Lezo - Datorren ostiraletik igandera bitartean Lezok urteko bere lehenengo festak ospatuko ditu: mendekosteak. Honenbestez, jai hauek galtzen ez dituen pertsonaiari, Zabarre piratari, ongietorria emango diote ostiralean. Hiru eguneko geldialdia egin ondoren, itsaso lapurra berriz bere belauntzira bueltatuko da igandean.
Jaietako egitarauaren aurkezpenean Mikel Arrutik, Kultura zinegotziak, mendekosteen izaera herrikoia nabarmendu zuen: “Herritarrekin eta herritarrentzat egindako festak dira. Ekitaldi xumeak antolatu ditugu, guztiak doakoak. Baina hiru egunez non gozatua izango dugu lezoarrok eta inguruko herrietatik gerturatuko direnak”.
Ekitaldiei dagokienez, larunbateko XVII. Sagardo Eguna nabarmendu zuten. “Aurten bataz beste hamar izango dira parte-hartzaileak, eta Lezoko usadioan, aipa-tzekoa da ez direla sagardotegiak izango”. Lezoko baserrietan egindako sagardoa izango da herriko sagardo festarako eskainia. Gainera, eguerdi partean dantzazaleen bazkaria izango da Saldise plazan. Eguna borobiltzeko Trakets taldearekin berbena dantzaldia izango da Gurutze Santuaren plazan.
Igandean aldiz, nobedade moduan Pintxo Lehiaketa antolatu da haur eta gaztetxoentzat Karlos Saldisen plazan.
Ainhoa Zabalo alkateak azpimarratu zuenez, festak herriko talde eta eragileei esker ospatuko dira eta antolakuntzan parte hartu duten 17 taldeei eskarrak eman zizkien.
Ostirala. 17.30: Zabarreren bila kaira. 19.00: Pirata Txikiek jaiei hasiera emango diete. Pregoia, txupinazoa, dantzarien agurra? Gurutze Santuaren plazan Jarraian buruhandi eta erraldoiak Munttar txistulari taldearekin. 19.30: Hernaniko Goiz Eguzki eta Aiton Bordako abesbatzak Gezalan. 21.00: Piraten afari autogestionatua Gurutze Santuaren plazan. Amaieran, DJ Iker. 21.30: Gazteen afari-pirata eta musika Ibai Ondon.
Larunbata. 10.00: Diana Oarsoaldeko dultzaineroekin. 12.00 eta 16.00: Puzgarriak eta jolas parkea Saldisen. 12.00 eta 19.00: Buruhandien kalejira Munttar txistulari taldearekin. 12.00: XX. mende hasierako erromerien dantzak herrian zehar. 13.00: Musika eskolako bandaren emanaldia Lezoko Dantzazaleekin batera Gurutze Santuaren plazan. 14.30: Euskal dantzazaleen bazkaria Karlos Saldisen. Andoni Ollokiegiren musika emanaldia. 16.30: Truk txapelketa Tiñelun. 17.00: Pilota eskolako finalak Goiko plazan. 18.00: XVII. Sagardo Eguna Gurutze Santuaren plazan. 22.30: Berbena Trakets taldearekin Gurutze Santuaren plazan. Musika taldeen kontzertuak eta DJak Ibai Ondon.
Igandea. 9.00: Oarsoaldeko dultzaineroak. 10.30: Haur eta gaztetxoentzat pintxo lehiaketa Karlos Saldisen. 11.00: Meza Nagusia San Joan Batailatzailearen elizan. 12.00: Herri kirolak Gurutze Santuaren plazan. 12.00: Buruhandien kalejira Munttar taldearekin. 14.30: Santakrutzetako desfilearen aldeko bazkaria Karlos Saldisen. 17.00: Sueltoko dantza txapelketa Gurutze Santuaren plazan. 17.30: Altxorarren bila Goiko plazan. 19.00: Zabarreri agurra Gurutze Santuaren plazan. 20.00: apar festa Goiko plazan. 21.45: Musika eskolako bandarekin zezen suzkoa Gurutze Santuaren plazan.