ORIO - Udal gobernuko alderdia den EAJk Baxoalde parke estaliaren eraikuntzarekin hasteko gogo eta asmoak herritarrei helarazi nahi izan dizkie ohar baten bitartez.

Duela zazpi urte, EAJ eta Orainen botoekin, Orioko Udaletxeak jabetzan zituen bi etxe saltzean irabazi horiek Ludoteka eta parke estalia egiteko bideratzea erabaki zen. “Ludoteka 2015ean ireki bazen ere, parke estalia egitea falta da orain”, diote jeltzaleek eta gaineratzen dute ekimen hau “bat datorrela” herritarren eskaerekin, “izan ere jolastoki estali bat izateko hainbat sinadura erregistratu dira udalean”.

Pasa den urtean, “partaidetza ekimen garrantzitsua egin genuen”, dio Udal gobernuak eta “bertatik atera genuen ondorioetako bat parke bat estaltzearena zen, besteak beste”. Aurtengo uztailean, beraz, Baxoaldeko parkea zela egokiena eta ideien lehiaketa bat martxan ipintzea “aho batez onartu zela” diote jeltzaleek. Irailean, Bildu, Orain eta PSOEk ekimenaren aurka bozkatu zuten “diru partidarik ez dagoela argudiatuz”, Udalaren esanetan. Horri erantzunez, EAJk “remanentean 120.000 euro daudela parke estalia egiteko eta lehen fase honetarako 30.000 beharko liratekeela” dio. Horregatik, “aurrera jarraituko dutela” adierazi dute, “herriarentzat mesedegarriak diren ekimenak martxan ipintzea haien ardura” dela esanez. - N.O.