Síguenos en redes sociales:

Mintzakide, euskararen arnasgune bat

Lizarraldeko eta Itzarbeibarko euskaldunek aukera dute Mintzakide proiektuan parte hartzeko. Egitasmo honetan pertsona ezberdinak taldetan biltzen dira astean ordu batez euskaraz hitz egiteko. TestUA A.Dufur/C.Solano

Mintzakide, euskararen arnasgune bat

kafea hartzeko, paseo bat emateko edo, besterik gabe, hitz egiteko geratzen dira. Hori bai, euskaraz beti, eskualdeko Mintzakide egitasmoko partaideak baitira. Proiektu honen helburu dugu, hain zuzen ere, hizkuntza honetan aritu nahi duten lagunak elkartzea.

Gaur egun ezagutzen dugun Mintzakide egitasmoa 2009an abiatu zen eskualdean, Lizarraldeko eta Izarbeibarko AEK, Garean eta Garelako elkarteak eta Estella-Lizarrako eta Puente la Reina-Garesko euskara zerbitzuen elkarlanari esker. Hain zuzen ere bi zerbitzu hauek, beste hainbat babeslerekin batera, finantzatzen dute Mintzakide. Data hauetan taldeak berrosatzeari ekiten zaio, hori dela eta, Alfredo Dufurrek egitasmoaren izenean bertan parte hartzera animatzen du. "Izen emate garaian haien ordutegiengatik, zaletasunengatik, helburuengatik galdetzen zaie eta informazio horrekin taldeak osatzen saiatzen gara". Hori bai, izen-emate kanpaina bukatuta ere urte osoan zehar batu daiteke proiektura.

Mintza talde bakoitzean bi parte hartzaile mota daude, egitasmoan ezinbestekoak direnak. Bata bidelaguna da, euskaraz jariotasunez hitz egiteko gai den laguna, besteak bidelariak dira eta jariotasun maila ezberdinak izan arren euskaraz komunikatzeko gai dira. Dufurren hitzetan "ikasketa prozesuan maila ezberdinetan dauden pertsonak dira", eta berehala gehitu du Mintzakidek ez duela izaera akademikorik. "Ez da euskara klase bat. Bidelagunak ez ditu taldekideak zuzentzen hauek ez badiote eskatzen", dio Dufurrek eta, segidan, topaketak astean ordu batekoak direla aipatu du.

Hain zuzen ere Dufur dugu aurtengo Mintzakide dinamizatzeaz arduratuko dena. Bestelako berritasunekin batera, teknologia berriak batuko zaizkio egitasmoari lizarbeibar.wordpress.com blogarekin, @lizarbeibar twitter kontuarekin eta facebook orrialdearekin. Horrela, Lizarbeibarrek eskualdeko euskaldunentzako oso erabilgarria izango den esparru bat eskainiko du eta, Dufurrek aipatzen duenez, "Izarbeibarren eta Lizarraldean euskararen alde lan egiten duten erakunde edota elkarteek elikatu ahalko dute orrialdea". Horrela, blogak eskualdean euskaraz egingo diren jarduera guztiak jasoko ditu. Gainera, helbide elektronikoaren bitartez buletin bat osatuko da eta, nahi dutenei, bi astean behin bidaliko zaie dauden jarduerekin. Buletina jasotzeko eskaria lizarbeibar@gmail.com-era bideratu beharko da. Euskalgintzari esparru komuna eskaintzeaz gain, Mintzakide egitasmoak berezko lekua izanen du blogean horrela mintza taldeak elkar ezagutu ahal izateko, hori baita helburuetako bat. "Eskualde honetan dispertsio geografiko handia dago eta bloga denen topagune izan ahal da", dio.

Saretik haratago, herri bateko edo besteko Mintzakideren parte hartzaileek elkar ezagutzeko jarduera komunak antolatuko dira. Denboraldi honetako beste erronketako bat guraso taldeak osatzea izanen da, baina hau ordutegien eta antolatzeko gaitasunaren menpe egonen da. Honekin batera Dufurrek beste gizatalde bat animatzen du ere parte hartzera, Mintzakiden 16 urtetatik aurreragoko lagun guztiak parte har badezakete ere orokorrean hogeita hamarretik gorakoak dira mintzalagunak. "Ea gazteak erakarri ahal ditugun"