Usurbil - Urriaren 20an laugarren urtez ospatuko da Mundualdia jaialdia, Usurbilek pilatzen duen kultura-aniztasuna herriko plazan biltzeko asmoz. Izan ere, jatorri arras ezberdinak dituzten gero eta herritar gehiago bizi dira herrian. Gaur egun, herrialde guztiak kontuan hartuta ia 40 jatorri ezberdin daude.

Festa nagusia urriaren 20an izango bada, ekintza ugari antolatu dituzte Mundualdiaren bueltan. Honela, urriaren 17tik 22ra, Sutegin erakusketa bat egongo da ikusgai Munduko hizkuntza gutxituak etxean. Zer dugu elkarrengandik ikasteko? izenburupean Garabideren eskutik.

Urriaren 17an, hitzaldi bat egongo da Sutegiko erakusaretoan 19.00etan. SOS Arrazakeriak eta Hernaniko Amher elkarteak Gaurko migrazio mugimenduak xenofobia eta elkartasuna solasaldia eskainiko dute.

Urriaren 20an Mundualdiaren festa ospatuko da frontoiaren inguruan. 12.00etan alkateak agurra irakurriko du eta 13.00etan herri ezberdinen jakien dastaketa hasiko da. Arratsaldean, 16.00etan, gaztelekuak haur eta nerabeentzat ginkana bat antolatu du aniztasunaren inguruan. Eguna 19.30ean hasiko den Olana Liss taldearen kontzertuarekin amaituko da.

Azkenik, prestatutako egitarauarekin amaitzeko, urriaren 21ean 18.00etan Sutegin, Bidez Bide elkarteak La mochila invisible dokumentala botako du.

Aste honetako aurkezpenean, Josune Estella zinegotziak nabarmendu zuenez, Mundualdia “herri anitza garela aldarrikatzetik, mundu bat garela” erakusteko balioko du. Izan ere, haren esanetan, kultura aniztasuna, elkar errespetua eta elkar aitortza Usurbilgo ikur bihurtu nahi dituzte. “Ikur ez ezik, gure eguneroko jardun. Aniztasunak aberastasuna baitakar gure herrira; ez, ordea, mehatxua”, esan zuen.

Maria Salsamendiren, Gizarte Politikak eta Aniztasun teknikariaren, “esanetan, immigrazioa ez da fenomeno berria gurean”. Euskal Herrian immigrazioaren tradizioak indar handia izan du, eta, ondorioz, baita Usurbilen ere.