Leitza. Azkar, oso azkar igaro da azken urte erdia Trikidantz talde nafarrarentzat. Lan askoren ondoren, diskoa kaleratzea lortu zuten ekainean musikariek eta geroztik, zazpi hilabete daramatzate bost gazteek egindako lana ezagutarazten. Denbora horretan makina bat kontzertu eskaini dituzte, Nafarroan bereziki. Baina duela hilabete, behin ere ahaztuko ez duten emankizuna eskaini zuen boskoteak. Pariseko Euskal Etxean izan zen hori.
Nolatan bidaiatu zenuten Parisera?
Pariseko Euskal Etxea Nafarroako eguna antolatzen ari zen eta bertako kide den emakume bat gurekin gogoratu zen. Paristarra izan arren, Etxalarren familia dauka eta herri horretan udan eskaini genuen kontzertu batean ezagutu gintuen. Dirudienez, gustatu egin gintzaizkion eta hara bidaiatzeko eskaintza luzatu zigun.
Ez da nolanahiko aukera...
Ez, ez. Argi genuen aukera paregabea izanen zela eta segituan eman genion baiezkoa.
Zer nolako esperientzia izan zen?
Zoragarria, behin ere ahaztuko ez duguna jende piloa elkartu zelako eta giro aparta sortu zelako. Antolatzaileek esan zigutenaren arabera, 2.500 lagun inguru elkartu ziren. Han izan ziren Baionatik errugbi partida batera joandako lagunez betetako zazpi autobus, eta baita ikas bidaian zeuden beste talde ultzamar bat ere. Horrez gain, Iruñeko eta Euskal Herriko beste hainbat pertsona ere izan ziren. Ikaragarria benetan.
Izan al zenuten hiria ezagutzeko aukerarik?
Noski baietz eta primeran pasa genuen. Taldekoak oso ongi moldatzen gara gure artean, giro ona dugu eta ederki pasa genuen elkarrekin.
Azken urtean ordu mordoa igaro dituzue elkarrekin diskoa ezagutarazten. Nola joan da promozioa?
Lan handia egin behar izan dugu, baina merezi izan du. Jende eta leku ugari ezagutzeko aukera eman digu horrek eta azken finean guri gustatzen zaiguna egin dugu: musika jo.
Zuen mariatxi, rantxera eta trikitixa soinuak Nafarroa iparraldeko dantzaldi gehientsuenetara ailegatu dira. Baita Hatortxu Rock bezalako beste kontzertu handiagoetan ere. Gainera, "ETB"ko "BiGira" programan ere hartu duzue parte Ainara biok. Nola lortu duzue hori guztia?
Egiten dizkiguten eskaintza ia guztiak onartzen! Asko lan egin eta bidaiatu behar izan dugu, baina merezi izan du. Beti izan dugun ametsa diskoa ateratzea zen eta dagoeneko lortu dugu hori.
Nola izan zen prozesua?
Luze eta neketsua. Urte osoa eman genuen lantokitik atera eta Aurtitzen gogor entseatzen. Prozesu ia osoa guk egin genuen eta dena ongi ateratzea nahi genuenez pazientzia handia behar izan genuen. Gainera, musikari, bertsolari eta lagun askok lagun-tza paregabea eskaini ziguten. Haiek gabe, askoz ere zailagoa izanen litzateke guztia.
Zenbat ale kaleratu zenituzten?
1.000 disko atera genituen gure herrietan eta inguruan saltzeko eta jada amaitzen ari dira. Ale gehiago kaleratu beharko ditugu segituan.
Arrakasta lortu duzuen seinale.
Hala izanen da ziur aski.
Asko aldatu al da zuen bizitza denbora honetan?
Ez pentsa. Azken finean, astez gure lantokietan lan egiten jarraitzen dugu eta asteburuetan musika egiten. Uda aldean izaten da gogorrena, astero kontzertu asko izaten ditugulako.
Zer egiten duzu jendeak kaletik ezagutzen zaituenean?
Ez da hainbesterako, batez ere Leitzaldean, bertan herritar bat gehiago naizelako. Bortziriak, Malerreka eta inguru hartan gehiago gelditzen naute kaletik, batez ere parrandan gaudenean beti inguratzen delako baten bat zerbait esatera, baina gauza polita da hori.
Zein proiektu dituzue eskuartean?
Duela gutxi Kaliforniara joateko aukera luzatu digute bertan kon-tzertuak eskaintzeko. Oraindik ez dugu bidaia itxi, baina dena ongi joanez gero, uda honetan edo hurrengoan joanen ginateke.