez eta emozioz beteta bizi izan dugu. Urte eta erdi daramagu lanean eta askotan amestu dugu egun honekin.

Eguraldia alde dagoela dirudi, lasaitasuna hartu izanen duzue…

Egia da azken egunotan saiatu garela eguraldiari sobera ez begiratzen, txarra ematen bazuen animoak behera etorriko zirelakoan. Egin dezala nahi duena, guk gure besta aurrera aterako dugu ilusioz, dakigun bezala.

Urte berezia izaten da Nafarroa Oinez antolatzen denean, baita gogorra ere. Zein da, alde horretatik, egiten duzun balorazioa?

Ikastolako komunitatea familia handi bat da, nik beti esaten dudan bezala. Eta familia handi horretan, baditugu ere aurreko Oinezak bizi izan dituzten pertsonak. Haiek euren esperientzia eta bizitakoak eragiten duen poztasuna ere adierazi digute hasieratik. Bestaren edizio honetan parte hartu dugun askok ere bizi izan ditugu Tafallan ospatu diren aurreko Oinezak, baina haur bezala, edo gazte bezala. Aurtengoa erronka handia izan da. Erronka handia, alde batetik, pandemiarekin pasatako bi urte horiek oso gogorrak izan direlako. Lizarrako Ikastolari, zoritxarrez, Oinez oso gogorra egokitu zitzaien. Lekukoa hartu genuenean ez genekien zer gertatuko zen, nola egongo zen egoera. Baina denborak aurrera egin ahala ikusten joan gara. Eta jakin dugu zer den Nafarroa Oinez bat antolatzea, ez da lan makala. Hala ere, uste dugu lortuko duguna oso polita izango dela.

Lekukoa hartu zenutenean pandemia betean ginen oraindik. Zailtasun handia izan da egoeraren ziurtasun eza?

Hori da. Gogoan dut Lizarrako Oineza ospatu zenean, egunez egun aldatzen zirela gauzak, neurriak eta baldintzak. Ezjakintasun hori gure Nafarroa Oinezera ere pasatu zen, baina zortea izan dugu. Normaltasun berri batera bueltatu dira gauzak eta, horri esker, ekintza pila bat eraman ditugu aurrera urte osoan zehar.

Herritarrak ilusio biziberrituarekin daudela dirudi, besta gogoz, elkartzeko gogoz. Horrek alde joko du, ezta?

Hori da aurten Oinez eguna larunbatetik hasteko arrazoia, besteak beste. Hainbeste dira haien borondatea, ilusioa eta gogoa adierazi diguten pertsona eta taldeak, esan genuela: “Hauei guztiei eman behar diegu nolabaiteko gonbita eta erantzuna”. Eta ez dago modu hobeagorik bi eguneko besta egitea baino. Hor aritu dira nire lankideak buru-belarri gauzak diseinatzen, Nafarroa Oinez asteburu izugarri ederra osatzeko.

Horixe da Nafarroa Oinezek duen alde hoberenetako bat, ezta? Ikustea ikastola komunitatea noraino heltzen den…

Hori da. Ikastolako sena beti izan da kooperatibismoa eta auzolana. Egunero egiten dira auzolanak ikastoletan eta beti erantzun egokia izaten da. Baina ez dago Nafarroa Oinez bezalako auzolanik: denetan erraldoiena da. Hor konturatzen zara benetan ikastolak zer esan nahi duen: familia gara. Eta arazoak daudenean edo behar denean hor dago, beti prest laguntzeko. Edozein adineko jendea dator laguntza eskaintzera, baita ba-tzutan haien esperientzia kontatzera ere, izan ere, horrekin ere ekarpen handia egiten da. Niretzat ohore bat da familia honen parte izatea, orain zuzendari bezala gainera.

Ikastolako proiektu pedagogikoa eraldaketea prozesu handi batetan sartuta dabil azken urteotan. Zein da egun bilatzen den eredu hori?

Gizartea erabat aldatu dela uste dugu, eta hezkuntza ere aldatu beharrra da haren neurri berean, haurren eta gazteen beharretara egoki-tzeko. Ikasle konpetenteak behar ditugu, gizarteari aurre egingo dietenak eta estrategiak bilatuko dituztenak barneratzen dituen gauza guzti horiek nolabait ere munduratzeko. Ikasle eleanitza, digitalki konpetentea, errespetua duena ingurunearekiko, artearekiko, gizartearekiko… Ikasle konpetenteak sortzeko, argi dago gure hezkuntza proiektua aldatu behar dela. Hasi gara, lehenengo pausuak eman ditugu. Urteak daramatzagu eta oso egonkorra da jada gure proiektua, baina aurrera egin behar dugu etengabe.

Zein puntutan dago, alde horretatik, Tafallako ikastola?

2011n ospatu genuen Nafarroa Oinezaren eskutik, DBH-ko eraikin berria sortzea lortu genuen. Eraikin berri hori edukitzeak esan nahi du espazio berriak sortu izana. Zer gertatu da? Aurreko eraikina zaharkituta gelditu dela. Lehen aipatu dudan proiektu hori aurrera eramateko, espazio berriak behar ditugu: espazio irekiak, argitsuak, sustatuko dituztenak elkarlana, eztabaida, proiektu kooperatiboak… Hori, noski, ezinezkoa da dirurik gabe. Horretarako eta aipatu DBHko zorrak ordaintzeko behar dugu dirua, izan ere zorrak baditugu, eta asko.

Zein da espazio berri horiek hezkuntza prozesuan, ikasketa prozesuan bertan duen eragina?

Eragin zuzena dauka. Haurrak dira erdigunean ditugunak, baina espazioa da beste elementu nagusia. Gaur egun, ikasleek elkarren artean ikasten dute, ez du zentzurik banaka eserita eta denak aurrera begira egoteak. Gu, irakasleok, bidelagun gara bide horretan. Eta horretarako, espazio irekiak behar dituzte elkarren artean harremanak sortzeko, adin desberdinetako ikasleen artean ere loturak sortzeko. Izan ere, txikiek handiengandik asko ikasten dute, eta alderantziz. Ikasketa hori modu natural batean sortzeko erabiltzen dira espazioak. Hori guztia sortzea da irakasleon lana, eta euren beharrak aztertuz diseinatzen ditugu gelak.

Ikastolak 50 urteko ibilbidea du jada. Egonen dira jatorritik mantendu diren baloreak, aldatu diren gauzak…

Mantendu, lehen aipatu dudan kooperatibismo hori mantentzen da: kooperatibismoa, auzolana, familia, ikastolara pozik etortzea eta etxeko luzapen bat izatea. Egia da garaiak eta belaunaldiak aldatu garela, baina hori mantendu da eta polita da. Bidean oztopo ugari izan ditugu: legalak, burokratikoak, ekonomikoak… Baina, azkenean, indarrak batuz, beti lortu dugu aurrera egitea. Horrek erakusten digu bide onean gaudela eta orain ere oztopo ekonomikoak izan arren, aurrera jarraituko dugula, besteak beste Oinezari esker.

Ikastola, hezkuntza proiektu bat izateaz gain, gizarte zehatz baten parte ere bada. Zentzu horretan, zein da herrian, inguruan, Tafallako ikastolak duen rola?

Nik beti esaten dut ikastola herritik sortu zela eta herrirako bizi garela. Ikastola kulturalki oso aberatsa da, gure erraldoi konpartsa daukagu, Olentzero… Eta behar gaituztenean eta posible dugun heinean gure euskara, gure kultura, herrira ateratzen dugu. Uste dut hori dela egin dezakegun oparirik politena, herrian euskara entzutea, gure artean euskaraz komunikatzea posible delako eta, bide luze eta zail honetan, ikastolak beti jarri duelako bere gogoa. Tafalla bezalako herri batean, izugarria izan da ikastolak izan duen papera eta gaur egun duena ere.

Ematen den guzti hori bueltan etortzen da horrelako egunetan, ezta? Badago zer ospatu.

Bai, gauzak ongi egiten ditugula ere gogoratu eta ospatu behar dugu. Ba-tzuetan badirudi soilik zailtasunetan jartzen dugula begirada, baina gauza on asko gertatu zaigu azkeneko urteotan. Jaso dugun maitasuna eta laguntza jendearen partetik, sentitu dugun guztia, ezin da hitzekin adierazi. Ongi ari gara gauzak egiten.

Nola irudikatzen duzu egun handia?

Nire buruan jendetza pila bat ikusten dut, pozik, barre egiten, kantan eta dantzan, haur eta heldu. Eta eguna bukatu eta hemendik alde egiterakoan, pentsatzea: Sekulako eguna pasa dugu, gora Tafalla, gora euskara eta gora Nafarroa Oinez.