ordizia - Etxeetako irisgarritasun arazoak konpontzeko aurreikusitako obra eta jarduketak egiteko dirulaguntzak emateko eskaera-deialdia zabaldu berri du Ordiziako Udalak. 2018ko aurrekontu partidan, guztira, 11.000 euroko kopurua aurreikusi da eta horixe da lan horietara bideratuko dena.

Itzuli beharrik gabeko zuzeneko diru-laguntza bat da eta helburu horrekin, Udal aurrekontuan jasotako kopuru gehiengoa eraikin bakoitzeko etxebizitza-kopuruarekiko proportzionalki banatuko dela, jakinarazi dute, betiere baldintzak betetzen dituzten eskaera guztien artean banatuko da diru kopurua.

Nahiz eta laguntzak orain emango diren, 2017. urtean zehar beharrezko baimenarekin egindako irisgarritasun obrei bideratuko zaie diru kantitatea, betiere justifikatzen bada 2018ko ekainaren 30 baino lehen amaitu direla lan horiek.

Eskaerak Ordiziako Udaleko erregistro orokorrean, Arreta bulegoan, aurkeztu behar dira azaroaren 30 baino lehen eta dokumentazio hau eraman behar da: eskabide-orri normalizatua behar bezala beteta, deialdia arautzen duten baldintza guztiak onartzen direla adierazita, eta diru-laguntza jasoko duten obrak egingo diren eraikinak zenbat etxebizitza dituen jarrita. Horrez gain, ez gaitasunaren bat duen edo 65 urtetik gorako pertsonaren edo pertsonen okupazioa justifikatu beharko da eta obra bukaerako ziurtagiria ere bai, dagokion teknikariak sinatuta. Obra bukaerako likidazioa, edo dagozkion fakturak eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak egindako baimen-boletina ere bai. Eskatzailearen edo jabekideen erkidegoaren, eskatzailea berau denean, IFZ/IFKren fotokopia ere entregatu behar da. - M.A.