arizkun - Heldu den larunbatean, Arizkunen Kirikoketa besta ospatuko da, Jo ala Jo Kultur Taldeak antolatuta. Jada aski errotuta dagoen bestak 19. edizioa beteko du aurten. Urtez urte, garai batean sagardoa nola egiten zen erakusten dute Gamioxarreko dolaretxean. Kirikoketa, Arizkunen jasotako hi-tza da, onomatopeia erritmiko bat, euskal perkusioaren aldaera zaharrenetako bat erakusten duena eta baita desagertua dagoen ofizio bat ere.

Kirikoketa Bestak, lanak eta musikak duten ahaidetasuna erakutsi ezezik, antzinako erregimenaren hondar hatsera irekiko die leihoa larunbatean Arizkunera hurbiltzen direnei. Antzezpen baten bidez, XVIII. mendera gibelat eginen dute larunbatean, herrian barrenako ibilibidearekin hasita, sagarrak eramaten dituzten astoekin batera, musika, erraldoiak eta dantzariek, eta noski, kirikoketariak ere prozesioan joanen dira Gamioxarreko dolaretxeraino.

Bertan izanen da eguneko hitzordu garrantzitsuena, non, garai batean bezala, bi mila kilo sagar baino gehiago joko dituzte kirikoketaren erritmoan; sagarra zanpatu eta dolarean estutu ondotik, lehenbiziko zukua aterako dute, zeina dastatzeko aukera izanen den. Zuku hori kupeletan sartu eta hilabete batzuren buruan sagardo bilakatuko da.

EGITARAUA Egun osorako ekitaldiak prestatu dituzte, eta aurtengoa arras berezia izanen da. Izan ere, Eusko Ikaskuntzaren sorreraren 100. urteurrena da aurten. 1918. urtean, Baztandango mutil-dantzariak Oñatin izan ziren beraien dantza erakustaldia egiten eta mende bat beranduago, Oñatiko Oñatz dantza taldea etorriko da Arizkunera dantzatzera. Gainera, Kataluniatik, Madrildik eta Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritako artistez beteko da Arizkun eta beraz, nazioarteko izaera hartuko du Kirikoketa bestak.

Larunbat goizean, 10.40ean ohiko ibilaldia eginen dute Gamioxarrera. 11.00etatik ai-tzinera sagardogintza erakustaldia eginen dute XVIII. mendeko dolaretxean. Kirikoketa joko dute eta horrez gain, herrian barrena, txalapartaldia, albokariak, Baztango gaitariak eta kankailuak, mural margoketa eta artisau azoka ere izanen dira.

14.30ean bazkari herrikoia eginen dute. Bazkariko txartelak Zubipunta, Etxeberria, Taska eta Intza tabernetan salgai daude 18 euroren truke, eta 667 050 264 zenbakira whatsapp bat idatziz ere erreserba daitezke, baina larunbatean 12.00ak baino lehen hartu beharko dira Gamioxarreko barran, bertzenaz, erreserba galduko da eta txartel horiek salgai jarriko dira. Arratsalde eta arratsean bestak segida izanen du, 18.00etan kalejira egin ondotik, plazako aitaldia Oñatiko Oñatz dantza taldearen emanaldiaz gozatzek oaukera izanen da eta 21.00etan parti aparta, gaupasa hasiko da. Bertan, Andrelina Jolin, INTRO Txalaparta, Julivert, Makulu Ken Tirry& Tery eta Reimy disko jartzaileek parte hartuko dute. Dolarean bokatak izanen dira. Jendetza bilduko da bertze behin ere, 60 boluntario baino gehiagok lan eginen dute tradizioa, kultura, lana eta besta uztartuko dituen Kirikoketa bestaz gozatzera.