beasain - Beasainen 35 urte daramatzate shorinji kempo Japoniako arte martziala praktikatzen. Asko izan dira bertan ibili izan direnak urteotan, eta gaur egun, 196 kirolarik osatzen dute taldea, 18 teknikariren ardurapean. 87 dira gizonezkoak eta 109, berriz, emakumezkoak. Gaur egun, Guske (Goierri Urolako Shorinji Kempo Eskola) izenpean dago Beasaingo taldea. Horrekin batera, mundu mailako IKKA elkarteko -Karate Kenpo aren ikerketa, zabalkuntza eta praktikarako elkartea- kidea ere bada Guske. Bertako kide diren Alvaro Clavo eta Juan Lasak nabarmendu dute “estatuko ordezkariak” direla gaur egun. Hainbat ekintza antolatu ohi dituzte urtean zehar, baina orain, 35. urteurrena betetzen dutela aitzakia harturik, festa nabarmena antola-tzeko lanetan dabiltza antolakun-tzakoak buru-belarri. Esaterako, joan den azaroan Antzizar kiroldegian ikastaro berezia egin zuten kirol honen inguruan.
Urte berriari hasiera emanda, Guskeko kideak hemendik hiru hilabete eskasera begira daude; izan ere, apirileko azkeneko asteburuan, nazioarte mailako shorinji kempo seminarioa edo entrenamendua egingo dute Beasainen. IKKA elkartea osatzen duten munduko zazpi herrialdetako 400 ordezkarik hartuko dute parte bertan: “Italia, Japon, Txekia, Suitza, Ingalaterra, Irlanda, eta Beasaingo bertako ordezkariak ere izango dira”, adierazi du Lasak. Haren hitzetan, “oso garrantzitsua” izango da jaialdi hori, izan ere, Beasainen izena nazioartean zabaltzeko aukera aproposa izateaz gain, munduan erreferente diren pertsonak haien artean izatea ere garrantzi-tsua da haien jakinduriaren berri izan eta teknika berriak ezagutu eta praktikatzeko. “Herriarentzako ekitaldi polita izango da”.
Entrenamendua gidatuko dutenak Japongo goi mailako hainbat irakasle beterano izango dira. Besteak beste, aurreratu dituzten izenak honakoak izan dira: Mizuno, Chikahiro, Kadowaki, Yoshinaga, Matsumoto eta Okita.
Guskeko Juan Lasak aurkezpenean adierazi duenez, “Goierrin, eta estatuan, inoiz ikusi gabeko” ikuskizuna izango da datorren apirilean Beasainen biziko dena. Belaunaldi desberdineko shorinji kempolariek bat egingo dute herrian, eta jaialdia nabarmena izateko asmoa dute.
“Shorinji Kempon oso indartsu datoz ondorengo belaunaldiak”, agertu dute. Gainera, nabarmendu dute Japonian unibertsitateetan ere lantzen duten kirol diziplina dela. Horrez gain, praktikatzen dutenek hainbat “abantaila” dituzteela ere gaineratu dute. Besteak beste, kon-tzentratzeko gaitasuna garatzen dute eta diziplinaren inguruan ere asko ikasten dute. Baina ez hori bakarrik, bestearen lekuan jartzeko aukera ere luzatzen duela esan dute.
Orain arte, horrelako ekintzarik “inoiz eta inon” ez dela egin azaldu du Lasak. “Laurehun pertsona inguru bilduko dira hiru eguneko entrenamenduan. Eta gainera, goi mailako kirolariak izanda haietaz ikasteko aukera ezinhobea izango dugu apirileko saioan”.