Euskal Jaiak Debako hirigunea alaituko du bihar
Hainbat motatako kultur ekintzak izango dira jardunaldi osoan zehar
deba - Debako herriak Udalak eta Zuhatza euskara elkarteak herriko hainbat talde eta eragileren laguntzarekin urtero antolatzen duten Euskal Jaiaren edizio berri bat ospatuko du asteburu honetan. Hori dela eta, herritarrek eta Debara gerturatzen diren guztiek euskal kulturaren adierazpen desberdinak ezagutzera emateko prestatutako ekintza desberdinekin disfrutatzeko aukera izango dute.
Euskal Jaia bihar ospatuko bada ere, festa giroa berotzen joateko bi ekitaldi egongo dira gaur arratsaldean. Alde batetik, Kantuan kantuz egitasmoaren kalejira izango da 19.00etatik aurrera erdiguneko kaleetan eta bestetik, kantuak, musika, dantza eta olerkiak uztartuko dituen eta herritarren eskutik burutuko den Ez dok amairu-Sentikaria ikuskizuna (21.30ean Zumardiko karpan).
Euskal Jaiaren eguna Biharko festa egunerako antolatutako egitaraua abiatzeko taloak saltzeko postua irekiko dute 10.00etan Plaza Zaharrean. Hortik aurrera, jai giroa hiriguneko bazter guztietara zabalduko da.
Hori lortzeko, Gure Kai taldeko eta herriko Musika Eskolako dantzarien kalejira koloretsua izango da 12.00etatik aurrera.
Horretaz aparte, Euskal Jaiaren bueltan antolatutako V. Marmitako lehiaketa burutuko da goizean zehar. Aurreko egunetan parte hartzeko izena eman zutenek marmitako plater bana aurkeztu beharko dute 14.30erako Estalitako pasealekuan eta sari banaketa “bazkal ostean” egingo da.
Urtero legez, herri bazkaria egongo da Debako Euskal Jaian. Ekitaldi arrakastatsu hori 15.00etan burutuko da Zumardiko karpan eta antolatzaileek 700 bat lagunentzako lekua egokituko dute bertan. Hori bai, eguraldia txarra bada, herri bazkaria estalita dagoen Aldats pilotalekuan egingo da.
Edonola ere, biharko festa egunaren harira antolatutako ekitaldiak ez dira hortan geratuko. Euskal Jaia izanda, erromeriak ezin dira falta eta horregatik Akerbeltz musika taldeak herritarrak dantzan jartzeko bi emanaldi eskainiko ditu. Lehena arratsaldeko 20.00etan hasiko da eta bigarrena gauerdian.
Ikusitakoa ikusita, euskal kultura eta giroarekin disfrutatzen duten gipuzkoar guztiek ezinbesteko hitzordua dute bihar Deban.
Euskal Jaia antolatzeko ardura duen Batzordeak herritarrak eta bisitariak animatu nahi ditu biharko jardunaldian baserritarrez jantzita kalera irtetzeko.