beasain - Udazkeneko lehen hostoak erori eta arbola batzuen kolorea aldatzearekin batera iritsiko da bihar Beasaina Udazken Kulturala. “Egitarau betea osatu dugu aurten ere eta Beasaingo elkarteek urtean zehar egiten duten lan guztia balioan jarri eta adin eta gustu ezberdinak dituzten beasaindarrentzako erakargarriak diren ekitaldiak antolatzea da programa honek duen helburua”, nabarmendu du Xabier Matarranz kultura zinegotziak.

Iazko ildoari jarraituz, 50 ekintza inguru sartu dituzte egitarau oparoaren barnean. Zinegotziak gogoratu du “arlo guztietakoak” izango direla; hala nola, musika, dantza, antzerkia eta arte plastikoekin zerikusia dutenak.

Bihar bertan hasiko dute hirugarren urtaroaren ziklo hau. 18.00-etan, erraldoi eta buruhandien irteera izango da Goizeresi txistulari elkartearen laguntzarekin. 19.00-etan, Igartzatik Kantujira aterako da eta herriko kale eta tabernetan barrena ibiliko dira kantuan. Udazken Kulturalean inoiz ez da musika falta izaten eta lehen kon-tzertua 22.00etan izango da, Igar-tzan. Mielotxin taldea arituko da gauari doinua jartzen.

hamar urte Ekintza ugari antolatu dituzte, baina datorren hilabeteari begira, honakoak dira aipagarrienak: urriaren 6an Igartzako Monumentu Multzoa eta emakumeek herriari egindako ekarpenak azaleratuko dituzte; aire zabaleko pintura lehiaketa urriaren 14an izango da; Loinatz abesbatza eta Kalakan taldeek kontzertua eskainiko dute parrokian urriaren 20an; Beasaingo mendi astea urriaren 22tik 26ra izango da eta bertan hitzaldi ugari eskainiko dira eta 27an, gainera, eskalada ikastaro bat ere izango da Antzizar Kiroldegiko rokodromo berrian. Hilaren 26an bertsoari ere tartea egin eta Maddi Aiestaran, German Urteaga, Aitor Sarriegi, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Jone Uria ariko dira hitzak josten.

Jazpana musika jaialdiak aurten 10. urteurrena ospatuko du eta egun horretarako “egitarau berezia” antolatu dutela aurreratu du Matarranzek, baina taldeak berak aurkeztuko du urriaren azken asteburuan, 26 eta 27an Beasain musika alternatibo eta kalitatezkoaz biltzen duen ekitaldiaren egitaraua. Hala ere, jakinarazi dutenez, Aitor Etxeberria musikari bilbotarra Bernedoeneko aparkalekuan izango da bere musika ezagutzera ematen.

Argitalpenak ere izango dira: Beasaingo Paperak egitasmoaren barnean, Martin Garciak Beasain, 1920-1970, aro bateko mendi oharrak liburua aurkeztuko du, urriaren 30an edo azaroaren 13an. Bestalde, memoria historikoari buruzko Beasain, 1936-1945 lana ere aurkeztuko da, azaroaren 6an.

Egitarau osoa ikusi nahi duenak beasain.eus webgunera jo dezake edo bestela, dagoeneko etxeetara banatzen ari dira programa osoa, xehetasun guztiekin biltzen dituzten liburuxkatxoak.