Tolosa - Tolosako Udalak sustatutako Gazte Topaguneak hamaika urte beteko ditu azaroan. Urtemuga berezia ospatzeko, hainbat ekimen antolatu dituzte, azaroko ohiko programazioaz gainera.

Hilabete osoan hainbat ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute 12-17 urte bitarteko nerabeek. Bihar, esaterako, beldurrezko makillajea egingo dute, 17.30etik 19.00etara, eta ostiralean, aldiz, beldurrezko filme proiekzioak iragarri dituzte. Bi txanda izango dira; 16.30etik 18.30era 12-14 urtekoenzat izango dira filmeak, eta ondoren, 19.00etatik 21.00etara, 15-17 urte bitartekoentzat.

Azaroak 16an Zaletu egitasmoko taldearekin afaria izango da eta logoa sortzen hasiko dira (16- 18 urteko nerabeak). Azaroak 24an, berriz, Zaletuko lehenengo esperimentazio gunea egingo dute Zo- zongo! perkusio taldearekin.

Topaguneko urtemugako ekimenei dagokienez, azaroaren 9an, 17.00etan, krepe tailerra izango da eta azaroaren 10an, ping pong tailerra eta merendola. - M.S.S.