ordizia - Langabetuek lana bilatzerakoan aukera berri eta errealak izan ditzaten ikastaro berri bat jarri dute abian elkarlanean Ordizia eta Beasaingo Udalak, eta Goierri Eskolak. Hala, bi herri horietan erroldatuta dauden langabetuei zuzenduta Goierri Eskolak Mekatronika ikastaroa emango du datorren hilabetetik aurrera. Guztiz doakoa izango da, bi udalerrietako Udalek hartuko dute bere gain ikastaroen kostua.

Goierri Eskolatik jakinarazi dutenez, ikastaroan izena emateko epea zabalik dago eta urriaren erdira arte luzatuko da. Hilabete horretan, 22an, hasiko da ikastaroa eta formakuntza maiatzaren 17an amaituko da. Hori bukatuta, praktikekin hasiko dira. Informazioa lortu edo apuntatzeko bi bide daude: aajuria@goierrieskola.eus helbidera idaztea edo Goierri Eskolara deitzea, 943 880 062 telefonora.

baldintzak Ikastaro honetaz gozatu ahal izateko hainbat baldintza bete beharko dira. Langabezian egoteaz gain, eskakizunetako bat da batxilergo titulua, erdi-mailako lanbide heziketako titulua edo baliokidea izatea.

Kurtsoa gainditzen dutenek 3.mailako Profesionaltasun Ziurtagiria eskuratuko dute Makineria, Tresneria Industriala eta Produkzio-lerro automatizatuak mantentzeko eta muntaketa ikuskatzeko lanen planifikazio eta kudeaketan. “Balio ani-tzeko profila da eta industriak asko eskatzen duena momentu honetan”, azaldu du Goierri Fundazioaren zuzendari-gerente Iñaki Zabalok.

Ikastaroak 930 orduko iraupena du. Horietatik 630 ordu formakuntzakoak izango dira eta saioak Goierri Eskolan dira astelehenetik ostiralera, 13.35etik 18.25era. Beste 300 orduak enpresetan egingo dituzte praktiketan. Han, makineria, tresneria industriala eta ekoizpen-lerro automatizatuen instalazioen muntaketa eta ikuskapena ikasiko dituzte. - M.A.