Salatxo abesbatzak kontzertua eskainiko du igandean
Koru oriotarrak beste bi abesbatzekin batera abestuko du Santa Zeziliako kontzertuko emanaldi berezian
Orio - Santa Zezilia eguna hurbiltzen ari dela eta, Orioko Salatxo abesbatzak Udalaren laguntzarekin emanaldi berezia antolatu du igande honetarako. Hala, Astigarragako Aiztondo eta Hernaniko Kantuz abesbatzekin batera, errenazimentuko musika koral profanoa abestuko dute, antzinako musika tresnen taldearen laguntzarekin. Emanaldia azaroaren 20an, igandean, izango da 12.45ean elizan, 12.00etako mezaren ondoren.
Kontzerturako prestatutako programaren baitan, Frantziako, Espainiako, Ingalaterrako eta Italiako musika profanoa dago eta Salatxo abesbatzatik jakinarazi dutenez, “atsegina, kalitatezkoa eta laburra izango da kontzertua”.
Salatxo abesbatza 1993ean sortu zen Orion, Santa Zezilia egun batez. Hasieratik adin guztietako jendeak parte hartu izan du eta gaur egun abesten dutenetako askok sorreratik dabiltza. Herrian antolatutako ekitaldietan parte hartzen du, San Pedro eta San Nikolas jaietan, Santa Zezilia egunean, Balearen Egunean edo gabonetan. Euskal Telebistak 2010ean antolatutako Oh, Happy Day lehiaketan ere parte hartu zuen.
Aiztondo abesbatza, 1995ean sortua, mistoa da, 20 bat lagunez osatuta dago eta Euskal Herriko eta atzerriko toki askotan abestu du hogei urte pasako ibilbidean. Kantuz abesbatza, berriz, 1989an sortu zen Jaione Escudero zarauztarraren eskutik.
Santa Zezilia eguna dela eta prestatu dute emanaldi berezia, eta Astigarragan eta Hernanin ere eskainiko dute larunbatean. - A.R.