Beasain - Larunbatean bi ekintza nagusi izango dira Beasainen. Alde batetik, boluntario eguna izango da, eta bestetik, hilabetero egin ohi den azoka berezia.

Boluntario egunaren XVI. edizioa izango da aurtengoa. Beste urteetan egin ohi dutenaren antzera, aurtengoan ere herrian dauden hainbat elkarteren lana ezagutzeko plaza izango da Beasain. Larunbatean izango den arren egun handia, gaur hasiko dira ekintzak. Hala, 18.30ean Batzar aretoan Al-Anon Alateen elkartearekin bilera informatiboa egingo da alkoholismo arazoa duten edaleen lagun eta familiei laguntza emateko. Etzi, hilak 6, 18. 30ean Udaleko beka jaso duen gazte laguntzailearen esperientziaren aurkezpena ere egingo dute Batzar Aretoan. Larunbatean, berriz, 10.00etatik 14.00etara haur-jolasak egongo dira Gernika pasealekuko frontoian. 11.00etatik 14.00etara, aldiz, elkarteen postuak jarriko dituzte ikusgai, ekintza eta material ezberdinez hornituak, eta txapak egiteko aukera ere egongo da Minbiziaren Aurkako Elkartearen etaFISC Elkartearen postuetan. Ordu berean bidezko merkataritzako produktuak jarriko ditu salgai Herriak Elkarlanean Erakundeak bere postuan. Horrez gain, goizean musika animazioa (11.00), Xake tailerra Asmube elkartearen postuan (11.30), Joku kooperatiboak (11.30), eta elkarteen arteko patata tortila lehiaketa (12.30) ere izango dira. Jarraian, 13.00etan Beasainen eskarmenturik handiena duen erakundeari aitorpena egingo die eta ondoren Gurea abesbatzaren emanaldia izango da.

odolkia Azaroan ospatzen dute Beasainen odolkiaren lehiaketa nagusia, eta ekintza horren atarian, produktu bera izango dute protagonista nagusia larunbatean egingo den azoka berezian. Hilabetero, lehen larunbatean, azoka antola-tzen du Beasaingo Udalak, eta elikagai baten inguruan antolatzen dira ekintzat.

Besteak beste, elikagai hau jendearengana gerturatu nahi da, eta horrela, odolkia baloratzeko garaian kontuan hartu behar diren ezaugarriak zeintzuk diren erakutsiko zaio jendeari. Ekintza nagusienetakoa eguerdiko 12.00etan izango da; hain zuzen ere, odolki dastatze gidatua eskainiko dute Beasaingo Odolki Kofradiak eta Plazape tabernak. Hala ere, egunean zeharrerako egitarau oparoa antolatu dute. Odolkia protagonista izanda ez da faltako, noski, odolki pintxorik eta euro baten truke eskuratzeko aukera egongo da Plazape tabernan. Bestalde, haurrentzat 11.00etan eta 12.00etan barazkiez egindako musika-tresnen tailerra emango da eta 12.00etan herritar guztientzat Sardina Bakalau kale animazioa egongo da Anita Maravillas konpainiaren eskutik. Hori guztia Loinatz Musika eskolako panderojole eta trikitilariek girotuta izango da.

Udalaren helburua egitasmo honetan, orain arte bezala, garaiko produktuak balioan jartzea da. Honekin batera, ohiko produktuak saltzen dituzten baserritarren lana balioan jarri nahi da azoko biziberritzeko konpromisoari lotuta. Gainera, azokan erosketak egiten dituztenen artean azokako produktuez osatutako bi saskiren zozketa egingo da.