Atzoko talo-jatea eta mus txapelketaren ondotik, gaur, Haurren Eguna ospatuko dute Iturenen, Ibintza taldeak antolatutako Kultur Egunen barrenean. Goizean haurrendako tailerrak eginen dira, eguerdian haurren bazkaria Ganbaran eta 16.00etan haurrentzako ikuskizuna Txoborro magoaren eskutik. Arratsean bertso afaria Bixente akordeoilariaren musikarekin izanen da. Igande arratsaldeko 18.00etan, Txirene antzerki taldeak Ogirik ekarri ez zuen semea emanaldia eskainiko du eta ondotik berendua izanen da. Hilabete osoan ekitaldi gehiago izanen dira, baina oraindik ez dira zehaztu. Hainbat ekitaldi antolatzen ditu urte osoan Ibintzak, eta horiek finantzatzeko boletoak komertzio eta ostatuetan paratu ditu salgai. Lehenbiziko saria, bi pertsonendako asteburu bat landetxe batean eta Herriko Ostatuan lau lagunendako afaria izanen da; bigarren saria bainuetxe batean bi pertsonendako zirkuitua eta sari ttiki bat eta hirugarrena, Altxunean bi pertsonendako afaria. Zozketa Errege bezperan eginen da.
- Multimedia
- Servicios
- Participación