Urrian zehar bi asteburutan banatuta ospatzen ziren Baserritarren eguna eta Euskal Herriko Gazta Txapelketa, baina aurten, indarrak batzea erabaki dute eta bi ekitaldiak egun berean jartzea. Hala, igande honetan izango da hitzordu handia.

Baserritarren egunari heldu baino lehen, ordea, beste ekintza bat antolatu dute gaur arratsalderako. 18.00etan, mahai ingurua egingo dute udaletxean, Ardi Latxaren esne ekoizpenaren bilakaera eta ustiategien errentagarritasuna izenburupean. “Ardi Latxaren ekoizpenaren eboluzioa landuko dugu bertan inguratzen direnekin batera. Baserrietan, artegietan... gestionatzen diren datu ekonomikoak ere emango ditugu ezagutzera”, azaldu du Jabier Jauregi, Idiazabalgo lehen sektoreko dinamizatzaileak. Besteak beste, ea esne gehiagok diru gehiago esan nahi duen landuko dute, eta mundu horren bueltan hegan dabiltzan galderei ere erantzuna ematen saiatuko dira. Bi hizlari izango dira gonbidatuak: alde batetik, Confelac-eko Lurdes Mintegik ardi latxaren esne ekoizpenaren bilakaera eta hobekuntza programan izandako aldaketak azalduko ditu, eta bestetik, Lurgintza kooperatibako Arrate Iturbek, EAEko artzantzaren indize tekniko eta ekonomikoen eboluzioa landuko du. Moderatzaile lanak, berriz, Nafarroako Intia elkarteko Jesus Mari Lasartek egingo ditu eta Nafarroako ardi sektoreko hainbat daturen azalpenak emango ditu azken honek.

gazta onena Igande goizean hasiko da festa eta herriko ganaduzale eta baserritarrak haien produktuak erakusteko aukera izango dute. 9.00-etan hasita, animali erakusketa egongo da frontoi zaharrean eta produktu erakusketa eta salmenta ere orduan hasiko dira. Ohiko legez, baserriko lanak egiteko zein tresna erabiltzen dituzten ere erakutsiko dute.

Lehen sektorean lanean dabiltzanen erakusleihoa bihurtuko da Idiazabal. Gainera, Euskal Herriko Gazta Txapelketa ere bertan jokatuko da. “Probintzietan egin diren txapelketetan lehen hamar sailkatuak lehiatuko dira igandean Idiazabalen Euskal Herriko gazta onena zein den jakiteko”, azaldu du Aitor Campion, Artzai Gaztako lehendakariak. Beraz, 40 partaide izango ditu lehiaketak. Adituak izango dira epaimahaikide, baina gerturatzen direnek ere aukeratuko dute zein gazta gustatu zaien gehien. Plaza ondoan jarriko den karpan izango da dastaketa herrikoia eta jendeak gaztak bozkatuko ditu. Eguerdi parterako jakingo da aurtengo Euskal Herriko gazta onenaren saria noren eskuetara joango den.

aldarrikapena Lehen sektorea sufritzen ari da. Gizarteak kontsumitzeko ohiturak aldatu egin ditu eta badirudi, baserritarren lan hori ez dela behar bezala baloratzen. Hori uste du, behintzat, Jauregik: “Hemengo paisaia baserritar eta ganaduzaleek sortzen dute eta gure helburua da horiek guztiek bertatik bizitzeko aukera izatea”. Urtez urte, lekuz leku, dabilen aldarrikapen bat da, baina dinamizatzailearen hitzetan, “pareta bati joka” dabiltza: “Gure inguru eta mendiak ez daude berde euria egiten dutelako, ez. Berde daude bertan lana egiten delako, baina zailtasun handiak ditugu aurrera egiteko, lehen sektorea gizartearazteko”.

Bere ustez, “ez da behar bezala baloratzen” egiten duten lana eta horrexek berak sozialki zein onura ekar-tzen dituen jarri nahi izan du balioan: “Mendi ugari ditugu hemen eta mendizaletasuna ere oso zabalduta dago, baina mendian dagoen ganadurik gabe askoz zailagoa litzakete ditugun mendiak egoera honetan izatea. Guztion ardura da lehen sektorea, baserritar eta ganaduzaleak bultzatzea, onura gizarte osoarena baita”.