Oiartzun - Elizalde eskolan 50/50 programa martxan jarri da, energia eta baliabideak (elektrizitatea, gasa eta ura) aurrezteko. Oiartzungo udal teknikariek; Elizalde Herri Eskolako eta Institutuko ikasle, irakasle eta guraso ordezkariek; atezainak eta zerbitzuetako langileek osatutako Energiaren Mahaia sortu da, Angel Casas Ruiz Ecooolocaleko kideak dinamizatuko duena.

Udalak eskolako egoeraren diagnostikoa egin du eta mahai honek energia eta baliabideak aurrezteko neurriak proposatuko ditu. Lehengo astean burutu zuen Energiaren Mahaiak lehendabiziko bilera eta ikasturtean zehar, hilean behin bilduko da.

Ikastetxeak dira gure herrietan energia gehien kontsumitzen duten eraikinak. Egitasmoaren helburua, eskolako baliabide energetikoak %25 eta %30 arte aurreztea da. Ikasturte honetan hasiko dira aurrezteko neurriak hartzen Elizalden. - A.M.